Síguenos en redes sociales:

'Mariposas negras' filma BBK Aretoan ikusi ahal izango da

Filmak hiru istorio erreal kontatzen ditu klima-aldaketak hiru emakumeren bizitzan duen eraginari buruz

Datorren ostegunean, ekainaren 19an, Animaziozko Film Onenaren Goya Saria irabazi zuen Mariposas Negras filma ikusi ahal izango da Bilboko BBK aretoan. Proiekzioa amaitutakoan, mahai-ingurua egingo da David Baute zuzendariarekin. Ekimen hau hiriko garapenerako lankidetzaren 30. urteurreneko ekitaldien barruan antolatuta dago.

Filmak hiru istorio erreal kontatzen ditu klima-aldaketak hiru emakumeren bizitzan duen eraginari buruz (Tanit, Valeria eta Shaila). Emakume horiek planetako txoko ezberdinetatik datoz, baina denek daukate antzekotasun bat: dena galdu dute berotze globalaren ondorioz, eta migratzera behartuta daude.

Mariposas Negras-ek klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileez kontzientziatu nahi gaitu. Ibilbide arrakastatsua izan du nazioarteko jaialdietan, eta azaroan Nazio Batuen egoitzan aurkeztu zen. Han, harrera bikaina eman zion New Yorkeko publikoak.

Lan honek David Baute tenerifetarraren hamabi urte baino gehiagoko ikerketak jasotzen ditu. Denbora horretan, berotze globala eta klima-aldaketa aztertu ditu, zehazki nola mundu osoko migrazio-mugimenduen arrazoi nagusietako bat bihurtu diren. Zintak 2Dko animazio bikaina erakusten du, ikusleak Karibetik, Indiatik eta Afrikako adarreko basamortu-guneetatik Parisko, Dubaiko eta Nairobiko hirigune handietaraino eramanez.

Saiorako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik gonbidapena jaso beharko da (edukiera bete arte, hemen: https://labur.eus/mariposas_bbk). Ondorengo mahai-inguruan David Baute filmaren zuzendaria egongo da, Marta García Terán Zehar Errefuxiatuekin erakundeko eragin eta partaidetza sozialeko zuzendariak gidatutako ekitaldi batean.

30. urteurrena

Ekimen hau Bilboko Udalaren Garapenerako Lankidetzaren 30. urteurrenaren barruan programatutako ekitaldietan kokatzen da, Udalak nazioarteko elkartasunarekin eta mundu bidezkoago eta berdinzaleago baten eraikuntzarekin daukan konpromisoaren testuinguruan.

Hiru hamarkada hauetan, Bilbok 60 milioi eurotik gora inbertitu ditu 2.000 proiektu baino gehiagotan, hogeita hamar herrialde baino gehiagotan, Euskal Fondoarekin eta Lankidetzarako Udal Kontseiluan ordezkatuta dauden Bilboko 60 GGKE eta elkarte baino gehiagorekin lan eginez.

Jardun-eremu nagusiak hauek dira: ura eta saneamendua eskuratzea; emakumeak ahalduntzea eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzea; hezkuntza eta prestakuntza; eta laguntza humanitarioa eta larrialdiko laguntza.

Urteurren honetan, askotariko jarduera-programa bultzatu da –besteak beste, Mariposas Negras filmaren proiekzioa–, Bilboko Lankidetza Kontseiluarekin eta tokiko GGKEekin lankidetzan, herritarrei irekiak. Urteurrena gala handi batekin amaituko da Azkuna Zentroan, datorren azaroaren 13an.