Astearte honetan goizean, José R. Pascual-Vilaplanak diseinatutako eta koordinatutako 'Profilak' izeneko 2025-2026 denboraldia aurkeztu du Bilboko Udal Musika Bandak. Aurkezpenean, zuzendariaz gain, Bilboko Udaleko Berdintasuneko eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek, Iñaki Urkizu zuzendariordeak eta Bilbao Musikako gerente Ana Madariagak hartu dute parte.
Hainbat hizkuntza, genero eta estilotan murgiltzen den programazioarekin, musikaren irakurketa plurala proposatzen du, gure gizartean elkarrekin bizi diren identitate anitzen isla gisa. 'Profilak' denboraldiak hamazazpi hitzordu biltzen ditu 2025eko irailetik 2026ko apirilera bitartean. Hamasei ohiko eta gertuko agertokietan izango dira: Euskalduna Jauregia (8), J.C. de Arriaga Kontserbatorioa (5), Azkuna Zentroa (1), Arriaga Antzokia (1) eta Joan Santuen Eliza (1). Inaugurazio-eguna berritzailea izango da, irailaren 14an izango baita, leku berezi batean: Las Palmaseko Alfredo Kraus auditorioan, Gran Canaria Wind Orchestrarekin eta Kanaria Handiko Musika Banden Federazioarekin lankidetzan.
Virginia Martínez Fernández, Miguel Romea Chicote, Martín Baeza Rubio, Carlos Garcés Fuentelsaz, Andrea Gasperin Alberto Roque, Txemi Etxebarria Urzain, Miguel Etchegoncelay, Miquel Rodrigo i Tamarit eta Nicolás Serrano Valdizán bilbotar gaztea, Bilbao Musika Zuzendaritzaren Nazioarteko III. Sariaren irabazlea, izango dira denboraldi honetako hamar batuta gonbidatuak. Oholtzan Iñaki Urkizu Kerejeta zuzendariordeak hirutan eta José R. Pascual-Vilaplana lautan lagunduko diete. Zuzendari Titular gisa amaitu ondoren, Zuzendari gonbidatu Nagusia izango da Muroko maisua. Bakarlari gisa, ospe handiko artistak arituko dira, hala nola Iñaki Alberdi (akordeoia), Gurutze Beitia (aktorea), Noa Lur eta Ainara Ortega (ahotsa), eta Sergio Carolino tubista portugaldarra.
Interpretatuko den errepertorioaren artean, Bilboko Udal Musika Bandak hiru erabateko estreinaldiak egingo ditu: denboraldi honetarako hautatutako Juan Cubillas Musikeneko ikaslearen konposizioa, Federico Jusid argentinar konpositore ezagunaren "Bidaia" obraren bandarako egokitzapena eta Bandaren 130. urteurrena ospatzeko 'Areatza' izeneko obraren estreinaldia, Gabriel Erkoreka bilbotar konpositore ospetsuak egina. Gainera, banda-literaturan garrantzi handia duten bi konpositore garaikideren lanak entzun ahal izango dira Estatu mailan: Chen Yi txinatarrarenak edo Lindsay Bronnenkant iparramerikarrarenak.
Bilbon zikloa irailaren 19an, ostirala, hasiko da, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaon. 'Sustraidun musika' izeneko kontzertuan, Iñaki Urkizuk hartuko du batuta. Kolorez betetako bidaia proposatuko du Bandak, Marquina, Pierné, Balmages, Van McCoy eta Márquezen lanekin, erritmo latinoekin, melodia mediterraneoekin eta kultura arabiar zein afrikarreko oihartzunekin.
J.C. de Arriaga Kontserbatorioan bost kontzertu izango dira. Urriaren 17an, 'Bertsoa eta sugarra' izeneko programarekin egingo du debuta gonbidatutako zuzendari moduan Nicolás Serrano Valdizán bilbotarrak. Guridi, Bert Appermont, Ida Gotkovsky eta David Rivasen musika izango du oinarri, tradizio euskalduna eta egungo lengoaia musikala uztartzeko. Azaroaren 28an, Carlos Garcés Fuentelsazek zuzenduko duen 'Sustraiak' kontzertuak emozio unibertsaletara eramango gaitu, Khachaturianen epikatik hasita, Óscar Navarroren argitasuneraino. Abenduaren 12an, 'Itsasoaren profilak' izango da entzungai Andrea Gasperinen zuzendaritzapean: Adam Ferrero, Porrino eta Hidasen lanek itsas paisaiak iradokiko dituzte. Urtarrilaren 30ean izango da Bilbao Musikako X. Zuzendaritza Topaketaren amaierako kontzertua, Alberto Roque irakaslea eta Pascual-Vilaplana bera zuzendari izango direlarik. Martxoaren 20an, ostirala, Miguel Etchegoncelayren gidaritzapean, “Egunsentiari begira” programarekin emango zaio amaiera agertoki honi; Bronnenkant, Piazzolla, Ravel eta Kosmickiren lanek osatuko dute egitaraua.
