Bilboko Hilerriaren Erregelamendu berria berretsi dute
Bilbao Zerbitzuak-en Administrazio Kontseiluak argi berdea eman dio erregelamendu berriari
Bilboko Hilerriaren instalazioak gizartearen gaur egungo beharretara eta etorkizuneko erronketara egokituko dira, astelehen honetan goizean, urriaren 20an, Bilbao Zerbitzuak-eko Administrazio Kontseiluak berretsitako Erreglamendu berriari esker.
Berrikuntza-prozesuaren azken urratsa da, alegazioak aurkezteko epearen ondoren. Horrela, aro berri bat hasiko da Bilboko hilerriarentzat, non erlijio-neutraltasuna, herritarren parte-hartzea eta jasangarritasuna indartuko diren. Era berean, konpainia-animalientzako hilerri bat aurreikusten da lehen aldiz.
Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo zinegotziak azaldu duenez, "onarpen honekin, aurtengo martxoan hasitako prozesua amaitzen da. Prozesuaren helburua izan da indarrean dagoen araudia errealitate sozial, juridiko eta kultural berrietara egokitzea, hilerri-zerbitzu publiko gizatiarrago, inklusiboago eta jasangarriago bat bermatuz".
Alegazioak aurkezteko epea udan ireki zen. Aurkeztutako alegazioak aztertu eta gero, Bilbao Zerbitzuak-ek dokumentuaren azken bertsioa aurkeztu dio gaur goizean bere Administrazio Kontseiluko mahaiari. Horrela, Kontseiluak baliozkotu ondoren, dokumentu berri horrek 2012an onartutakoa ordeztuko du.
Erregelamendu berriak errealitate eta premia berriei erantzuten die; besteak beste, errausketen gorakadari; kolektibo erlijiosoak ehorzteko espazioen erreserbari; heriotza perinatalaren tratamendu sentikorrari, edo familiei laguntza eta arreta integrala emateari erakunde espezializatuekin lankidetzan aritzeko sare baten bidez. Hain zuzen ere, onartutako aldaketa nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira: erlijio-aniztasunaren arloan langileei prestakuntza espezifikoa ematea; administrazio-termino eta -prozeduren definizioan hobekuntzak sartzea; gizakien eta animalien gorpuzkien "azken destinoaren" kontzeptua zabaltzea, indarrean dagoen autonomia-erkidegoko eta estatuko araudiaren arabera; eta kontsumitzaileek kexak eta erreklamazioak aurkezteko duten eskubidea zehatzago arautzea.
Animalientzako hilerria
Era berean, erregelamendu berriak estreinako aldiz aurreikusten du hilerrian espazio publiko bat gaitzea etxeko animaliak errausteko eta haien errautsak gordetzeko, gizartean animalien zaintzaz eta errespetuaz dagoen sentsibilizazioari erantzuteko. "Espazio horri esker, maskotei destino duin bat eman ahal izango zaie, eta zerbitzu publiko honen ikuspegi berria indartu: zerbitzu hau eboluzionatzen ari da, herritarren egungo beharrei modu gizatiarrago, eraginkorrago eta egokituagoan erantzuteko", gaineratu du zinegotziak.
Dokumentua 2026ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, eta eskuragarri dago Bilbao Zerbitzuak-en webgunean.
Oroitzapenak eta historia
Funtsezko zerbitzu hau bermatzeaz harago, dokumentu berri honen bidez, Bilbao Zerbitzuak-ek balioa eman nahi dio hilerriak barruan daukan ondare historiko eta artistiko handiari. Lan hori duela hiru urte hasi zen egiten, kultura- eta hezkuntza-arloko ekimenekin, errezitaldiekin, eta ondare-elementuak zaharberrituz. "Hilerriaren presentzia normalizatu behar dugu hiriaren bizitzan, eta heriotzari lotutako tabu sozialak hautsi, Bilbon bizi izan den jendearen oroitzapenez betetako lekua baita", gogoratu du zinegotziak.