Estatuko beira-edukiontzirik emankorrena Bilboko Zabalgune plazan dago, eta iaz 75 tona beira-ontzi bildu zituen. Astearte honetan goizean, Bilboko Udaleko Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotzi Kepa Odriozolak eta Euskadiko Ecovidrio enpresako kudeatzaile Óscar Acedok birziklatzearen inguruko hainbat datu zabaldu dituzte.
Horrez gain, 2024an, Bilboko herritar bakoitzak 26,5 kilogramo beira-ontzi utzi zituen, hau da, 91 bat ontzi pertsonako, hirian han eta hemen instalatuta dauden 1.290 edukiontzi berdeetan. Datu positibo horien arabera, gehien birziklatzen duten hiru hirietako bat da Bilbo, birziklatzearen arloan aurreratuen dauden Europako herrialdeen mailara hurbilduz.
Kepa Odriozolak adierazi du pozik dagoela, beiraren gaikako bilketan datu positiboak daudelako hirian; izan ere, datu horiek urterik urte hobetuz doaz, Udalaren inplikazioari esker eta bilbotarrek birziklatzeko eta jatorrian bereizteko egiten duten ahaleginari eta ardurari esker. Ahalegin horiek -adierazi du-, hiriak eredu jasangarriago eta zirkularrago baterantz aurrera egiteko duen konpromisoa islatzen dute, non hondakinak ingurumenerako eta gizarterako baliabide baliotsu gisa kudeatuko diren.
Bestalde, Óscar Acedok honako hau nabarmendu nahi izan du: Bilbon lortutako emaitzek argi eta garbi erakusten dute herritarrek, ostalaritzako sektoreak eta administrazio publikoak ahaleginak egiten dituztenean, aurrera egin daitekeela beira birziklatzearen arloan. Eskerrak eman nahi dizkiet Bilboko Udalari eta bilbotar guztiei haien inplikazio eta konpromisoagatik. Orain, erronka hazkunde-bide horri eustea da, planak ezarriz eta udal-ordenantzak betetzen direla zainduz; izan ere, ordenantza horiek jatorrian birziklatu eta bereizi beharra ezartzen dute, legeak ezartzen duen bezala. Euskadin, beste behin ere, edukiontzi berdearen bidez birziklatzeko ereduaren sendotasuna frogatu da.
Beira birziklatzearen ingurumen-onurak
Beira % 100 birziklagarria eta behin eta berriz birzikla daitekeen materiala da, eta birziklatze-kalitate handia du. Horri esker, beirazko ontziak bereizita biltzeko sistema da eraginkorrena, efizienteena eta ingurumenaren aldetik jasangarriena. 2024an, Bilbon birziklatu den beirari esker, honako hauek lortu dira:
- Saihestu dugu atmosferara 5.354 tona CO2 isurtzea. Kopuru hori urtebetean zirkulaziotik 2.500 auto kentzearen parekoa da.
- Aurreztu dugu 6.593 MWh energia
- Saihestu dugu 11.070 tona lehengai baino gehiago erauztea; kopuru hori Brasilgo Kristo Erredentorearen pisua halako 9 baino gehiago da.
Beirazko ontziak birziklatzea Euskadin
Euskadin, beira-ontzien gaikako bilketa 62.113 tonakoa izan zen. Horrela, euskaldun bakoitzak 27,8 kg beira-ontzi bota zituen edukiontzietara, hau da, EAEn instalatuta dauden 11.314 edukiontzi berdeetan pertsonako 95 beira-ontzi. Kopuru hori Estatuko batez bestekoa baino askoz handiagoa da (19,1 kilo/biztanleko eta 65 ontzi pertsonako).
Kopuru horietan oinarrituta, euskal herritarrek egunean 582.782 ontzi bota zituzten edukiontzi berdeetara, minutuko 404 ontzi baino gehiago.
Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoa da beira-ontzien gaikako bilketari ekarpen handiena egiten dion lurraldea (34,2 kilo/biztanleko), gero Bizkaia (24,8 kilo/biztanleko) eta azkenik Araba (24,6 kilo/biztanleko). Hiru lurraldeetan, nolanahi ere, herritarren ekarpena estatuko batez bestekoaren gainetik dago.
Edukiontzi berdeetan utzitako beira guztiaz gain, Ecovidrio enpresak, osagarri gisa, 380 tona beira-ontzi berreskuratu zituen. Ontzi horiek ez ziren jatorrian behar bezala bereizi, eta Gasteizko Biokonpost hiri-hondakinen instalazioetan berreskuratu ahal izan ziren, ekoizpen-ziklora itzultzeko.
Aurten ere, EAEko ostalaritzako establezimenduak funtsezko zutabe izan dira Ecovidriorentzat. EcoVares planari esker, iaz bakarrik, Euskadiko Ecovidriok 2.000 establezimendu ingurutan izan zuen eragina, eta 19 kanpaina jarri zituen abian, udalekin lankidetzan, beira-sortzaile handiek hondakinak jatorrian bereizi beharra ezartzen duten udal-ordenantzak goitik behera betetzen dituztela bermatzeko.
Euskadin, non Ecovidrio bilketa osoaren kudeaketa zuzena egiten duen, tratamendu-instalazio bat eta erreferentziako beirategi bat ditu, eta horiei esker euskaldunek edukiontzietan uzten duten beira guztia erkidegoan birziklatzen da erabat. Industria-sare indartsu eta berritzaile horri eta administrazioak eta herritarrek birziklatzearekin duten konpromiso irmoari esker, Estatu osoan ekonomia zirkular sendoenetakoa duen lurraldea bihurtu da.
Ecovidrio
Ecovidrio da beira-ontzien gaikako bilketa lekuan bertan kudeatzen duen eta horrela jasangarritasunari jatorritik erantzuten dion SCRAP espezializatu bakarra eta, honako honetan, Bilboko Udalarekin batera, Bilboko beira-ontzien 2024ko berreskurapen-emaitzak jakinarazi ditu. Aurreko ekitaldian kontsumoa % 3 inguru jaitsi zen arren, beira-ontzien gaikako bilketa % 1,9 igo zen, eta, lehen aldiz, 9.232 tonara iritsi zen.
Zifra horrek sendotu egiten du beira-ontzien gaikako bilketari dagokionez hirian dagoen joera positiboa, azken bost urteetan % 20,5 hazi baita. Bilakaera horrek Bilboko herritarrek eta ostalaritzak bereizita biltzearekin duten konpromiso irmoa islatzen du, bai eta Udalak Bilbo ekonomia zirkularreko hiri erreferente gisa kokatzeko egindako apustu sendoa ere.
1997az geroztik, Ontzien eta Ontzi-hondakinen Legea onartu eta 1998an abian jarri ondoren, Ecovidrio lanean ari da gure herriak eta hiriak ekonomia zirkularraren erronken aurrean eraldatzeko, enpresen, administrazioen eta komunitateen ahaleginak aurrera egin dezan erakundearen ezagutzari, dedikazioari eta berrikuntza-gaitasunari esker.
25 urte baino gehiagoan, Ecovidriok birziklatze-sistema eraginkorra, efizientea eta jasangarria diseinatu du. Sistema horrek ia 6.000 enpresa ontziratzaileren konpromisoa eta konfiantza du, Puntu Berdearen bidez beira birziklatzea ahalbidetzen baitute. Sistema horri esker, gaur egun, beirazko hamar ontzitik zazpi birziklatzen dira Estatuan.