Astelehen honetan goizean, uztailaren 21ean, Zorrotzaurreko Galletaginen etorbidean, Tarabusi zaharraren kokalekuan konkretuki, egongo den Euskadiko Teknologia Parkeko Bilbao Campusaren lehenengo harria jarri dute Imanol Pradales lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Bertan egongo diren lehenengo enpresak IDOM, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Vicomtech izango dira.
Horrela, Zorrotzaurreko proiektuak gurutzaldi-abiadura hartuko du, nazioartean bakarra izango den Hiri Campus Teknologiko bihurtzeko. Bertan, abangoardiako enpresak ekipamendu publikoz eta etxebizitzaz inguratutako espazioan kokatzea sustatuko da. Zehazki, lehen jarduketa horri esker, hirugarren sektoreko erabilerarako 46.000 m2-ko eraikigarritasuna gehituko da, Iparraldeko Puntako lau lurzatitan banatuta. Bi lurzatik aurretik zegoen eraikina zuten eta beste biak hutsik daude. Gainera, beste 60.000 m2 garatzeko lanean ari dira, uhartearen Hegoaldeko Puntan, zerbitzu aurreratuen sektorera bideratuta.
Gaur aurkeztutako mugarriaren bidez, erakundeen arteko lanari amaiera emango zaio, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin lan egin baitute , Euskadiko Parke Teknologikoaren eta Bilboko Campus berriaren bidez Zorrotzaurre ezagutzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta industria aurreratuaren uharte bihurtzeko.
Bizkaiko eta Euskadiko ekonomiarako proiektu eragilea izango da, eta ahalmena du enpresa-sarearen hazkundea indartuko duen ekosistema sektoriala sortzeko. Gainera, Bilboko espazio-eskariari erantzuna eman ahalko dio, eta RIS3 Euskal Estrategiari (espezializazio adimenduneko estrategia) lagundu, ikerketari eta prestakuntzari lotutako sektore aurreratuen aldeko apustuaren bidez.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Zorrotzaurreko Uhartearekin egindako lana eta inplikazioa eskertu ondoren, harrotasunez adierazi duenez, “ekitaldi hau mugarri bat da Bilboren etorkizunaren garapenean. Enpresak, talentua erakartzea eta hari eustea, gazte kualifikatuen enplegua, prozesu berritzaileak, negozio-aukera berriak... Horiek guztiak, dagoeneko martxan dauden hiru unibertsitateetan (Kunsthal, Mondragon Unibertsitatea eta Digipen) 3.000 ikasletik gora dituen kultura- eta prestakuntza-jarduera sendoaz gain, hirigintzaren garapenari, etxebizitza berriei eta uhartean sustatzen ari garen zerbitzuei gehitu behar zaizkie”.
Aburtok adierazi duenez, IDOM eta Mondragon Korporazioa “Bilbao Campus honetan enpresak instalatzeko ametsa egia bihurtzeko lehen urratsa eman duten ausartak” dira, eta aitortu du “datozen urteetan etortzen joango diren beste enpresa-proiektuei ateak ireki dizkietela. Gaurtik aurrera, oraina eta etorkizuna eskutik doaz eta albiste bikaina da hori Bilborentzat eta bilbotarrentzat”.
Bere aldetik, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak nabarmendu duenez, “gaur eraikin baten lehen harria jarriko dugu; Bizkaiarentzat etorkizun ausart, teknologiko eta sakonki gizatiarraren oinarriak jarriko ditugu. Euskadiko Parke Teknologikoko Bilbao Campusa asmo-adierazpen irmoa da: Bizkaiak mundua eraldatzen duten trantsizio teknologiko, digital eta energetiko handien protagonista izan nahi du, eta izango da”.
“Duela 40 urtetik, Zamudioko Parke Teknologikoa bultzatu genuenetik, Bizkaiko Foru Aldundian berrikuntzaren alde egiten dugu, garapen ekonomikoaren eta gizarte-ongizatearen palanka baita. Hiri-campus berri hau apustu horren bilakaera naturala da: hiriarekin konektatuta, enpresa berritzaileenen, zientziaren, ekintzailetzaren eta talentuaren zerbitzura”, esan du Etxanobek, eta gaineratu duenez, “campus hau talentua erakartzeko gunea da, eta Bizkaia with the Talent estrategia indartzen du. Espazio honetan ezagutza aukera bihurtzen da, eta Bizkaiaren etorkizunari lagundu nahi dioten horiek hazteko, berritzeko eta ekiteko baldintzak aurkituko dituzte”.
