Berrikuntza ugari izango ditu aurten #BilbaoGabonak udal-programaren egitarauak. Astelehen honetan goizean, azaroaren 24an, aurkeztu dute Gabonak hiriko txoko guztietara eramateko eta Gabon inklusiboak eta bereziak lortzeko helburua duen programaren edizio berria.
#BilbaoGabonak udal-apustu estrategikoa da. Bilbotarrentzat eta bisitatzen gaituztenentzat hiria edertzeaz gain, jarduera ekonomikoa bultzatzen du, tokiko merkataritzan erosketak sustatuta, hiriko bizitzan eta Gabonetako esperientzian funtsezkoak baitira.
#BilbaoGabonak ekimenaren egunik seinalatu eta desiratuenetako bat Gabonei hasiera ematen dien pizte tradizionala da: aurten azaroaren 26an izango da, asteazkena, Casilda Iturrizar parkean, argi- eta musika-tunel handiaren ondoan. Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak sakagailuari eragingo dio 20:00etan. Une horretan, besteak beste, honako leku hauek argiztatuko dira: parkeko tunela, Moyuako zuhaitz handia, Areatzako baso sorgindua, Udaletxeko eraikin nagusia, Alde Zaharreko eta Kale Nagusiko argiak, eta hiribilduko auzo guztietan banatutako 1.500.000 led argi baino gehiago.
Gabonetako protagonistak
Hilabete eskas barru, Olentzerok, Mari Domingik eta Errege Magoek magia eta ilusioa ekarriko dituzte berriz ere Bilboko kaleetara, abenduaren 23ko eta urtarrilaren 5eko arratsaldeetan, hurrenez hurren.
Olentzerorekin eta Mari Domingirekin hitzordua Gabon gauaren bezperan izango da, abenduaren 23an, asteartean, 17:30etik aurrera iritsiko baitira, Kalejira magikoarekin, Moyua plazatik Arriaga plazaraino. Galtzagorri Nagusia buru duen Galtzagorri-kuadrilla alaia ere ez da faltako, eta Bizkaiko hiriburura bisita egingo duten beste pertsonaia batzuk ere izango dira.
Lehendabizi, Carlton Hoteletik jendea agurtuko dute eta bukatzeko, Arriaga plazan musika-ikuskizuna egongo da. Gau horretan Antzokian atseden hartu eta indarberritu ondoren, asteazken goizean, hilak 24, haurrei harrera egingo diete. Harrera horretarako, ezinbestekoa izango da txartelak online erreserbatzea, abenduaren 22tik aurrera.
Urtarrilaren 5ean Meltxor, Gaspar eta Baltasar ekialdeko Errege Magoen txanda izango da. Goizean, Udaletxean egingo diete harrera haurrei, eta horretarako, Olentzerorekin bezala, txartelak online erreserbatu beharko dira, abenduaren 30etik aurrera.
Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, eta argiz, soinuz eta kolorez betetako karrozetan, Kale Nagusia zeharkatuko dute, Udaletxera iritsiko den desfile batean. Egun horretan hiribildura hurbilduko diren milaka pertsonak agurtuko dituzte udaletxeko balkoitik.
Pista eta txirrista dagoeneko irekita eta nobedadeekin
Gabonetan Hiribilduan gehien esperotako atrakzioetako bi dira, eta Erripako kaian eta Areatzako kaian izango dira. Azaroaren 21etik aurrera irekiko dituzte eta 2026ko urtarrilaren 6ra arte egongo dira martxan, adin guztietarako esperientzia paregabea eskainita.
Izotz-pista ekologikoak 800 m²-ko azalera izango du, % 60 baino gehiago estalita, eta beste behin ere Bilboko Areatzako kaian gabonetako aisialdiaren erdigunetako bat izango da. Irekiera-ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostegunera 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo da zabalik. Ostiral, larunbat, igande, jai-egun eta eskola-oporretan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Egun berezietan, abenduaren 24an eta 31n, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik; eta abenduaren 25ean eta 2026ko urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara. Izotz-pistara 3 urtetik gorako umeak sartu ahal izango dira, eta 3 eta 7 urte bitarteko umeak nahitaez heldu batek lagunduta sartu beharko dira, heldu horrek ere sarrera erosi beharko du.
Izotz-pistaren prezioei dagokienez, sarrera orokorra 4 eurokoa da eta 30 minutuz patinatzeko aukera eta irristailuak barne hartzen ditu. Sarrera murriztua familia ugariei, desgaitasuna duten pertsonei eta hogei pertsona edo gehiagoko taldeei zuzenduta dago, 3 euroko prezioa dauka eta 30 minutuz patinatzeko aukera eta irristailuak barne hartzen ditu.
Sei irrista-lerroko izotz sintetikozko txirrista Erripako kaian egongo da eta patinaje-pistaren ordutegi bera izango du. Astelehenetik ostegunera bitarteko eskola-egunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era egongo da zabalik. Ostiral, larunbat, igande, jaiegun eta eskola-oporretan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Salbuespen gisa, abenduaren 24an eta 31n txirrista 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik eta 2025eko abenduaren 25ean eta 2026ko urtarrilaren 1ean 17:00etatik 21:00etara.
