Bilboko Udalak Tiboli kalea hobetzeko lanen bigarren fasea jarriko du martxan ostegun honetan, azaroaren 13an, lehen fasea bukatu ondoren, eta datorren urteko ekainera arte iraungo du, gutxi gorabehera. Lanen fase horretan aldaketak izango dira zirkulazioan Uribarriko barrutian, eta Bilbobuseko linea batzuei eta oinezkoen mugikortasunari ere eragingo diete, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.

Horrela, lanek dirauten bitartean, Tiboli kalea itxita egongo da zirkulaziorako Uriortu kaletik Castaños kalerainoko zatian, eta espaloiaren alderdi bat eta aparkalekuak okupatuko dira tarte horretan. Era berean, Tiboli zeharkalea itxiko da zirkulaziorako eta 4 zenbakiko garajera sartzeko eta irteteko bakarrik utziko zaie pasatzen ibilgailuei. Trafikoa Matiko, Salbe, Artatzamina eta Fontecha y Salazar kaleetatik desbideratuko da.

Garraio publikoari dagokionez, Bilbobusek ibilbideak aldatuko ditu; adibidez, Tiboli kaleko 12 zenbakiko geralekua kenduko da eta beste bi geraleku jarriko dira Artatzamina kaleko 1ean eta Anselma de Salces kaleko 17an. Halaber, Bilbobusen 72. lineak erregulazio geralekua aldatuko du Funikularreko plazatik Uriortu kaleko 17ra. Gainera, Salbe kalean, ordezko pasabide bat jarriko da, semaforoz erregulatuta, eta taxi geralekua Uriortu kaleko 2-4 zenbakietatik Tiboli kaleko 2 zenbakira aldatuko da.

Tiboli kalea hobetzeko lanetarako 3.214.970,49 euro erabiliko dira guztira (BEZ barne), eta kalkulatu da fase guztiak 20 hilabeteko epean amaituko direla. Lehen fasea amaitu da jada, eta Campo Volantin pasealekutik Uriortu kalera bitartean egin da. Bigarren fasea ostegun honetan hasiko da, Uriortu kaletik Castaños kalera arte, eta 2026ko ekainean bukatzea aurreikusi da.