Bilboko Udal Txistulari Bandak 2026 urteko lehenengo kontzertua eskainiko du Euskalduna Jauregian, 'Kantaldia' izeneko emanaldia. Ekitaldia datorren asteazkenean izango da, urtarrilaren 21ean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Bertan publikoak abestu eta gozatzeko moduko kontzertu parte-hartzailea izango da, euskal errepertorioko abestien hautaketa zabal baten bidez, betiko doinuak eta izaera garaikideagoa dutenak uztartuz.
Oraingo honetan, boskotearekin batera Eider Zenarruzabeitia abeslari eta pedagogoak parte hartuko du. Bere ahots bero eta hurbilak ikus-entzuleak gidatuko ditu musika-ibilbide zirraragarri honetan. Agertokian harekin batera izango dira Bandaren ohiko kolaboratzaileak: Iñar Sastre teklatuan eta Amaiur Cajaraville baxuan. Haien ekarpenari esker, emanaldiak soinu moderno eta inguratzailea izango du.
Kantaldia musikaz zuzenean gozatzeko aukera paregabea da, parte-hartzetik bertatik bizitzeko. Giro atseginean egiten da, eta herriaren oroimen emozionala jasotzen duen errepertorioa du. “Lau teilatu”, “Euskal Herrian euskaraz”, “Txantxibiri”, “Negua joan da ta” edo “Abuela Maitea” bezalako abestiak, beste askoren artean, egitarauaren parte izango dira. Ikuskizun hau Bilboko Udal Txistulari Bandaren 2025-2026 denboraldiko hitzordu berezienetako bat izango da.
Bandaren hurrengo hitzordua 'Inauteri Soinuetan' kontzertua izango da, otsailaren 10ean, 19:00etan, Euskalduna Jauregiko Atrioan (II.Atarian). Emanaldi honetan inauteriek hartuko dute protagonismoa, eta Beti Jai Alai dantza taldearen lankidetza izango du. Proposamenak garai eta leku desberdinetako jai giroetan barrena ibilbide musikala eskainiko du.
Bilboko Udal Txistulari Banda
Gaur egun hauek dira Bilboko Udal Txistularien Bandako partaideak: Gorka Zabaleta (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Peio Irigoien, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte. Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; “Gogoeta” Xabier Zabalarekin eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.