Txirristarako sarrera orokorrek pertsonako 3 euroko prezioa dute eta lau aldiz irristatzeko aukera ematen dute. Hogei pertsona edo gehiagoko taldeen kasuan, pertsonako prezioa 2,5 eurokoa da, eta lau aldiz irristatzeko aukera ematen dute. Jardueran 2 urtetik gorako umeek egin ahal izango dute, eta 2 eta 3 urte bitarteko umeak nahitaez heldu batek lagunduta sartu beharko dira. 2 eta 3 urteko haurrak doan sar daitezke, betiere sarrera erosi beharko duen heldu batek lagunduta badaude.
Bi atrakzioetarako sarrerak salgai egongo dira Areatzako kaian kokatutako leihatilan (atrakzioa itxi baino ordu erdi lehenagora arte) edo aldez aurretik webgune ofizialean, eta azaroaren 14tik aurrera egongo da erabilgarri. Bi atrakzioetarako sarrerekin lotutako edozein zalantza izanez gero, honako helbide elektroniko honen bidez emango da arreta: reservasgabonak@proasur.com.
Hogei pertsona edo gehiagoko taldeek erreserbak egiteko edo zalantzak argitzeko ere reservasgabonak@proasur.com helbidera idatz edo 663 566 898 zenbakira dei dezakete, astelehenetik ostiralera bitarteko lanegunetan 10:00etatik 14:00etara.
Bilbo bisitatzen dutenentzako eta hiriko biztanle guztientzako gabonetako jarduera horiek esperientzia irisgarriak eta inklusiboak izan daitezen, aurtengo edizioan, berrikuntza gisa, txartel berezi inklusiboak sartu dira, premia bereziak dituzten pertsonen elkarteei eta kolektiboei zuzenduta. Talde bakoitzaren berezitasunei egokitutako baldintzetan izotz-pistaz eta txirristaz gozatzeko aukera eskainiko dute txartelek. Horretarako, beharrezkoa izatekotan, ordu-tarte bereziak gordeko dira hala nahi duten elkarteentzat, eta elementuak egokitu ahal izango dira, hala nola musika edo pertsona-kopurua mugatzea, inguru irisgarriagoa bermatzeko.
Halaber, aipatutako txartel bereziak eskatzen dituzten kolektiboek zein jardueretan gainontzeko erabiltzaileekin batera parte hartzea nahiago dutenek monitoreen laguntza eta babesa eskatu ahal izango dute aldez aurretik, bereziki laguntza fisikoa edo zaintza gehigarria behar duten kasuetan. Txartel inklusiboen erreserbak kudeatzeko, nahitaez aldez aurretik zehaztu beharra dago honako helbide elektroniko honetara idatzita: reservasgabonak@proasur.com.
Aurten, egun jakin batzuetan, nobedade bat izango da: patinaje-pistako gaueko paseak. 21:00etatik 22:30era, pista eraldatu egingo da, gaur egungo musika eta kantekin eta edukiera murriztuarekin, erosotasun handiagoa eta mugitzeko askatasun handiagoa izateko. Batez ere gazteei zuzendutako ekimen hau abenduaren 6an, larunbata, jarriko da martxan eta laster egun gehiago zehaztuko dira.
Areatzako kaian, abenduaren 12tik urtarrilaren 5era bitartean, Gabonart Bilboko Artisautza Azoka ere egongo da, urtero bezala.
Gabonetako merkatuko egitarau berezia Casilda Iturrizar parkean
Aurtengo Gabonetan, Casilda Iturrizar parkean kokatuko da Bilboko Gabonetako Merkatua, argi- eta soinu-tunel arrakastatsuaren inguruan. Merkatuak 35 etxola ditu aurten, iaz baino 9 etxola gehiago.
Aurten, saltoki hauek izango dute tematizatutako zurezko etxoletako bat: Basalar, Princess Courts, Enara Artesanía, Kiliken, Insphyria, Bilbo Dulce Salado, Kaoticat, Mendimarket Gourmet, Accesorios Oli, La Tallerteka, Vintique, Kai denda, Delitxia, Bindi Bisutería, El Gallo de Oro, Cookies & Bites, Bazar Rif, Nahiarte, Arce Bilbao, Lakarola Kintana, Fefa, Karola Kosmetika Naturala, Flores para Venus, Txikito, Ker Fatou, Polvorones Solokoetxe, Castroflor, Bella de Triana, Alimentación Iraiza Productos Delicatessen, Tu Bola de Navidad, Pabús Bijoux, Nyumbani World, Ositos con Alcohol, Andrea Nieto Jewels eta N de Noa, Ibilaldia 2026 etxolaz gain. Azaroaren 27an hasiko dira 35 etxolak muntatzen.
Gabonetako Merkatua 2025eko abenduaren 5etik 21era egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 22:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara. Abenduaren 22tik aurrera, egunero egongo da zabalik 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 22:00etara, abenduaren 24an eta 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, egun horietan 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 19:00etara egongo baita zabalik. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean merkatua itxita egongo da.