Imanol Pradales lehendakariaren hitzetan, Euskadiko lehen hiri-campus teknologikoaren lehen eraikina eraikitzeak euskal industria-eredua sendotzeko balioko du, eredu horrek “ezagutza aurreratuan, manufaktura-kulturan, jasangarritasunean, garapen teknologikoan eta balio erantsiko jardueretan oinarritzen du bere lehiakortasuna”.
“Euskadiko Industria Plan berriaren ezinbesteko oinarria da Parke Teknologikoa; izan ere, herrialde aurreratua, erakargarria, kohesionatua eta bizi-kalitatekoa izaten jarraitu nahi badugu, aukerak, kalitateko enplegua eta ongizatea sortuko dituen industria berritzailea behar dugu”, adierazi du lehendakariak.
Halaber, Imanol Pradalesek Campus berriak —adimen artifizialaren, Big Dataren eta startup berrien erabileran espezializatutako enpresak hartuko ditu— “pertsonaren, komunitatearen eta gure ongizatearen zerbitzura” egongo den berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren eragile gisa jardungo duela ere aipatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du, “Zorrotzaurre ezagutzaren, teknologiaren, berrikuntzaren eta industria aurreratuaren uharte bihur dadin”.
Azkenik, lehendakariak nabarmendu du gune berri horren lehen eraikinak Helena Matute euskal ikertzailearen izena duela. Matute ekitaldian egon da eta lehendakariak eskerrak eman dizkio, eguneroko lanagatik, “beste batzuek iluntasuna nahi duten lekuan argia ematen” saiatzeagatik. Lehendakariaren iritziz, populismo, negazionismo eta mugimendu kontrazientifiko horri “gure indar guztiekin” egin behar diogu aurre.
Enpresa-proiektu nagusiak
IDOM Science Factory/Zientziola Zorrotzaurreko RZ-7 lurzatian egongo da, enpresaren egoitza nagusitik oso gertu. Proiektu honen bidez, zientzia eta teknologiarako ingeniaritza-sistema konplexuak diseinatzeko eta hornitzeko jarduera bultzatuko du hainbat arlotan, besteak beste, astronomian, partikulen fisikan eta fisika nuklearrean, espazioan eta energia berriztagarrietan.
Jarduera hori garatzeko eta sustatzeko, IDOMek gaur egun dituen instalazioak handitu behar ditu eta, horretarako, laborategi berriak, integrazio-aretoak eta areto zuriak eraikiko ditu, eraikin berrian sartu ahal izateko. Era berean, IDOM Science Factory/Zientziola zentroak harremanak, ideia-trukea eta sormena sustatzeko gune izan nahi du, jakintza-arloen arteko lankidetza eta elkartrukea bultzatuta.
Merkatu zorrotzenetarako ezagutza eta lehen mailako azpiegitura zientifiko-teknologikoekin nazioartean lehiatzen den sektoreko ingeniaritza liderra, kalitate handiko, oinarri teknologikoko, balio erantsi handiko eta merkatu globaletako enpleguak dituen industriaren adibidea da IDOM. Instalazio berri horietan egindako lanak zuzeneko eragina izatea espero da proiektu hauetan, besteak beste: sistema optikoak, teleskopioetarako tresna eta egitura mugikor handiak, sistema mekatroniko espezializatuak, saiakuntza-banku bereziak, diagnostikoak eta fusio-erreaktoreetarako mikrouhin bidezko berotze-sistemak. Ekimen horri esker, gainera, kualifikazio handiko lanpostu gehiago sortuko dira, etorkizun hurbilean enpresa garatzeko beharrezkoak direnak.
Bilbao Bizkaia Digital Faktory da Mondragon Korporazioak Zorrotzaurren egingo duen apustua. 20 milioi eurotik gorako inbertsioa beharko du proiektuak, eta teknologia digitaletan talentua eta balio erantsi handiko enpresak erakartzeko poloa garatzea ahalbidetuko du, arlo haietan: adimen artifiziala, datu-analitika, zibersegurtasuna, humanitate digitalak, mekatronika, robotika eta energia-sistema adimendunak, besteak beste.