Azaroaren 16an, igandez, Arriaga Antzokiak hitzordu bakarra hartuko du, baina oso esanguratsua: 'Argiak eta elezaharrak', Virginia Martínez Fernándezen zuzendaritzapean. Ticheliren, Yagisawaren eta Cesariniren musika lagun, programak mito pertsonal eta kolektiboak argituko ditu, adierazkortasunez betetako errepertorioaren bidez.
Denboraldiaren zatirik handiena Euskalduna Jauregian garatuko da, eta zortzi kontzertu eskainiko dira bertan. Urriaren 5ean, igandea, hasiera emango zaio zikloari 'Bidaia' izeneko kontzertuarekin, Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean eta Iñaki Alberdi akordeoi-jotzailea bakarlari lanetan. Juan Cubillasek idatzitako 'Guerras cántabras' obra estreinatuko da, eta Chen Yiren 'Wind', Asins Arbóren 'Mare Nostrum' eta Federico Jusiden 'Bidaia' interpretatuko dira. Azaroaren 2an, 'Miszelanea' kontzertuak, Martín Baeza Rubioren zuzendaritzapean, Estatuko banda eta musika lirikoaren maisulanak errepasatuko ditu, Wagner eta Fallari keinua eginez. Abenduaren 20an, 'Gabonetako esentziak' izenburupean, Gurutze Beitia narratzaile eta Pascual-Vilaplana zuzendari izango dira, Tchaikovskytik Morten Lauridsenera doan emozioz beteriko ibilbidea eskaintzeko, Gabonetako klasikoekin amaituko dena.
2026 urteari urtarrilaren 18an emango zaio hasiera, 'Sing American Songbook' izeneko kontzertuarekin, jazz bokalaren bihotzera bidaia bat eginez, Noa Lur eta Ainara Ortegaren ahotsekin, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean. Otsailaren 15ean, 'Sentsualitatea eta mitoa', Miguel Romea Chicotek zuzenduta, Rimsky-Korsakov eta Óscar Navarroren unibertso musikalera hurbilduko gaitu. Astebete geroago, otsailaren 22an, “Bihozkadak” programarekin, Txemi Etxebarria Urzain gipuzkoarrak hartuko du batuta; Saint-Saëns, Julie Giroux eta John Mackeyren lanak izango dira entzungai. Apirilaren 19an, Pascual-Vilaplanak “Musika-hareatzak” kontzertua zuzenduko du, Musikenerekin lankidetzan, Sergio Carolino tubajole portugaldarrarekin solista moduan eta Gabriel Erkorekaren “Arenal” obraren estreinaldiarekin. Denboraldiari amaiera emango zaio apirilaren 26an, “In modo de sátira” kontzertuarekin, Miquel Rodrigo i Tamarit gonbidatuaren zuzendaritzapean. Palau, Asins Arbó, Ives eta Shostakovichen lanek osatuko dute umore eta erritmoz beteriko programa satiriko eta zirikatzailea.
Gainera, emozio espiritual handiko hitzordu bat izango da martxoaren 27an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, Joan Santuen elizan: Iñaki Urkizuk gidatutako Aste Santuko Musika programa berezia, Vélez, Marquina, Grieg, Melchor eta Doradoren lanekin, besteak beste, barne-bilketa, dotorezia eta edertasuna gogora ekartzeko.
“Estilo aniztasunetik haratago, 2025-2026 denboraldia musikaren indarraren adierazpen gisa aurkezten da: identitateak marrazteko, komunitatea eraikitzeko eta etorkizuna irudikatzeko gaitasunaren adierazle, betiere bikaintasun artistikoarekiko konpromisutik eta gizartearekin elkarrizketan oinarrituta”, adierazi du José R. Pascual-Vilaplanak Zuzendari gonbidatu Nagusi berriak, hamaika urtez zuzendari titular izan ondoren. “Bilborentzat ohore handia izan da José Rafaelen mailako eta mundu osoan errekonozimendua duen profesional bat izatea, eta hunkitu egiten gaitu gure hiriari lotuta jarraitzeak. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu banda zuzendu duen hamarkada luzeko dedikazioagatik, eta oso pozik gaude bere talentuaz eta zintzotasunaz gozatzen jarraitzeko formula egokia aurkitu dugulako”, azpimarkatu du Itziar Urtasunek.
Orkestra zuzendaritzaren inguruko topaketak
Orkestra zuzendaritzari buruzko X. Topaketen barruan, aurtengo edizioan 'Bilbao Musika Zuzendaritzako Nazioarteko Saria' IV Lehiaketaren deialdia egingo da. Lehiaketa honen amaierako kontzertua urtarrilaren 30an izango da Bilboko J. Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioan. José R. Pascual-Vilaplana izango da topaketen zuzendaria eta koordinatzailea eta Alberto Roque, irakasle gonbidatua eta epaimahaiburua izango da. Alberto Roque portugaldarra orkestra-zuzendaritzako irakaslea da Leirako Kontserbatorioan (Portugal). Lehiaketaren azken faseko kontzertu honetan, Udal Banda hiru batuta finalistek zuzenduko dute, eta Georges Bizet-en 'L’Arlesienne Suite Nr.2', Serge Lancen-en 'Cap Kennedy' eta W. Francis McBeth eta Kenneth Hesketh-en bertsioetan 'Masque' entzun ahal izango dira.