Gabonetako Merkatuak jarduera osagarri iraunkorrak eta egutegi berezia izango ditu aurten, eta, horri esker, ezinbesteko geldialdia izango da Gabonetan. Casilda Iturrizar parkea pertsonaia mitologikoekin, ipurtargiekin eta galtzagorriekin bizituko da. Pertsonaia horiek Gabonetako ilusioa pizteko iritsiko dira, Baso Magiko baten itxura hartuta. Bisitariek Gabonetako Merkatuan dauden saltokietako produktuak eta zerbitzuak ezagutzeko aukera izateaz gain, tradizioa, kultura eta modernitatea uztartzen dituen kontakizun batean murgilduko dira. Casilda Iturrizar parkea euskal mitologian inspiratutako argiz eta fantasiaz betetako gune bihurtuko da horrela. Eguzkiloreek, animaliek eta argiek ibilbide inguratzaile bati forma emango diote, eta naturak eta kulturak bat egingo dute murgiltze-esperientzia bat sortzeko. Baso Magikoa argi-tunelarekin integratuko da, iaztik Bilboko Gabonetako ikonoetako bat denarekin.
Casilda Iturrizar parkeko Baso Magikoaren jarduera iraunkorren artean Desioen Postontzia nabarmentzen da, landarediaren artean ezkutatutako ate bat, postontzi handi batekin, eta bertan familiek Gabonetako desioak idatzi eta nahi dutenei bidali ahal izango dizkiete, adin guztientzako jarduera da. Horrez gain, Gabonetako bi arcade-makina guztiz pertsonalizatu egongo dira, eta Bilboko Gabonei buruzko lau bideojoko eskainiko dituzte: mini-jokoen bidez, bisitariek galtzagorriei lagundu ahal izango diete hirian zehar opariak banatzen, binakako joko batean euskal mitologia ezagutu edo Bilboko Gabonak argitzen lagundu. Jarduera iraunkor horiek guztiak doakoak izango dira, eta Gabonetako Merkatua zabalik dagoen orduetan egingo dira.
Casilda Iturrizar parkean ere egitarau berezia izango da, Gabonetako Merkatuaren inguruko une bereziekin: abenduaren 5ean, 19an, 20an eta 27an, 18:30ean, ipurtargiak eta galtzagorriak parkera iritsiko dira Gabonak pizteko eta espazioa animatzeko, 19:00ak arte, bisitariekin elkarreraginean. Zuzeneko musika izango da beste ikuskizun erakargarrietako bat. Talentu gazteak, profesionalak ez diren musika-ikasleak, hainbat egunetan arituko dira Doña Casilda Parkeko Pergolaren ondoan oholtza gainean beren pasioa partekatzen: abenduaren 5ean eta 12an (19:45-20:30) Kodály Musika Eskolako 27 ikasle; abenduaren 6 eta 13an (18:45-19:30) North Strings hari-laukotea; abenduaren 22an (18:45-19:30) Elaine Ensemble hirukotea; abenduaren 23 eta 30ean (18:45-19:30) Argaluk hirukotea; eta abenduaren 29an (18:45-19:30) Bost Doinu haize-boskotea.
Horrez gain, “El secreto de la Navidad / Gabonetako sekretua” antzezlana ere izango da. Abenduaren 5ean, 19an, 20an eta 27an emango da, 15 minutuko emanaldietan: hiru emanaldi (19:00, 20:00 eta 21:00etan) euskaraz izango dira eta bi (19:30 eta 20:30etan) gaztelaniaz. Saio bakoitza gehienez 60 pertsonarentzat izango da, eta lehentasuna izango dute haurrek eta familiek. Ez da aldez aurretik izenik eman behar, eta sarrerak jasotzeko ilara lehenengo emanaldia baino 30 minutu lehenago irekiko da (18:30ean). Doako jarduera den arren, sartzeko tiketak horretarako prestatutako leihatilan jaso behar dira, eta egun horretarako bakarrik balio dute, ezin izango dira beste egun batzuetarako erreserbatu edo gorde. Heldu bakoitzak gehienez 4 txartel jaso ahal izango ditu emanaldi bakar baterako.
Azkenik, tradizioaz gozatu nahi dutenek euskal dantzen erakustaldietan parte hartu ahal izango dute Aitor Alava dantzariarekin: abenduaren 26an (18:00), urtarrilaren 2an (18:00) eta urtarrilaren 3an (12:30) egingo dira, parkeko Pergolan.
Aipatutako jarduera berezi guztiak, jarduera iraunkorrak bezala, doakoak izango dira.
Kale Nagusitik Casilda Iturrizar parkerako sarrera Baso Magikora sartzeko ate sinbolikoa izango da, eta baso mitologiko batean inspiratutako arku bat izango du. Gainera, parkearen landarediak bizia hartzea ahalbidetuko du, Pergolako plazan argiztapen berezia jarrita. Berde naturalarekin kontrastea egiten duten koloreek giro magikoa sortuko dute, argi-tuneleko igarobideek eta iturri zibernetiko argiztatuak areagotuta.
Gabonetako azokaren inguruan food truck-ak ere egongo dira, askotariko eskaintza gastronomikoarekin: Food Truck Kmzero (gourmet hanburgesak, askotariko ogitartekoak, enpanadak, kitxeak, tostak, edariak eta kafe-puntua); Basque Truck, hurbileko produktuekin egindako hanburgesa berezien eskaintza eta freskagarri edo ardo beroarekin; eta Zutarri etxola (taloak, ogitartekoak eta edariak).
