Síguenos en redes sociales:

Martxan da Blas de Otero-Ángela Figuera poesia sariaren 19. edizioa

Originalak jasotzeko epea maiatzaren 30era arte egongo da zabalik

Martxan da Blas de Otero-Ángela Figuera poesia sariaren 19. edizioaB. U.

Igande honetan, martxoaren 15ean, ireki egin da Blas de Otero-Ángela Figuera poesia lehiaketaren edizio berri bat, hemeretzigarrena izango dena. Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 30era arte izango dute epea zabalik. Urtero bezala, Bilboko Udalak eta Blas de Otero Fundazioak antolatzen dute.

Lehiaketan parte hartu nahi duten egileek euskaraz eta gaztelaniaz bidali ahal izango dituzte poema-liburuak eta bakoitzak 5.500 euroko saria jasoko du, argitalpenaz gain. PDF formatuan aurkeztu beharko dira eta gutxienez 500 bertso eta gehienez 850 izango dira. Gainera, gaia, errima eta obren neurria libreak dira.

Blas de Otero – Ángela Figuera Poesia Sarian parte har dezakete 18 urtetik gorako edozein herritartasun edo bizilekutako egileek. Aurkezten diren poema-liburuek lan originalak eta argitaragabeak izan behar dute nahitaez, aurretik saririk jaso ez dutenak. Ez dira jatorrizkotzat hartuko aukeratutako modalitateaz bestelako hizkuntzetatik itzulitako lanak.

Aurreko edizioan 1.000 lan baino gehiago jaso ziren. Gaztelaniazko modalitateko irabazlea Josefina Aguilar Recuenco kordobarra izan zen, "Sólo soy quien nada" lanagatik. Euskaraz Jon lturregi Martinek irabazi zuen "Oroiminaren hirietan aldaroka" lanagatik.

Sari honen deialdia Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoak biltzen duen sorkuntza literarioa bultzatzeko ildo estrategikoaren barruan kokatzen da.

Blas de Otero gogoratzeko errezitaldia

Poesia Sariaren deialdia martxoaren 15ean oroitzen den Blas de Otero Egunearekin bat dator. Bilboko Udalak, martxoaren 22ra arte ospatzen den BilbaoPoesía jaialdiaren bidez, haren figura eta obra gogora ekarri nahi ditu, Charo López aktoreak bere poemak irakurriz. “Pido la paz y la palabra” izeneko errezitaldian, Luis Santana baritonoa eta Víctor Carbajo piano-jotzailea izango ditu lagun eszenatokian. Publikoarekin izango den topaketa honetan, Bilboko idazle ospetsuaren obraren ibilbide emozional bat eskainiko dute, justiziaren, askatasunaren eta itxaropenaren bilaketak markatua.

Hitzordua gaur arratsaldean izango da, 19:00etan, Bidebarrietako Liburutegian, 5 euroko prezioarekin. Sarrerak Bilbao Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.