Joan den asteburuan ospatu zen Bilbao BBK Live jaialdia amaitu ondoren, normaltasun osoa berreskuratuko du igande honetan, uztailaren 20an, Kobetamendiko karabanen eta autokarabanen eremuak.
Espazio hau erreferentzia bat bihurtu da eta oso finkatuta dago. Gaua pasatzeko karabanak edo autokarabanak erabiliz hiria eta inguruak bisitatzen dituzten bisitariek asko baloratzen dute.
Gogoratu behar da Bilboko Udalak instalazioak berritu dituela duela gutxi, azken urteotan erabiltzaile kopurua nabarmen igo baita.
Eremua, aurrerantzean, Bilbao Caravan Park deituko da. Egin zaizkion hobekuntzen artean, sortu den azpiegitura nagusi berria dago, eremuaren zerbitzu guztietara sarbidea ematen duena. Gainera, instalazio zaharra eraldatu da: erabiltzaileentzako espazio bat izango da orain, aisiarako eta elkartzeko.
Esku-hartze honekin, Bilboko Udalak kalitatezko turismo jasangarriaren aldeko apustua indartzen du, karabanan edo autokarabanan bidaiatzen dutenen egungo beharretara eta zifretara egokitutako ingurune eroso eta irisgarria eskainiz. Ekimen horren barruan, gainera, enplegu babestuko proiektu bat dago, Suspertu SL gizarteratze- eta laneratze-enpresaren zerbitzu-kudeaketaren bidez gauzatuko dena. Enpresa hori EDE Fundazioak sustatu du, eta enplegagarritasun-zailtasunak dituzten pertsonentzako 5 lanpostu sortu dira.
Datuak
2024an zehar, guztira 19.848 ibilgailuk (44.977 bidaiari) gozatu zuten eremuaz. Maiatza (4.805 erabiltzaile) eta abuztua (6.365 bidaiari) izan ziren jendetsuenak. 2025eko urtarriletik maiatzera bitartean, 6.525 ibilgailu egon dira espazio honetan, guztira 14.194 pertsona.
Bilbao Caravan Park Kobeta mendian dago (Kobeta 31), hiriaren ikuspegi ezin hobeak ditu eta oso ondo konektatuta dago garraio publikoaren bidez. 72 partzela ditu. Konexio elektrikoa eta edateko uraren hartunea dituzte guztiek.