Casilda Iturrizar parkeko Gabonetako Merkatuaren ingurura jendea erakartzeko, sustapen-ekintza bat egingo da Baso Magikoaren espiritua Bilboko merkataritza-gune nagusietara zabaltzeko.
Merkatarien elkarteei laguntzea
Hiriko merkataritzari laguntzeko eta egiten dituzten Gabonetako kanpainak indartzeko, aurten ere, Bilboko Udalak 13 merkatari-elkarteren inguruko kale komertzialenak argiztatzeko dirulaguntzak eman ditu. Ekimen horren bidez, argiz bete eta hiriko puntu gehiagotara iritsi nahi da.
Dirulaguntzak jaso dituzte erakunde hauek: BilbaoCentro, Deusto Bizirik, Alde Zaharreko merkatarien elkartea, Hiru Auzo, Rekalde Bihotzean, Distrito 2- Auzoa Berritzen, Santutxu, Otxarkoaga, Basurtu-Basurto Berri, Txurdinaga, Abusu-La Peña, Iralabarri eta San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako merkatarien eta enpresen elkarteak.
Gabonetako argiak
Azaroaren 26an, asteazkena, 20:00etan piztuko dira argiak ofizialki, eta urtarrilaren 6ra arte, egunero, 18:00etatik gauerdira bitartean, 1.500.000 led-argi baino gehiago piztuko dira hirian.
Gabonetako irudi tradizionalak bizi-bizirik egongo dira hirian: Arriaga Plazako, Indautxu Plazako edo Basurtuko Osasun Profesionalen Plazako zuhaitz izugarriak, Areatzako Baso Sorgindua, Kale Nagusiko argi urdinak, Emakumeen Plazako Olentzero eta Mari Domingiren irudiak, edo Udaletxeko eraikin nagusia —berriro ere, Gabonetako bola handia eta Bilboko baldosa piztuko dira bertan—. Urrezko Balea Handia, iaz moduan, udaletxe aurrean egongo da, Uribitarte kaian.
Bilboko Gabonetako paisaiaren elementu nabarmenetakoak dira Moyuako Zuhaitz Handia eta Casilda Andrearen Argi-Tunela. Azken hori iazko Gabonetan jarri zen hirian lehenengo aldiz, eta bilbotarrek eta bisitariek gehien bisitatu eta fotografiatu zituzten instalazioetako bi izan ziren.
Moyua plazan, hogei metro baino gehiagoko zuhaitza iturri nagusiaren gainean jarriko da berriro; Casilda Iturrizar parkean, berriz, hirurogeita hamar metro baino gehiagoko tunel argitsua jarriko da berriro, eta argi eta soinuz inguratuko duen pasealekua eskainiko du.
Bi egiturek, aurten ere, argiztapen eta musika ikuskizun sinkronizatuak izango dituzte. Horietako bakoitzak lau musika-pieza izango ditu eta egunero hiru emanaldi egingo ditu, tarteka.
Moyuako Zuhaitzak Hator hator, El tamborilero, Jingle Bells (Frank Sinatra) eta Olentzero joko ditu, 19:00etan, 20:00etan eta 21:00etan.
Bestalde, Casilda Iturrizar parkeko Tunelean, Hator hator; Navidad, navidad (Luis Miguel); White Christmas (Michael Bublé) eta Alaken entzun ahal izango dira, 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean.
Aurreko edizioetan bezala, baldosa argiztatuak jarriko dira barruti bakoitzean, leku hauetan:
- barrutia: Eugenio Olabarrieta plaza, Zorrotzaurren.
- barrutia: Arabella etxaldea, makina bio-osasungarrien ondoan.
- barrutia: Garai lorategia, Txurdinagan.
- barrutia: Basarrate landa, Santutxun.
- barrutia: Ibaizabal landa, La Peñan.
- barrutia: Ercilla kalea, Indautxun.
- barrutia: Urkiola eta Diaz Emparanza Doktorearen kaleen elkargunea, Errekalden.
- barrutia: Azoka plaza, Zorrotzan.
Halaber, eta hurrengo asteetako bisitariei ongi-etorria emateko, hiriko sarrera nagusietan (Juan de Garai kalea, Sabino Arana etorbidea, Zumalakarregi etorbidea, Miribillako sarrera Mirafloresen, Kastrexana eta Zorrotza) sei kartel jarri dira, “Zorionak” hitzarekin eta Bilboko “B-a” ikurrarekin.
Udalak eraginkortasun energetikoarekin duen konpromisoa azpimarratzen du: argiteria eta apaingarriak LED teknologia dira, eta horrek kontsumo arduratsuagoa ahalbidetzen du.
Gainera, 38 zuhaitz apaindu izango ditu hiriak, barruti guztietan banatuta —Moyuakoa barne—; horietatik 24 artifizialak dira, eta gainerakoak zuhaitz naturalak, Gabonetan berariaz apaintzen direnak.
Ostalaritzako ordutegiak zabalduko dira
Bilboko Udalak, Gabonak direla eta, ostalaritza-lokalen itxiera-ordutegia luzatuko du eta bi ordu beranduago itxi ahalko dituzte. Erabaki hori hartu dute Bizkaiko Ostalarien Elkarteak eskaera egin zuelako, hirian ekitaldi eta jai handiak antolatzen direnerako.
