Irailaren 16tik 22ra bitartean ospatuko den Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, Bilboko Udalak 'Mugikortasuna eta jasangarritasuna' izeneko argazki-lehiaketa bat jarri du martxan. Aste honetan, Nora Abete alkateordeak ekimena aurkeztu du. Helburua hirian mugikortasun jasangarriko ohiturak ikusaraztea eta sustatzea da.

Mugikortasunaren Europako Astea Bilbao 2025 "Mugikortasun jasangarria" argazki-lehiaketaren deialdia ekainaren 15ean irekiko da 12 urtetik gorako edozein pertsonarentzat (adingabeak, tutorearen baimenarekin), eta argazkiak aurkezteko epea irailaren 15ean amaituko da. Parte-hartzea doakoa da eta pertsona bakoitzak gehienez argazki bi (jatorrizkoak eta argitaratu gabekoak) bidali ahal izango ditu. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar Bilboko Udalari baimena ematea argazkiak Mugikortasunaren Europako Astea sustatzeko erabiltzeko.

Irudiak JPG edo PNG formatuan bidali behar dira, ahalik eta bereizmen handienarekin. Posta elektronikoz bidaliko dira argazkia@bilbaosinmicoche.net helbidera, «Bilboko Mugikortasunaren Europako Astea argazki-lehiaketa» gaiarekin. Mezuan hauek adieraziko dira: Parte-hartzailearen izen-abizenak, argazkiaren izenburua eta, aukeran, irudiaren deskribapen laburra. Argazkiak Mugikortasunaren Europako Astearen kontu ofizialean argitaratuko dira. Bozketa jendearentzat irekita egongo da eta irudi bakoitzak muga-egunera arte jasotzen duen «atsegin dut» kopuruaren arabera ebatziko da. Nahi izanez gero, parte-hartzaileek argazkiak partekatu eta zabaldu ahal izango dituzte, boto gehiago lortzeko.

Irabazleen iragarkia irailaren 17an (eguaztena) jakinaraziko da«Atsegin dut» gehien duten 3 argazkiek BILBOBUSen doako pase bat jasoko dute, urtebeterako balioko duena. Era berean, antolatzaileen iritziz, sari gehigarriak jaso ahal izango dituzte beste aipamen berezi batzuek.

Argazkiek Bilboko mugikortasun jasangarria islatu beharko dute:

  • Garraio publikoaren erabilera (metroa, tranbia, autobusa, funikularra, jasotze-sistema publikoak, etab.).
  • Mugikortasun aktiboa (oinez ibiltzea, bizikleta, patinetea, etab.).
  • Oinezkoentzako espazio, berdegune, hiri-ingurune... irisgarriak.
  • Hirian jasangarritasuna sustatzen duten ekintzak.