Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bai ekainaren 28an ospatuko den LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin, berdintasunarekin, askatasunarekin eta aniztasunarekin duen konpromiso irmoa berretsiz, sexu-orientazioa, identitatea edo genero-adierazpena edozein izanik ere. Horretarako, LGTBIQ+ pertsonen eskubideak ikusarazi, babestu eta sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina bat jarriko du martxan.

Berdintasun eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek azaltzen duenez, "LGTBIQ+ kolektiboaren errealitateari buruzko kontzientzia sortu behar dugu herritarren artean, haien bizipenak eta erronkak ikusarazi. Egun bat gomutatzea ez ezik, hiri berdinzaleago, anitzago eta inklusiboago baterantz aurrera egitea ere bada helburua, non pertsona guztiek beren identitatea askatasunez eta beldurrik gabe bizi dezaketen”.

Izan ere, Bilboko Udalak Sexu eta Genero Aniztasunaren I. Udal Plana (2025-2030) onartu zuen maiatzan. Tresna horrek sendotu egiten du LGTBIQA+ pertsonen eskubideekin eta hiri bidezkoagoa, pluralagoa eta sexu- eta genero-aniztasunagatiko indarkeriarik gabekoa eraikitzearekin Udalak duen konpromisoa. Jardunbide egokien ikerketa eta azterketan eta tokiko errealitateari buruzko diagnostikoan oinarritutako parte-hartze prozesuaren emaitza da dokumentu hau, eta LGTBIQA+ Foroa osatzen duten elkarteen inplikazio aktiboa jaso du. Beste gizarte-eragile batzuek ere parte hartu dute, baita Berdintasun Planen Jarraipen Batzorde Politikoak ere.

Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunean (apirilak 26) eta Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunean (maiatzak 17) gertatu zen bezala, OSO HARRO mezua indartzen duen kanpaina instituzional bat aurkeztu da, "hemen pertsona guztiek baitute lekua eta erakutsi nahi baitugu Bilbo hiri inklusiboa, irekia eta segurua dela", adierazi du Itziar Urtasunek. Irudiarekin batera LGTBIQ+ hitza gehitu zaio, ortzadarraren koloreekin, "aniztasuna balio kolektiboa dela" azpimarratzeko.

Sormen-lan hori hainbat euskarri fisikotan zabalduko da, hala nola hiri-altzarietan, udal-egoitzetako pantaila digitaletan eta Bilboko Udalaren webgunean, bai eta Udalak sare sozialetan dituen kontuetan ere.

Uria ortzadarraren koloreekin argiztatuta

Ekainaren 19tik 28ra Casilda Iturrizar parkeko pergolako iturria eta Abandoibarrako farolak LGTBIQ+ banderaren koloreekin argiztatuko dira, Bilbao Bizkaia HARRO ekitaldiarekin bat etorrita.

Bestalde, Udaletxeko fatxada ortzadarraren koloreak dituzten argiekin dekoratuko da ekainaren 28ko gauean, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat etorrita.   

Bilbao Bizkaia HARRO

Bilbo musikaz, kolorez, harrotasunez eta karrozaz beteko da ekainaren 19tik 22raBilbao Bizkaia HARRO plataformak antolatutako programazio bete-betearekin. Bilboko udalaren laguntza du ekitaldi horrek.Nobedade moduan, ekainaren 21ean errebindikazio-ibilaldi batek Bilbao Bizkaia HARROren funtsa gidatuko du, eta aniztasuna, aniztasunarekiko errespetua, baterako lana eta poza erabiliko ditu ikusarazteko eta borrokatzeko tresna modura.

Egun horietan, halaber, Zinegoak, Bilboko Gay-Lesbi-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko XXI. Jaialdia egingo da Bilbon, ekainaren 23tik 30era hain zuzen ere. Udalak laguntza ematen dio jaialdiari, Lesbianismo eta Genero Sariaren bidez. Sari horren helburuak dira emakume lesbianen eta bisexualen parte-hartzea sustatzea gizartean, oro har, eta LGTB komunitatean, bereziki, eta istorio lesbikoak eta emakumeek eremu horretan egiten duten lana ikusaraztea, eta salaketa sozialean eta giza eskubideen aldeko borrokan laguntzea.

1969tik

Urtero legez, Stonewalleko (New York) istiluak gomutatzen dira ekainean. 1969ko istilu haiek eman zieten hasiera LGTBIQ+ aldarrikapen- eta borroka-mugimenduei, identitatea eta sexualitatea duintasunez bizitzeko eskubidearen alde. Egutegian markatutako data hori gogoan, Bilboko Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekainaren 28ko egunaren harira egiten diren kanpainan, mobilizazioetan eta aldarrikapen-jardueretan aktiboki parte hartzera.

Sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko apustua Udalarentzat estrategikoak diren bi proiekturen barruan sartzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH). Horien bidez, balioak garapen-eragile dituen hiri bat eraikitzeko lan egiten da.