Luzapen hori Gabonen aurretik ere aplikatuko da. Hala, ostalaritza-establezimenduek beranduago itxi ahalko dute egun hauetan: azaroak 29; abenduak 4, 5, 6, 11, 12, 13, 18, 19, 20, 24, 25, 26, 27 eta 31; eta urtarrilak 1, 2, 3 eta 5.
Ordutegi hori ostalaritza-lokal guztietan aplikatu ahalko dute, “eguneko” establezimenduek, establezimendu “osagarriek” eta terrazek ez ezik; horiek, egungo ordutegia mantenduko dute. Establezimenduen kanpoaldean kontsumitzeko ordutegia ere ez da luzatuko.
Kultura, auzo guztietan Gabonetan
Gabonetan, Bilboko auzoetan era guztietako kultura-jarduera ugari egiten dira, era guztietakoak, adin eta gustu guztietako jendearentzat. Kultur Gabonak izenburupean, Udalak, herriko eragileekin batera, kalitatezko proposamenen egitarau bat antolatu du, ikuskizun sortzaile, irisgarri eta dibertsioz beteak emateko, euskaraz zein gaztelaniaz.
Horrela, abendu osoan zehar bilbotarrek, Hiribilduan dauden pertsona guztiez gain, antzerki, pailazo, bakarrizketa, magia, txotxongiloak, ipuin kontalariak, musika, dantzak, bertsoak eta Bilboren kultura-tradizioa eta -nortasuna jorratuko dituzten beste hainbeste ekimenez gozatu ahal izango dute.
Antzerkia, pailazoak, clownak, ipuin-kontalariak, magia, bakarrizketak...
Bilboko Zirkuitua egitarauak abendura arte jarraituko du, eta, horrez gain, gazteentzako, helduentzako, familientzako eta txikienentzako ikuskizunen agenda bat egongo da. Bilboko auzoek aparteko garrantzia izango dute, jarduerak Otxarkoagako, Deustuko, Castañoseko, Abandoko, Begoñako, Errekaldeko, Masustegiko, Basurtuko, Santutxuko, Uretamendiko eta Altamirako udaltegietan egingo baitira, baita Zorrotzako frontoian, Solokoetxeko institutuan, San Ignazioko Levante plazan eta Abusu-La Peñako kaleetan ere.
Hauek dira proposatutako antzezlanetako batzuk: Alopargo Teatroren “Sarat Made”; Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabalen “Jo!”; Las Couchers-en “Charlas de azucarillo”; Lokatz Loreak Sormen Taldearen “Itzal(iko) bagina”, bertsolaritza oinarri duen antzerki-ikuskizuna; Luna llenaren “Los ángeles de Sabin”; Itxartu Antzerki Taldearen “El zoo de las plumas”; eta Sesión Teatro Breveren “Encuentro nocturno de muerte y olvido”, “Corsarios” eta “Vinagre” lanak.
Publiko gazte eta helduarentzat, besteak beste, bakarrizketa hauek programatu dira: Belén Nevadoren “Ovarios verdes fritos”; Maria Cruikshanken “Simpol”; Paloma Calleren “Paloma Calle que se calle”; José Cruz Gurrutxaga eta Kaittin Allenderen euskarazko “Stand Ieup komedy”; “Mejorando a peor” Joseba Perezen bakarrizketa eta umorezko abestiak; Leire Orberen komedia inprobisatua; eta Sergio Arrozpide eta Axlor Riezuren “Terapia de grupo”.
Familia giroko ikuskizunen artean aipatzekoak dira Bego Alabazanen “Luziaren sekretua” txotxongilo eta itzalen proposamenak; Zurrunka Teatroaren “Pulcinella Txio-Txinela” txotxongiloak; Tiritirantes konpainiaren pailazoak eta “Bazen behin …”; Maumaren “Desberdinak gara eta harro gaude” txotxongiloen ikuskizuna; Panpotx Kultur Elkartearen “Arin arin erbiaren abenturak” antzezlana; Zirkugintzaren zirku-ikuskizuna; Sorgina Txirulina ipuin-kontalariaren “Din, dan, don, Eguberri on!” ikuskizuna; Xilipurdi Antzerkiaren pailazoak eta “Pepa eta kutxo pailazokeriak” ikuskizuna. Gainera, Zirkozaurreren eskutik, zirku-kalejira egingo da malabarista, akrobata, orekari eta musikariekin, eta Abusu-La Peñako kale eta plazak kolorez jantziko dituzte, Olentzeroren desfile tradizionalarekin batera.
Familientzat ere magiarako tartea egongo da Asier Kidam eta “Aroa eta mirariak” ikuskizunekin, eta Dramagia “Bidaiari magiko baten sekretuak” ikuskizunarekin. Halaber, zinemak ere bat egingo du Gabonetako kultura-ekitaldiekin, eta animaziozko film laburrak eskainiko ditu Zinetxiki Zinemaldian, haur eta familientzako zinema-jaialdian. Abenduaren 22an proiektatuko dira Abandoko Udaltegian, 18:00etatik aurrera.
Adin guztietako jendearentzat, abenduaren 9an, 19:00etan, “Memorias líquidas, voces de lavanderas” izeneko hitzaldia, musika eta proiekzioa izango da Rosa Vendrell Miret-en eskutik, Abandoko Udaltegian.
