Datorren ostiralean, ekainaren 27an, inauguratuko da 'Artistak egoitzan 2024/2025: eskuratze berriak (Bilbaoarte Bilduma)' izeneko erakusketa. BilbaoArte Fundazioan 2024/25ean estudio-lagapeneko beka modalitatean egonaldia egin duten hamalau artisten azken ekoizpenak biltzen dituen lana Uribitarte40 Aretoan egongo da ikusgai irailaren 7ra arte.
Publikoak hogeita hamar bat artelan ikusi ahal izango ditu guztira, praktika garaikidearen azken joeren eta lan egiteko moduen zein prozesuen adibide adierazgarri direnak. Artelanak BilbaoArte Bilduman sartuko dira.
Haien sorkuntza-prozesuak handitzen laguntzeko xedez, erakusketak hamalau edizio berezi hartzen ditu barne, artista-liburuak formatu gisa dituen aukerak hedatzeko; edizio horiek artista bakoitzaren hizkuntzan eta praktikan txertatzen dira, Roberto Aguirrezabala artistarekin egindako lanaren laguntzari esker.
Proiektua ekainaren 27tik irailaren 7ra bitartean ikusi ahal izango da, eta hainbat bisita gidatu izango dira euskaraz eta gaztelaniaz, zeinu hizkuntzara egokituak, uztailaren 9an eta 30ean, eta abuztuaren 6an eta 27an, 19:00etan. Erakusketarako eta programatutako jardueretarako sarbidea librea eta doakoa da.
Erakusketa
Apurtu aurretik gorputzak dituen bultzada eta mugen inguruko lana; argazki-irudiaren edo bideoaren abstrakzioari buruzko esperimentazioa, bi bitarteko horien berezko narratibotasunari kontrajarrita; metala transformatzeko ahalmenaren parekoak diren proposamen eskultorikoak, Eibarko industria armamentista beste produktu batzuetara -hala nola bizikletetara- berrorientatzeko ahalmenari lotuta; artistaren identitatearen dekonstrukzioari buruzko proiektuak; ikerketa plastikoaren prozesuaren emaitza gisa sortutako instalazioak, non irudi eta gorputz lau batzuek forma hartzen baitute “ukimen-irudi” moduan, dimentsioen artean kokatuta; giza emozioak, eskulturan eta performancean islatuak; pieza eszenikoen moduko bideoak, igeriketaren eta gorputz-ariketen performatibitatea kondentsatzen dutenak azentuak, ahotsaren bolumena, intonazioa, abiadura edo erritmoa gidatzen dituen fonazio- eta arnasketa-aparatuarekin; espazioan durundi egiten duten konposizio geometrikoak; diziplinarteko artelanak, berrikuntza teknologikoaz baliatzen direnak hiri-espazioak birpentsatzeko, eta haien bizigarritasuna ahalbidetzen duten artefaktuen bidez eraldatzen direnak; edo zatikatutako gorputz baten moduko irudiak, hainbat teknika eta materialen bitartez kohesioa hartzen dutenak: horiexek dira artisten proposamenetako batzuk.
Uribitarte40 aretoaren ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara. Astelehenetan itxita.
Artistak
Hainbat adin eta jatorritakoak, erakusketa honetan parte hartu duten hamalau sortzaileak BilbaoArte Fundazioan 2024/25 aldian estudio-lagapeneko beka modalitatean egonaldia egin dute,
Artista hauek dira: María Benito Píriz (Durango, 1992), Leo Burge (Londres, 1991), Ana Busto (Igorre, 1952), Almudena Crespo (Madril, 1957), Miren Doiz (Iruñea, 1980), Hodei Herreros (Vitoria-Gasteiz/Granada, 1997), Marta Lorenzana (Asturias, 1987), Pablo Marte (Cádiz, 1975), Yon Matauko (Vitoria-Gasteiz, 1987), Gabriele Muguruza (Donostia, 1992), Joey Ordoñez (El Puerto de Santa María, 1985), Javier R. Peré-Curiel (Oviedo, 1978), Marc Vives (Barcelona).
BilbaoArte Bilduma
BilbaoArte Bildumak 600 pieza baino gehiago ditu, eta era guztietako diziplina eta praktika garaikideak biltzen ditu. Artista egoiliar bakoitzak BilbaoArte Fundazioari 1998tik egiten dizkion lagapenetan du jatorria, erakundeak emandako laguntzaren ordainetan.
BilbaoArtek ekoizpen artistiko profesionaleko zentro gisa duen misioaren ondorio bat da, eta bilduma euskal jatorriko, estatuko eta nazioarteko autoreen kalitate handiko lanen erakusketa esanguratsua da, gaur egungo panorama artistikoaren isla direnak.
2023ko apirilean, BilbaoArte Bildumak Eusko Jaurlaritzaren aitortza jaso zuen, Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan sartu baitzuen.