Begoñako eta Santutxuko udaltegiak izango dira 'Bidaiarien Txokoa-Rincón de la gente viajera' programaren egoitza berriak. Bilboko Udalak antolatutako programa honek edizio berri bat ospatuko du martxoaren 18tik 27ra bitartean. Aurrekoetan bezala, bidaiariek euren esperientziak jendeari hurbiltzeko aukera izango dute.
2026ko proposamenak hainbat jarduera mota barne hartzen ditu, baina horietako nagusia esperientzia bidaiarien aurkezpena da, euskaraz zein gaztelaniaz, ikus-entzunezko materialarekin batera. Jarduerak sarrera librekoak dira edukiera bete arte, Begoñako Udaltegiko liburutegiak dituen bi jarduerak izan ezik, horietarako aldez aurretik izena eman behar baita.
Proiekzioak
Iaz ospatutako Mendi Film Festivaletik pasa diren proiekzio onenen aukeraketa bat ere eskainiko da, besteak beste, 'Izarren zaunka', Euskarazko Film Onenaren EITB Saria, eta 'Cantos y flores' BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 2025eko Kirol eta Abentura Film Onena, hurrenez hurren.
Begoñako Udaltegian ‘Bidaiaren Txokoa-Rincón de la gente viajera’ programaren erakusketak izango dira ikusgai. Lehenengoa 'Vida silvestre/Basa Bizitza' izeneko argazki-erakusketa da eta bigarrena 'Marraztutako bidaiak. Koaderno ilustratua: bidaia kontatzeko modu artistikoa'.
Ingelesezko jarduera
Horrez gain, 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzako ingelesezko ipuin kontaketa saio bat izango da, British Councilekin elkarlanean antolatua, eta Maria Teresa Lonetti kantautorearen kontzertu bat, Italiako Calabriara eramango gaituena.
Programatutako jarduera guztiek bat egiten dute programa honen ikuspegi komunarekin: beste errealitate eta kultura batzuetara hurbiltzea, ulermen- eta errespetu-balioak sustatzeko.