Datorren astelehenean, otsailaren 9an, David Uclés idazlea Bidebarrieta Kulturgunean izango da 'La ciudad de las luces muertas' izeneko bere liburu berria aurkezten. Gonbidapenak dagoeneko agortu egin dira, baina streaming bidez jarraitu ahal izango da.
'La ciudad de las luces muertas' gerraosteko Bartzelonan garatzen da, Carmen Laforet gazteak eragindako itzalaldi misteriotsu baten ondorengo erabateko iluntasunean. Garai ezberdinetako idazle eta artistak hiriari argia itzultzen saiatuko dira, errealitatea eta fikzioa nahastuz eta Bartzelona literarioari omenaldia eginez. Gertaera horren ondorioz, idazle eta artista batzuk bizitzara itzuli eta topaketa gertagaitzetan gurutzatuko dira. Era horretan, Picassok negar eginaraziko dio Simone Weili, eta Cortazarrek Laforet erretratatuko du; Gaudik oinezkoak bernizatuko ditu; Bolañok, berriz, aurrea hartuko dio heriotzari; Garcia Marquezek txalupa batean ihes egingo du, eta George Orwellek Montserrat Caballé, Nuria Espert eta Jordi Savall babestuko ditu gerrako proiektiletatik. Nobelaren ideia da sorkuntza artistikoa gizartearen kontzientzia sakona dela, eta arteak soilik itzul diezaieketela arrazoiaren argia galbidearen eta hondamendiaren itzalei.
David Uclés, idazlea izateaz gain, musikaria, marrazkilaria eta itzultzailea ere bada. Hizkuntza-ikasketak egin zituen, eta gaztelania, alemana eta ingeleseko irakaslea izan zen Alemanian, Frantzian eta Suitzan. Ingalaterran ere bizi izan zen, eta hainbat urte eman zituen Galizia, Euskadi eta Katalunia artean, egun Madrilen bizi den arren. Orain arte, lau eleberri idatzi ditu: 'El llanto del león' (2019), 'Emilio y Octubre' (2020), 'La península de las casas vacías' (2024) eta 'La ciudad de las luces muertas', 2026ko Nadal Saria jaso duena. Aurreko lanak sari ugari jaso zituen; tartean, Kritikaren 2025eko Andaluzia Saria, Dulce Chacon 2025 Saria, Letren 2025eko Andaluzia Saria, Urteko Liburu Onenaren Cálamo Saria edo Eleberri Historiko Onenarentzako Gijóngo Aste Beltzeko Espartaco Saria. Horrez gain, urteko bigarren liburu onena gisa aukeratu zuen Babeliako urteko zerrendako epaimahaiak (2024). Uclesek, halaber, hainbat komunikabidetan kolaboratzen du.