Abenduaren 16an, 19:00etan, “Argazkineta show: tras recolectar, es hora de contar” ikuskizun parte-hartzailea izango da Lourdesko Andra Mariaren eta San Adrianen elizan, San Adrian auzoan. Auzo horren historia zabaltzeko asmoz, publiko guztiei zuzenduta dago ekitaldia. Ekimen hori Bilboko Udalaren Bilbao Izan programaren parte da.
Euskal folklorea, gure nortasun-ikurra
Euskal folkloreak espazio berezia du udalak urtean zehar antolatzen duen kultura-egitarauan, hala, hiribilduko kultura-nortasunaren zati gisa aldarrikatzen da.
Oraingo honetan, KULTUR GABONAKek hainbat dantza-hitzordu eskainiko ditu hainbat barrutitan. Esate baterako, Ibai Arte Dantza Taldearen dantza-alardea, Zorrotzako frontoian; Gaztedi Dantzari Taldearen erromeriak, Santutxuko Basarrate plazan; Beti Jai Alai Dantzari Taldea, Basurtuko Aita Donostia plazan; edo Salbatzaile Dantza Taldea, Alde Zaharreko Done Jakue plazan; edo Irutasun Dantzari Taldearen kalejira, Altamira auzoko frontoitik abiatu eta auzoko kaleetan zehar ibiliko dena. Horrez gain, Deustun eta San Ignazion erraldoien kalejira egingo dute, Ondalan Erraldoien Konpartsaren eskutik.
Trikitixaren hotsak Txurdinaga auzoko kaleetan zehar entzungo dira Trikilekuren eskutik eta bertsoak Lokatz Loreak Sormen Taldeko kide Janire Arrizabalagak, Izaro Bilbaok eta Araitz Katarainek botako dituzte Deustuko Udaltegian eskainiko duten “Itzal(iko) bagina” antzerki-ikuskizunean.
Mota guztietako musika
Aurten ere, Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak bilbotar eta bisitarientzako urte amaierako egitarauaren ezinbesteko parte izango dira, eta Bilboko 8 barrutietan egingo dira. Oraingo honetan Atxuri, San Ignazio, Irala, Txurdinaga, Zabala, Errekalde, Abusu-La Peña, Santutxu, Otxarkoaga, Abando, Basurtu, Deustu, Altamira, Olabeaga, Uribarri eta Indautxu auzoetako elizek hartuko dituzte abesbatza hauen emanaldiak: Bilboa Musikaren Gazte Abesbatza, San Anton Abesbatza, Bilbo Argia Otxotea, San Antonio Iralabarri Abesbatza, San Inazio Abesbatza, Bizkaiko Esperientzi Geletako Abesbatza, Mikel Deuna Abesbatza, Iubilo Bilbao Abesbatza, Sanfran Korue, Andre Berri, Coral Arraizpe, Lur Maitea Otxotea, Jatorki, Garaizarko Matsorriak, Gaudeamus Hodie, Agrupación Coral de Otxarkoaga, Coral Rossini, Coro De Ingenieros, Akelarre Abesbatza, Bilbao Kamerata, Inmakuladako Abeslariak, Coro Emais, Deustoarrak Abesbatza, Ars Viva, Lagundi, Pagasarri Abesbatza, Coro Club Deportivo eta Ars Canticum.
Horrez gain, Mila Musika Hariak bere kontzertu-zikloa itxiko du abenduaren 5ean, Abandon, Bertendona Institutuan, Péter & Zoltán Katonaren “Dúo internacional de guitarras” kontzertuarekin.
Musika-ekitaldiak Bilboko Udal Txistulari Bandak, Ahotsak Abesbatzak eta Gorka Aginaga piano-jotzaileak Miribillan eskainiko duten “Elur malutak” ikuskizunarekin osatuko dira; baita Jon Ander Tobalinak eta Georgina Barriosek Basurtun emango duten “Del Bel canto a nuestro ritmos” kontzertuarekin ere.
Bidebarrieta Kulturgunea: literatura eta musika
Gabonetan ere une egokia da literaturan arreta jartzeko, Bidebarrieta Kulturguneak antolatu duen egitarauaren bidez. Abenduan zehar, Bidebarrieta Liburutegian liburuak aurkeztuko dira bata bestearen atzetik, hala nola Blas de Oteroren “Pido la paz y la palabra” liburuaren edizio berezia, argitaratu zeneko 70. urteurrenagatik (hilaren 2an), eta Aroa Morenoren (hilaren 4an) eta Fermin Bocosen (hilaren 15ean) azken lanena.
Abenduan errealitate zientifiko, literario eta soziala erakusten diguten hileroko ekimenak ere egingo dira: Bidebarrieta Zientifikoa (hilak 10), Eztabaidak literaturarekin (hilak 16) eta Gaurkotasunarekiko topaketak (hilak 17).
Aipatzekoak dira, halaber, abenduaren 11n Iker Ortiz de Zaratek interpretatutako “De Profundis, de Óscar Wilde” bakarrizketa dramatikoa, eta abenduaren 19an Jakes Txapartegi, Esther Barandiaran eta Iñaki Salvadorren “Piano baten inguruan: batzen gaituena” kontzertua.
