Asteazken honetan goizean, martxoaren 4an, 2026ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdi berri bat deituko duela iragarri du Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzeren sailak kudeatutako Surbisak. Laguntza horiek eraikinak, etxebizitzak eta lokalak birgaitzeko izango dira, eta hiriko eremu babestuei zein hiri osoari zuzenduta daude.
Aurten, Surbisak hainbat laguntza-lerro aktibatu ditu hiri osoan: 800.000 euro igogailuak jartzeko eta arkitektura-oztopoak kentzeko; 350.000 euro "Lerro Berderako", hau da, energia-birgaikuntzako; 160.000 euro egiturazko konponketetarako eta 300.000 euro adineko pertsonen etxebizitzetan irisgarritasuna hobetzeko. Horiek guztiek 1.610.000 euro egiten dute eta horiei 1.920.000 euro gehitu behar zaizkie babestutzat jotako eremuetako jarduketetarako. Eremu horien barruan daude Uretamendi-Betolatza, Uribarri, Zazpikaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbide Auzoa, Irala eta Zazpilanda eta, aurten, lehen aldiz, Iturrigorri-Peñascal auzoa.
Aurrekontua
Eraikinak birgaituz hiria berroneratzeko 2026ko guztizko aurrekontua 3.540.000 eurokoa da, hau da, iaz baino % 17 gehiago. Jon Bilbao Hiria Berroneratzearen Saileko zinegotzi eta Surbisako presidentearen hitzetan, "aurrekontua handitu egin dugu iazkoarekin alderatuta, hiriko eraikinetan eraikinen birgaikuntza, irisgarritasuna eta energia-efizientzia bultzatzen jarraitzeko".
Era berean, laguntza horiek inbertsio-eragile gisa duten garrantzia azpimarratu du, eta nabarmendu duenez, "2025ean 22 milioi euro inguru mobilizatzea lortu genuen Bilboko eraikin eta etxebizitzak birgaitzeko obretan, eta horrek udal-laguntza horien eragin biderkatzailea erakusten du".
2025ean, ia 3.246 familiek jaso zuten laguntza, eta laguntza horiei esker energia-hobekuntzako, irisgarritasuneko eta egiturazko konponketetako jarduketak egin ahal izan ziren hiri osoko bizitegi-eraikinetan, eta bestelako esku-hartzeak ere bai Surbisak kudeatutako birgaitze babestuko eremuetan.
Surbisak 1990etik kudeatzen ditu Bilboko eraikinak, etxebizitzak eta lokalak birgaitzeko dirulaguntzak. Laguntza horiek osagarriak eta bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzekin, eta aldi berean izapidetu daitezke, leihatila bakarrean.
Laguntza-programak
2026. urtean, Surbisak laguntza-programak bultzatzen jarraituko du lehentasunezko eremuetan, hainbat lerrotan: jabeen erkidegoei laguntzea, jarduketak onesteko (0. lerroa); zaurgarritasun-egoeran dauden familien etxebizitzetan konponketa txikiak lehenbailehen egitea (1. lerroa); eraikinen segurtasuna eta egonkortasuna lortzeko obrak, diru-sarreren arabera (2. lerroa); irisgarritasun-baldintzak hobetzea eta igogailuak instalatzea (3. lerroa); elementu historikoen kontserbazioa, birgaitze energetikoa eta amiantoa kentzea (4. lerroa); merkataritza-lokalen hobekuntza (5 lerroa); gizarte-kohesioa, kolektibo kalteberentzako kostuaren % 100era arte estaltzeko aukerarekin (6 lerroa); eta espazio degradatuak birnaturalizatzea (7 lerroa). Beste laguntza berezi batzuk ere badaude, esaterako, tranbiaren trazadurak eragindako aldamioak jartzeko laguntzak, termiten aurkako tratamenduetarako laguntzak eta larrialdiko esku-hartzeetarako laguntzak.
Gainera, Hiri Berroneratzearen Sailak hiri osorako laguntzak eskaintzen ditu, hiru programa hauetan zentratuta: "Lerro berdea" (energia-eraginkortasuna), "Oztopo arkitektonikoak kentzea" (irisgarritasuna eta igogailuak) eta "Egiturazko konponketak". Zinegotziak programa horien beharra azpimarratu du, honako hau gogoraraziz: «hiriko bizitegi-eraikinen % 38k ez du igogailurik; etxebizitzen % 81 1980a baino lehen eraiki zen, eta etxebizitza horiek ez dituzte energia-efizientziako baldintza egokiak; eta 2026an, 1.073 eraikinek egin behar dute EITa, eta horietan baliteke egiturazko arazoak hautematea». Laguntzon helburua da "gabeziak kalitate- eta erosotasun-estandar hobeetara egokitzea da".
Nola eskatu laguntzak
Laguntza horiek Surbisan eska daitezke, hitzordurik gabe, eta laguntzak obrak hasi aurretik ematen dira lehentasunezko eremuetan daudenean eta obrak egin eta gero hiriaren gainerakoan daudenean, eta amaitu eta berehala ordaintzen dira. Gune babestuei, dokumentazioari eta baldintzei buruzko informazio guztia webgunean kontsulta daiteke.
Hiri Berroneratzearen Sailak osotasunezko esku-hartzea sustatzen du; hau da, hiri-, gizarte- eta ingurumen-gaiei erantzuten dien esku-hartzea. Surbisa, bestalde, udal-sozietatea da, eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Ondare eraiki segurua, irisgarria eta efizientea izateko eta kalitatezko etxebizitzak eskaini ahal izateko lan egiten du, hartara, bizi-kalitatea eta jarduera ekonomikoa hobetzen lagunduz.