Mondragonek, erronka demografikoaz eta horrek industriarentzat duen talentu digitalik ezaz erabat jabetuta, polo berritzaile bat garatzearen aldeko apustua egin du; bertan egingo dute bat enpresek, zentro teknologikoek eta unibertsitate-eremuak, ezagutzak eta mundu digitalak industria-beharrei soluzio berritzaileak emango dizkien sare bat eratuta.
Mondragonek Ezagutza Eremuaren bitartez gidatutako proiektu honek Ikerlan zentro teknologikoaren eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetza estua izango du. Proiektu honen helburua da tokiko talentua sortzea eta nazioarteko talentua erakartzea da, teknologia digitalen Europako proiektuetan parte hartzea, ezagutza enpresetara transferitzea eta arlo digitaleko sektoreetan negozio berrien garapena dinamizatzea.
RZ-10 lurzatian kokatua, eraikin-multzo berriak Consonni eta Lancor eraikin zaharrak berreraikiko ditu, hurrenez hurren 7.526 m² eta 4.281 m²-ko bi espazio berri sortuta.
Eraikinen banaketari dagokionez, Consonni eraikinean —handiena izango da— Mondragon Unibertsitateak eta Ikerlanek egingo dituzte beren jarduerak, eta Lancor espazioan —txikiagoa izango da—, Euskadiko Parke Teknologikoaren eskutik, Vicomtech kokatuko da. Bi eraikinak elkarren artean konektatuta egongo dira, ezagutzaren eta teknologia digitalaren nazioarteko polo bihurtzeko.
Espazio berri horren bidez, Vicomtechek berretsi egingo du Bilbao-Bizkaiarekin duen konpromisoa, eta adimen artifizialeko teknologiak garatzen eta euskal industria-sarera transferitzen lagunduko du, hala lehiakortasuna indartuta. Gainera, hizkuntzaren teknologien bidez euskara sustatzeko funtzioa indartuko du zentroak, eta STEAM talentua bultzatzearen aldeko apustua egin.
Zorrotzaurreko Iparraldeko Puntan dagoen Bilbao Campuseko eraikin-multzoaren garapena RZ-9 lurzatiarekin osatuko da; oraindik ere zehazteke dago. Hala ere, lurzati hori garatzen denean, definituta geratuko lirateke Iparraldeko Puntarako aurreikusitako proiektu guztiak.
Lehen eraikina Zorrotzaurren
Gaur hasi dira eraikinaren obrak, eta Tarabusi pabiloi zaharra berreraikitzea da asmoa. Haren arkitekturak jatorrizko estetika errespetatuko du. Espazio horri mendebaldeko fatxadan oin berriko eraikin bat gehituko zaio, jasangarritasun- eta ekodiseinu-irizpideen arabera egina. Guztira, 4.000 m2 izango dira, oso-osorik teknologia aurreratuko enpresa eta proiektuetarako, lau solairutan banatuta.
Orain, pabiloi zaharra eraisteko lanak egin ondoren, azpiegitura berria eraikitzeko lanak egiten ari dira, eta 24 hilabeteko epea aurreikusi da. Energia-efizientziari eta jasangarritasunari dagokienez, eraikin berria mugarria izango da Bilbao Campusaren garapenean; izan ere, lurretik datorren energia-sarearen bidez klimatizatuta egongo da —sistema geotermikoa—, eta 53 kW-eko potentzia fotovoltaikoa izango du, urtean 52.000 kWh inguru ekoiztuko dituena.
Eraikin berri horren izena “Helena Matute” izango da. Matute Deustuko Unibertsitateko Psikologia Esperimentaleko katedraduna da eta joera kognitiboen azterketan eta horiek adimen artifizialean aplikatzean nazioarteko erreferentea. Euskadiko Parke Teknologikoak emakume zientzialarien lana ikusarazteko eta aitortzeko egin duen apustua berretsiko du.
Zorrotzaurreko proiektua abian jartzeaz gain, Zamudio/Derio, Gasteiz, Donostia, Leioa, Hernani eta Abanton dauden sei campusak martxan jarriko dira, eta Euskadiko Parke Teknologikoak campus anitzeko ereduaren alde egindako apustua sendotuko du.