Hiribilduko beste kulturgune batzuk
Arriaga Antzokia
Arriaga Antzokiak eskaintza anitza eskaintzen du Gabonetarako eta egutegian gorriz adierazitako egunetatik hurbil. Gospela, tradizioz Eguberriei loturiko musika, Arriagako eszenatokian entzungo da bi kontzerturen bidez: The South Carolina Gospel Choir (abenduak 16) eta Chicago Mass Choir (abenduak 22).
Arriaga Antzokiko Gabonetako ikuskizunik handiena “Slava´s Snowshow” izango da, eta abenduaren 26tik 30era egongo da ikusgai. Cirque du Soleil-en familiako Slava Polunin-ek, “Alegria”-ren sorkuntzan kolaboratzaile denak eta, beharbada, nazioartean osperik handiena duen eta jardunean dagoen pailazo aktiboak, bere ikuskizunik ezagunena eskainiko du berriz ere Bilbon: zirkuko show bat, edertasun poetiko handikoa, mota guztietako ikusleen irudimena liluratu eta bultzatu duena. Heldu eta gazteentzako ikuskizuna da, familientzako egokia eta 8 urtetik gorakoentzat gomendatua.
Eta 2026 hastean, urtarrilaren 3an eta 4an, Arriaga antzokiak ABAO Txiki Arriagan beste ikuskizun bat eskainiko du berriro ere, ABAOk eta Arriaga Antzokiak berak antolatuta: “Cuento de Navidad”. Haurrentzako opera hori Dickensen ipuin ezagunean oinarritzen da. Bertan, Ebenezer Scrooge zekenaren istorioa kontatzen da. Gabon-gau hotz batean, hiru espiritu agertuko zaizkio, eta bere iragana, oraina eta etorkizuna irudikatuko dituzte.
Urtarrilaren 6an, Errege Magoen etorrera ospatuko dute Arriagan, Neomaken kontzertuarekin. Urtarrilaren 11n, Oiane eta Urkok (oso ezagunak Ene Kantak-eko kide izan zirelako) Korrontzi eta Bixente Martinezekin batera bultzatutako “Gora Musika!” euskarazko haur ikuskizunarekin amaituko da Gabonetako egitaraua.
Tartean, Arriaga Antzokiak bi antzerki estreinaldi hartuko ditu (“Lovesong”, abenduaren 18an; eta “Desobedienteak 18/98 – Desobedientes 18/98” (urtarrilaren 8tik 10era), abenduaren 19ko eta 20ko “Todos Pájaros” antzezlanaren emanaldiez gain.
Bilbao Musika
Bilbao Musikak musika-egitarau anitz eta hunkigarria prestatu du urtea Gabonetako espiriturik onenarekin agurtzeko. Udal Musika eta Txistulari Bandek eta Udal Musika Eskolak adin guztietako publikoari zuzendutako kontzertu eta jarduera ugari eskainiko dituzte abenduan.
Bilboko Udal Txistulari Bandak bi kontzertu berezi emango ditu “Elur Malutak” izenburupean, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean. Lehenengoa abenduaren 12an izango da, 19:00etan, Miribillako Santa Maria Josefa elizan, eta Ahotsak Abesbatzak hartuko du parte, Miren Bernaolaren zuzendaritzapean, baita Gorka Aginaga piano-jotzaileak ere. Bigarrena abenduaren 16an izango da, hau ere 19:00etan, Campos Elíseos Antzokian, Bilbao Musikako Haur eta Gazte Abesbatzak (Maite Olmosek zuzenduta), Ahotsak Abesbatza, Gorka Aginaga piano-jotzailea eta Jon Gomez Garai aurkezlea batera arituko direlarik, Gabonak alaitasunez eta emozioz ospatzeko asmoz, musika korala eta txistua uztartuta.
Bestalde, Bilboko Udal Musika Bandak “Itsasoaren profilak” kontzertua emango du abenduaren 12an, 18:30ean, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan, Andrea Gasperin maisu italiarraren zuzendaritzapean. Egun batzuk geroago, abenduaren 20an, Euskalduna Jauregiko auditoriumean kontzertu berezi batez gozatzeko aukera izango du publikoak. “Gabonetako esentziak” izenburupean, José Rafael Pascual-Vilaplanak, Bandako zuzendari gonbidatu nagusiak, zuzenduko du ikuskizuna, eta Gurutze Beitia aktore bilbotarrak parte hartuko du.
Udal Musika Eskolak ekitaldi ugari izango ditu abenduan zehar, eta jendaurreko kontzertu eta entzunaldiak emango ditu. Egutegia abenduaren 1ean hasiko da, gazteen abesbatzaren Gabonetako kontzertuarekin, Enkarnazioaren elizan, 20:00etan. Abenduaren 3an kontzertu lirikoa izango da Ibarrekolanda auditoriumean (18:30ean). Abenduaren 4an, 19:30ean, Hika Ateneon Jam Session tradizionala izango da, eta inprobisazioa eta ikasleen, irakasleen eta musikazaleen arteko elkarlana sustatuko ditu.
