La Landa. Hori izango da Zorrotzako Muturrean, Artsenalbidea, Renfe Aldiriko trenbidea eta itsasadarraren artean definitutako espazioan, hain zuzen ere, eraiki berri den aisialdirako eremurako herritarrek aukeratutako izena. Udalak 2.653.620,19 euro inbertitu ditu, BEZa barne. Izen hori herritarrek Basurtu-Zorrotzako barrutiko Kontseiluan daukaten parte-hartzearen emaitza da.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, korporazioko beste kide batzuekin batera, adibidez Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzia, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotzia eta Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia parke berrian izan dira gaur goizean.
Guztira 11.022 metro koadro dauzka parkeak, eta berdeguneak, egoteko guneak, jolaserako guneak eta kirol-guneak ditu. Aisialdirako gunea da, eta aurreko proiektu bat osatzen du: pumptrack bat, kirol-kantxa batzuk eta bidegorri bat.
Egoteko guneak eta bideak
Bide nagusiaren bitartez, egoteko guneen multzo bat sortu eta konektatu da. Bigarren mailako bideek gainerako espazioak lotuko dituzte, hala haurrentzako jolasguneak nola egoteko guneak.
Egoteko lekuetan eserlekuak eta mahaiak daude, eta giro desberdinak sortzen dituzte. Gainera, altzarien artean eserlekuen multzoak jarri dira, irisgarritasun-araudiaren arabera egokituak, beso-euskarriarekin eta bizkarraldearekin.
Bestalde, bide nagusiak zabalera handia dauka, larrialdietarako eta mantentze-lanetarako ibilgailuak igaro ahal izateko; hau da, gutxienez 5 metroko zabalera. Bigarren mailako bideek, berriz, 2 metroko zabalera egokitua daukate.
Ibilbide horiek oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza erraztuko dute, modu jarraituan baina nahastu gabe.
Ildo horretan, jarraipena eman zaio aurreko fasean egindako bidegorriari, lehenik trenbideen ondoan eta kaian zehar, ondoren. Errei hori erabiliz bizikletaz sartu ahal izango da parkera, baina parkearen konfigurazioak berak aparkatzera bultzatuko du erabiltzailea, oinezkoentzako edo jolaserako guneetara iritsi aurretik.
Hartara, bidegorriaren ondoan bizikletak aparkatzeko hiru eremu erreserbatu dira, eta obraren erreferentziazko hiru espazioei emango diete zerbitzua: kirol-espazioak, haurrentzako jolas-eremuak eta mahaiak dituzten egoteko guneak. Aparkaleku horiek hainbat ainguraketa-puntu dauzkate. Haietako bitan hamabi bizikleta aparkatu ahal izango dira eta hirugarrenean (itsasadarretik hurbilen dagoenean), lau.
Gainera, inguruan ibilgailuak aparkatzeko bi gune sortu dira, 63 plazarekin.
Umeentzako jolasguneak eta kirol eremuak
Nautikan girotutako jolasgune bi jarri dira haurrentzat, kontuan izanik parkea itsasadarretik eta kaitik gertu dagoela.
Lehenengoa, hiru urte arteko haurrentzat; bigarrena, hiru eta hamabi urte bitartekoentzat. Eremu biek jolas inklusiboak, irisgarriak eta egokituak dauzkate premia bereziak dituzten umeentzat.
Halaber, kirol-eremu bi sortu dira, aurretik egindako espazioetatik gertuen dagoen partean, hala nola pump track-a.
Horrela, bada, parkour motako kirol-eremua dago, hainbat formatako blokeekin, ad hoc diseinatutako zirkuitua sortuz; eta kalistenia-eremua, hainbat barra-multzorekin. Hiri-altzariak jarri dira, eserleku gisa, kirol-eremu biei zerbitzua emateko.
Parke berriak, gainera, 2.800 metro koadro belardi eta zuhaixka-eremu dauzka. Bertan 64 zuhaitz berri landatuko dira, lau espezietakoak: lizarrak, haltzak, urkiak eta altzifreak. Proiektatutako horietatik 46 landatu dira, eta udazkenean landatuko dira gainerakoak.
Elementu bereizgarri gisa planteatutako drainatze mota du, SUDen bidez (drainatze iraunkorreko sistema), ingurumenari dagokionez gomendagarria dena. Euri-ura lursailera iragazten laguntzen duen sistema da, eta, gainera, nolabaiteko metatze-ahalmena du; horri esker, zoladura horiek urari eusten diote, lur naturalean iragazten diren bitartean.