San Frantzisko kaleko 10. zenbakian dagoen lokala artisau-jardueretara zuzenduta egongo den Bilboko Udalaren hiriko lehen merkataritza-inkubagailua jasoko du. Lokal hori Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin egokitu eta birgaitu du Udalak.
Bilboko merkataritza-inkubagailuen proiektuak, 'Bilerazi' izenekoak, ekintzaileei aldi baterako leku komun bat eskaintzea du helburu, enpresa-ekimenak abian jartzen laguntzeko. Horrela, Bilboko Udalak ekintzaileei laguntzen die, lokalak alokatzearen eta erabiltzearen ondoriozko gastuak bere gain hartuz.
Lokala
Lehen inkubagailuaren lokala kalean bertan dago (sarrera nagusia San Frantzisko kaletik du, baina bigarren sarbide bat Aretxaga kaleko 8. zenbakitik). Merkataritza-ordutegian egongo da irekita, eta hala, artisautzako hiru negoziok elkar osatu ahal izango dute, eta sinergiak sortu, txandaka. Lokala sei hilabetez eta gehienez zortzi hilabetez erabil daiteke. Tarte horretan artisauek beren negozioen egokitasuna probatu ahal izango dute, eta merkatuaren beharrei ingurune erreal batean erantzuten dieten ikusi.
Gaurtik aurrera zabalik dago artisau-erakundeentzako gune partekatuan sartzeko eskabide telematikoak aurkezteko epea. Horretarako, helbide honetara idatzi behar da: comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus. Jasotako eskabideak aurkezpen-ordenaren arabera baloratu eta ebaluatuko ditu Bilbao Ekintzako talde teknikoak. Deialdia 2027ko abenduaren 30era arte egongo da indarrean.
Baldintzak
Lokaleko hiru postuetako bat lortu ahal izateko, beharrezkoa izango da mikroenpresa bat izatea eta negozio-plana egiteko aholkularitza jaso izana Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez, edo bertako teknikarien oniritzia, aholkularitza hori beste erakunde batek egin badu.
'Bilerazi' programak merkataritza txikiaren lehiakortasuna hobetzen eta, aldi berean, hiriko lokal hutsak aktibatzen laguntzen du, merkataritza arloko ekintzailetza eta erabilerarik gabeko lokalen optimizazioa integratuz. Lehenengoa abian jarri ondoren, datozen asteetan Bilboko beste lokal batzuetan kokatutako merkataritza-inkubaziorako gune berriak aurkeztuko dira, hirian merkataritza suspertzea eta saltoki berrien irekiera sustatzeko.