Abenduaren 2an egingo den erromeriaz gain, abenduaren 16an eta 17an konboetako eta kantu modernoko ikasleen kontzertuak izango dira Bilborock aretoan, hurrenez hurren. Egun horretan bertan, hilak 17, 19:00etan, Eskolako hainbat taldek —hala nola Bandak eta Orkestrak— Gabonetako kontzertua emango dute Campos Eliseos Antzokian. Hezkuntza-komunitateak gehien espero duen hitzorduetako bat da.
Egitaraua abenduaren 19an amaituko da bi emanaldirekin: akordeoi-entzunaldi bat La Galeran (19:30ean) eta Bilbao Musikako Haur Abesbatzaren kontzertua, Maite Olmosek zuzendua, Enkarnazioaren elizan, 19:30ean, jai-ziklo honi amaiera emateko.
BilbaoArte
Arte garaikideenak ere badu bere lekua Bilboko Gabonetan. Hala, BilbaoArte Fundazioaren Uribitarte40 erakusketa-aretoan azaroaren 28tik aurrera “De la Colección no se vuelve. Colección BA” erakusketa izango da, Nerea Ayerbek eta Jaime Cuencak komisario izanik.
Bilboko Udalaren ekoizpen artistikorako zentroa sortu zenetik hogeita zazpi urte igaro diren honetan, BilbaoArteren parte izan diren hainbat artelan eta artistek osatzen dute erakusketa. Guztira, 52 artista eta kolektiboren 55 lan dira, eta horietako asko ospetsu bihurtu eta gaur egun lanean jarraitzen dute.
Erakusketa 2026ko otsailaren 1era arte bisitatu ahal izango da, asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara. Gainera, bisita gidatuak egingo dira, doan, leku guztiak bete arte (abenduaren 3an euskaraz eta abenduaren 10ean gaztelaniaz); elkarrizketa Bárbara Rodríguez Muñoz eta Gabriel Pérez-Barreirorekin (abenduaren 11n); eta Pablo Marte artistaren performance bat (abenduaren 15ean). Jarduera horiek 19:00etan hasiko dira.
Azkuna Zentroa
Azkuna Zentroan – Alhóndiga Bilbaon, kultura-egitaraua ikusizko arteen eta familiako publikoari zuzendutako praktika artistikoaren ingurukoa da.
Erakusketa Aretoan Marisa Gonzálezen lana dago ikusgai. Erreprodukzio- eta komunikazio-teknologia berriak sormen artistikoan aplikatzen aitzindaria izan da.
“Egikera sortzaile bat” erakusketak artista bilbotarraren ekoizpeneko bost hamarkadatan zehar bidaiatzen du, hogei bat serie eta proiektu handiren bitartez. Violeta Janiero Alfageme da erakusketaren komisarioa, eta jaio zen hirira itzuliko da; sekula ez dio utzi hiriarekin hitz egiteari bere lanen bidez. “Nuclenar Lemóniz” eta “La Fábrica – Harino Panadera 1999-2000” lanetan ikus daiteke hori. Bi lan horiek ikuspegi industrialetik egindako begirada eta artearen eta teknologiaren aitzindari gisa egindako lan izugarria biltzen dituzte.
Erakusketa horrekin lotuta, Mediateka Gabonetan 2025-2026 programa egingo da, 6 eta 12 urte bitarteko publikoarentzat. Jarduerak abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra izango dira eta material eta hainbat arte-mintzairekin egindako esperimentatuen bidez, sorkuntza garaikidera hurbilduko dira parte-hartzaileak.
Bilboko Berreginen Museoa
Bilboko Berreginen Museoak ikus-entzunezko esperientzia limurtzailea antolatu du, familiarekin gozatzeko. Izarretan zeharreko bidaia da, eta bertaratzen direnek (batez ere haurrek) unibertsoaz gozatuko dute. Izarrak, konstelazioak… Museotik irten gabe.
Abenduaren 27an, 10:00etatik 18:00etara, eta abenduaren 28an, 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik planetarioa, eta saioak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Jarduera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da parte hartzeko.
Haurrentzako Gabonetako egitarauak
Bilboko Udalak, aurten ere, haurrentzako Gabonetako aisialdi hezitzaileko eta kiroleko egitarauak jarri ditu martxan; guztira, 1.560 plaza. Guztira 1.098 plaza eskaintzen ditu Gazteriak; kirol-jarduerak nahiago dituztenek, 462 plaza dituzte Gabonetan Primeran Kirola Eginez ekimenaren barruan; eta euskarazko kultura digitalera hurbildu nahi dutenentzat beste aukera bat ere badago, Hala Birala!-rekin Programazio honen helburu bikoitza da familiei laguntzea abenduko oporretan lana eta bizitza pertsonala uztartzeko dituzten beharretan, eta haurrei aukera ematea ondo pasatzeko, kirola egiteko, esperimentatzeko eta sozializatzeko.
Bilboko Udalean ere prest dago #GazteKluba Gabonak ekimenaren aurtengo edizioa. Gazteen Gabonetako aisialdi-egitaraua hainbat lekutan garatuko da, eta 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako 22 aisialdi-jarduera osasungarri egingo dira abenduaren 19tik urtarrilaren 3ra. Helburua elkartzeko eta ondo pasatzeko gune ludiko bat eskaintzea da, zaletasun berriak, sormena eta kirola sustatzeko, besteak beste.