Patioak leku hezigarriagoak bihurtu nahi ditu Bilbok
'Patioak berrirudikatzen: Bilboko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeentzako patio inklusibo, berde eta irekien kontzeptualizazioa' gida argitaratu du Udalak
Patioak leku hezitzaileagoak bihurtu nahi ditu Bilboko Udalak, eta horretarako kanpaina berri bat jarri du martxan. Asteazken honetan, uztailaren 16an, 'Patioak berrirudikatzen: Bilboko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeentzako patio inklusibo, berde eta irekien kontzeptualizazioa' gida argitaratu du.
Eider Bilbaok Bilboko Hezkuntzako zinegotzi delegatuak azaldu duenez, "gida honek maiatzean Osoko Bilkurak emandako agindua betetzearen esparruan egindako lana jasotzen du. Bertan, parte hartzeko organoen bitartez, jolastokietan eta eskola-inguruneetan esku hartzeko eskatu zen, inklusioko eta ongizateko gune horiek bizikidetza positiboa errazteko".
Ikastetxeek beren jolastokia erabiltzaile guztien artean (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren langileak, familiak, komunitatea) modu parte-hartzailean diseinatzeko tresna da hau. Horregatik guztiagatik, Bilboko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikastetxe guztietara bidali da, euskaraz eta gaztelaniaz. Bestalde, Udal Eskola Kontseiluak, Bilboko eskola-komunitate osoaren partaidetza-organo gorena, Batzorde bat jarri du abian jolastokien, inguruneen eta eskola-bideen eraldaketa bultzatzeko.
Dokumentu honen bitartez zer, nola eta noiz kontzeptualizatzea eta definitzea bilatzen da, Bilboko egungo eskola-jolastokiak inklusibo, berde, ireki, ludiko eta hezitzaile bihurtzeko, hiriko gizarte- eta ingurumen-azpiegitura gisa. "Neska-mutilek eta nerabeek euren ingurunean bizitzen dituzten esperientzien isla dira, "hirugarren maistra "bat da, eta haien sozializazioan laguntzen du, bai euren artean, bai irakasleekin eta familiarekin ere. "Aisialdirako leku" guzti hauek zabaltzea beharrezkoa suertatzen da Bilbo hiri hezitzaile bezala garatzeko”, zehaztu du Eider Bilbaok.
Garapena hainbat ikastetxetan ematen ari dira
Hezkuntza Arloa "Patioak berrirudikatzen: Bilboko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetarako patio inklusibo, berde eta irekien kontzeptualizazioa" gidarekin lanean dago jada hiriko bost jolastokitan: Deustuko Ikastola, Deustuko HLHI, Zamakola, Tiboli eta Intxixu. Aldi berean, horietako bitan (Deustuko Ikastolan eta Deustuko HLHIn) proiektu pilotu ezberdinekin ari dira gida frogatzen.
"Bakoitzean 47.000 euroko inbertsioa egin da. Jarduera guztiak hezkuntza-komunitateak adostu ditu, eta helburua eskola-patioetan egiten den inbertsioa indartzea da, hezkuntza-komunitatearen eskaerari erantzuteko", azaldu du Bilboko zinegotziak.
Gogoratu beharra dago Bilbok Haur eta Lehen Hezkuntzako 33 ikastetxe publiko dituela. 100.000 m2 baino gehiagoko berdeguneak, kirolguneak eta aisialdirako guneak. Patioak, oro har, ia erabat asfaltatuta egoten dira, salbuespenak salbuespen. Patioko espazio gehiena kirol-pistetarako izaten da gehienbat, futbolean edo saskibaloian jokatzen aritzeko. Haurrentzako jolasak eta hondar-espazioak ere izaten dira, eta, kasu batzuetan, eskolako baratzeak ere. Ohikoa da jolastokiaren erabilera desberdina izatea ikasleen artean, kirol-pistan jokatzen dutenen eta ez dutenen artean (gustatzen ez zaiolako, uzten ez diotelako...), baita generoaren arabera ere (espazio nagusi maskulinizatuagoak eta hondar-espazio feminizatuagoak).
Patioen konpromisoa
Gida honek bat egiten du Bilboko Hezkuntza Sailaren beste ekintza batzuekin, eskola-orduetatik kanpo herritarrei irekita dauden bizikidetza-eremuetako eskola-patioetan aurrera egitea bilatzen dutenekin, alegia.
Gauzak horrela, joan den 2024-2025 ikasturtean arrakastaz garatu zen "Patio irekiak" proiektu pilotuaren lehen edizioa, Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailak, Lanbiderekin eta Bilbao Ekintzarekin lankidetzan, Indautxuko Eskolako eta Basurtuko Eskolako ikastetxeetan bultzatutako ekimen berritzailea. Espazio horrekin familiei jolaserako eta bizikidetzarako espazio inklusibo, seguru eta dinamizatua eskaintzea lortu da, batez ere asteburuetan. Datuetan erreparatuz, hilero, 2.000 haur inguruk hartu zuten parte ekimenean, 300 heldu baino gehiagok lagunduta.
Proiektua Innovation in Politics Awards Europako sari ospetsuetako 14 proiektu finalista espainiarren artean aukeratua izan da, pertsonen bizitza hobetzen eta demokrazia indartzen duten ekimen publiko ausart eta berritzaileak aintzatesten dituztenak. Edizio honetan 22 herrialdetako 300 proiektu baino gehiago aurkeztu dira.