Aurreko edizioak izandako harrera ona kontuan izanda, martxan da jada ikastetxe publikoetako eskola-giroa hobetzeko helburua duen 'Elkarrekin Bidean. Bizikidetza landuz' programaren bigarren edizioa. Ekimen hau Bilboko Udaleko Hezkuntza sailak abiarazi du, eta tailerrak apirilera arte garatuko dira, hau da, ia ikasturte amaierara arte.
Oraingo honetan, programa Gabriel Aresti HLHI, Miribilla Eskola, CEIP Ingeniero José Orbegozo eta CEIP Otxarkoaga LHLI ikastetxeetan garatuko da; 575 ikasle, horien familiak, Haur Hezkuntzako irakasleak eta Lehen Hezkuntzako ziklo osoa barne hartuz. Programak 126 prestakuntza-ordu izango ditu guztira, eta gatazkak modu baketsuan konpontzeko eta talde-kohesioa indartzeko komunikazio- eta bitartekaritza-tresnak emateko diseinatu da.
Eider Bilbao Bilboko Udaleko Hezkuntza Arloko zinegotzi delegatuak adierazi duenez, "programa honek hezkuntza-komunitatearen behar bati erantzuten dio: ikastetxeetako bizikidetza hobetzea. Bizikidetza positiboa funtsezkoa da ikasleen garapen pertsonalerako eta hezitzailerako; hortaz, horrelako ekimenak lehentasunezkoak dira".
Antzeman diren arazoak eta programaren helburuak
'Elkarrekin Bidean' programa Estatuan haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen den eskola-jazarpenari eta ziberjazarpenari buruzko azterlanetik abiatzen da. Ikerketa hori ColaCao Fundazioak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak egin dute, eta, horren arabera, ikasleen % 19,2k aitortu du ikasleen arteko tratu txarreko egoeraren bat jasan duela, eskola-jazarpena eragin dezakeena. Lau egoera ohikoenak hitzezko eta harremanezko erasoak dira, hala nola ezizenez deitzea edo barre egitea, gezurrak kontatzea besteek arbuia dezaten, itxura fisikoaz gaizki hitz egitea gaizki sentiarazteko edo nahita ez ikusiarena egitea, taldetik kanpo utziz.
ColaCao Fundazioaren makroikerketa baten arabera, biktimen prebalentzia orokorra % 6,2koa da eta jazarleak % 2,1ekoa. Horrek esan nahi du, batez beste, bullyingaren biktima bat dagoela ikasgela bakoitzeko, eta jazarle bat bi ikasgelatik behin. Eraso gehienak jolastokian gertatzen dira (% 57,8), eta aldeak daude lehen hezkuntzaren (% 69,6) eta bigarren hezkuntzaren (% 48.8) artean. Ikasgela da eszenatoki ohikoena, batez ere bigarren hezkuntzan: irakaslerik ez badago, % 34,9 lehen hezkuntzan eta % 48,9 bigarren hezkuntzan; eta, horien presentziarekin, % 17,6 eta % 35,7, hurrenez hurren. Ondoren gimnasioa edo gorputz-hezkuntzako klasea (% 24,8 lehen hezkuntzan eta % 20,9 bigarren hezkuntzan) eta korridoreak (% 16,6 eta % 30,6, hurrenez hurren) daude hirugarren postuan, eta bien artean alde handiak daude. Gero jantokia (% 27,3 eta % 8,6) eta eskolaz kanpoko jarduerak daude (% 13,2 eta % 8,7), eta, azkenik, komunak daude, larritasun bereziko jazarpen-egoera baitira: % 12,3 lehen hezkuntzan eta % 10,4 bigarren hezkuntzan.
'Elkarrekin Bidean' programaren helburuen artean bizikidetza hobetzea eta eskola-giro positiboa sustatzea daude, bai eta bizikidetza eraikitzeko eta hobetzeko prozesuan ikasleen autonomia eta zeregin aktiboa bultzatzea, eta ikasleen talde-kohesioa indartzea eta abusu-egoerei aurre egiteko laguntza-sare bat sortzea ere.
Programaren metodologia eta egitura
Programa hainbat dinamika eta jokotan egituratzen da, hartzaile guztien parte-hartze aktiboa bilatzen dutenak eta begirada apreziatibo eta sistemiko baten pean.
Hainbat tailer eskainiko zaizkie ikasleei, komunikazio atsegina, gatazken kudeaketa positiboa eta bitartekaritza lantzeko, berdinen arteko eztabaidak konpontzeko autokudeaketarako, autonomiarako eta erantzukizunerako tresna gisa. Lehen tailerrean, ikasleen artean hitz egiteko modua landuko da; bigarrenean, gatazkak aukera gisa landuko dira, eta hirugarrenean, berriz, akordioaren eta bitartekaritzaren kultura. Gainera, familientzako 2 gune jarriko dira eta zentroko taldeei tutoretza-baliabideak emango zaizkie programari jarraipena emateko.
"Funtsezkoa da familiak eta irakasleak ere prozesu horretan parte hartzea, bizikidetza positiboa ez baita ikasleen erantzukizuna soilik", nabarmendu du Eider Bilbaok, eta gaineratu du "arloak bizikidetza positiboa sustatzeko duen konpromisoa argia" dela. “Osoko bilkuran erabaki genuen Gobernu Taldeari eskatzea, dauden partaidetza-organoen bitartez, jolastokietan eta eskola-inguruneetan esku hartzeko proposamen bat egin dezala, bizikidetza positiboa erraztuko duten inklusio- eta ongizate-gune gisa ".