Bilboko Udalak 430.916,51 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Europa parkeko elementu bereizgarrienetako bat den Berotegia hobetu eta egokitzeko. Lanak esleitu eta hasten direnean lau hilabeteko epean egingo dira, eta parte-hartze bidezko aurrekontuen barruan sartuko dira.
365 metro koadroko eraikina, hiriko birika berde garrantzitsuenetako baten erdian, Begoña eta Otxarkoaga-Txurdinaga barrutien artean. Udal Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du jarduketa honi ekiteko proiektua, baita horretarako erreserbatutako aurrekontuko partida ere.
Proiektuaren azalpena
Europa parkeak 114.000 metro koadro baino gehiago dauzka eta 1988an inauguratu zen. Ordutik, funtsezko gunea izan da inguruko auzoetako bizilagunen aisialdirako eta bizikidetzarako.
Hainbat instalazio dauzka, adibidez berdeguneak, bidexkak, kirol-eremuak eta umeentzako jolas-guneak. Parkeko bihotzean dago Berotegia eta, parkearen barruan daukan balioa gorabehera, nolabaiteko narriadura izan du (ur-iragazketak, altxatuak...) denboraren joanak eta urteetan zehar izandako ekintza bandaliko batzuek eraginda.
Kalte horiek direla eta, eta haien egoera aztertu ondoren, ondorioztatu da haien egitura arriskuan egon daitekeela eta, horregatik, Udalak esku-hartze bat planifikatu du, epe luzera haien babesa eta funtzionaltasuna ziurtatzeko.
Proiektu hori gaur onartu da eta eraikinaren egitura egokitzea izango du helburu. Horretarako, estalkia zaharberrituko da, patologiak konponduko dira (oxidazioa, gainazaleko akaberak askatzea...) eta elementu metaliko guztiak birgaituko dira, estankotasuna eta iraunkortasuna bermatzeko.
Funtsezko esku-hartzea da ez dadin gehiago narriatu eta berotegiak parkean elementu estrategikoa izaten jarraitzen duela bermatzeko.