Datorren igandean, azaroaren 16an, Arriaga Antzokiak Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertu bat jasoko du, 'Argiak eta elezaharrak' izenekoa. Nobedade gisa, Virginia Martínez Fernández maisuaren zuzendaritzapean egongo da banda. Kontzertua 19:00etan hasiko da.

Programa honek publikoa mitologia, espiritualtasuna eta emozio kolektiboak uztartzen dituen soinu-paisaia batean murgilduko du. Egungo hiru konpositoreen lanek osatzen dute programa: Frank Tichelli estatubatuarra, Satoshi Yagisawa japoniarra eta Franco Cesarini suitzarra dira musikagileak. Ikuspegi desberdinetatik abiatuta, sentsazioak eta kondairak hizpide dituzten pentagramak eskaintzen dizkigute hirurek, eta hizkuntza kontrastanteak erabiltzen dituzte, hari eta perkusio-orkestra garaikide baten adierazkortasuna garatzeko.

Proposamen honen gidaritzan Virginia Martínez Fernández egongo da, estatu mailako zein nazioarteko musika-zuzendaritzaren alorrean izen handiko profesionala da. Vienan heziketa sendoa jaso ondoren, ibilbide oparoa egin du ospe handiko banda eta orkestrekin arituz. Martínez artista bikain gisa aitortua izan da, baita musikan emakumeen ikusgarritasunaren alde egindako konpromisoagatik ere. Gaur egun, MEOSeko ohorezko zuzendaria, Kantabriako Orkestra Sinfoniko Gaztearen zuzendari titularra, MEOSeko hezkuntza saileko zuzendari artistikoa eta Murtziako Goi-mailako Musika Kontserbatorioko orkestra zuzendaritzako katedraduna da. 2024/2025 denboraldian, Bilboko Udal Musika Bandaren batuta ere hartu zuen, Euskalduna Jauregian egindako "Emozio-uneak" kontzertuan.

Hitzordua igande honetan izango da, azaroaren 16an, 19:00etan, Arriaga Antzokian. Sarrerak antzokiko leihatiletan, webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eros daitezke.

Azaroaren 28an, 18:30ean, J.C. de Arriaga Kontserbatorioan, Carlos Garcés Fuentelsaz-ek Sustraiak zuzenduko du, Khachaturianen epikatik Óscar Navarroren argiraino emozio unibertsalak lotzen dituen ibilbide musikala.

Programari buruzko oharrak

Lux Perpetua titulua latinezko testu liturgiko honetatik dator: "Lux perpetua luceat eis" (Betiereko argiak argi egin diezaiela, euskaraz). Obra hau Frank Tichelik konposatu zuen 2020an Baylor University Wind Ensemble taldearentzat, 2014an hil ziren talde horretako bi gazteren oroimenez (Laura eta Jack). Dedikazioaren abiapuntua heriotza jakin bat bada ere, lan hau eremu pertsonalaz harago doa. Musikak kontsolamendurako, oroitzapenerako eta itxaropenerako espazio gisa funtzionatzen du. Musikaren egiturak une bareak eta argitasun handiko pasarteak konbinatzen ditu. Erabiltzen dituen tinbre-baliabideek, hasieran, argi leun bat gogorarazten dute; ondoren, pixkanaka, intentsitate handiagoz argiztatzen dute; eta, azkenean, erresonantzia emozionalez betetako soinu-bakea lortzen dute. Gizakiaren eta betierekoaren arteko zubia.

Perseoren mitoan inspiratuta, Satoski Yagisawa-ren Perseus lanak heroiaren balentriaz hitz egiten du musikaren bidez, heroiak Medusarekin duen liskarraz, Andromedaren salbamenduaz, eta garaipenaz, beldurrari aurre egiteko ausardiaren sinbolo gisa. Tentsio dramatiko handiko pasarteen eta berebiziko orkestraren artean, Perseusek musika-narrazio argi eta dinamiko batean murgiltzera gonbidatzen du entzulea. Melodia nasaiak, goibeltasunaren eta argitasunaren arteko kontrasteak, eta klimax biribilak dira obra honen elementu erakargarrienetako batzuk.

Francisco Pizarrok, eutsi ezinik, Cuzcoko Eguzkiaren tenplua suntsitu zuen 1533an. Ekintza horrek inperio handiaren amaiera sinbolizatu zuen. Hala ere, 378 urte geroago, Yale Unibertsitateko arkeologo Hiram Bingham-ek "Machu Picchu" aurkitu zuen berriz ere, mendi baten tontorrean dagoen hiri loriatsu bat. Punturik garaienean du santutegirik garrantzitsuena, Intihuatana, granitozko bloke baten gainean eraikitako harrizko zutabea, non apaiz batek neguko solstizioan "eguzkia harriari lotzen" zion, urtaroen itzulera ziurtatzeko. Satoshi Yagisawak 2004an konposatua, Machu Picchu: City in the Sky lanak hiru ideia nagusi erakusten dizkigu: urre-koloreko Cuzco hiri distiratsua, inbasio bortitz baten suntsigarritasuna, eta Inka loriaren susperraldia Zeruko Hiriak berriz ere eguzkia ukitu zuenean.

Franco Cesariniren 1. sinfonia, "Los Arcángeles" izenekoa, cantus firmus gregorianoetan oinarritzen da eta lau mugimendutan egituratzen, mugimendu bakoitza goiaingeru bati eskainiz: Miguel, Gabriel, Rafael eta Uriel. Mugimendu horietan zehar, Cesarinik dramatismoa, lirismoa, sendaketa eta argia konbinatzen ditu. Tentsio narratibo bat sortzen da: Miguelen botere martziala, Gabrielen komunikazio zerutarra, Rafaelen sendaketa eta errukia, eta Urielen transzendentzia argitsua. Hain zuzen ere, Cesarinik lan hau Euskalduna Jauregian estreinatu nahi izan zuen 2016ko otsailaren 7an, eta gaur entzungo duzuen talde zoragarri hau zuzendu zuen: Bilboko Udal Banda. Nire eskerrik onena udal-banda honi, elkarrekin emandako musika-une ugariengatik.