268 errentamendu-kontratu egin zituen Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak 2024an, hau da, aurreko urtean baino % 9,39 gehiago. Udal-etxebizitza bat lehen aldiz eskuratu zuten bizikidetza-unitateak, aldiz, % 82,89ko igoera izan zuen 2023arekin alderatuta.

Etxebizitza Kolaboratibo Jasangarriaren programaren lehen edizioak nabarmen lagundu du hazkunde horretan, era horretako 35 etxebizitza esleitu baitira. Programaren xedea da errentariak inplikatzea etxebizitzaren mantentze-lan jasangarrietan, eta, era horretan, erabiltzaileak ere ondasun publikoen mantentze-lanetan erantzukizuna har dezaten sustatzea. Programa honen bidez, prest jartzeko eta konponketa txikiak egiteko beharra duen etxebizitza bat eskaintzen zaie programaren baldintza guztiak bete eta Etxebiden izena emanda dauden pertsonei.

2024an etxebizitza publikoaren esleipenean nabarmendu beharreko beste alderdi bat da hirugarren sektoreko erakundeei 22 etxebizitza esleitu zaizkiela, 2023an xede horretarako bideratutakoen bikoitza. Bestalde, 2024an 102 lokal esleitu ziren etxebizitzaz bestelako erabilerarako.

2024ko abenduaren 31n, udal-etxebizitzen parke publikoan 4.226 etxebizitza zeuden. Horietatik % 97,87 (4.136) errentan emanda zeuden eta 8.719 pertsona bizi ziren. Gainerako % 2,13 (90) berriz, alokairurako izapideak egiten edo erreforma-prozesuan zeuden.

Yolanda Díez Etxebizitza Saileko zinegotzi eskuorde eta Udal Etxebizitzen presidentearen hitzetan, «hiriko 9.000 pertsona inguru Udalak kudeatzen dituen etxeetan bizitzeak argi uzten du zer-nolako ahalegina egiten duen toki-administrazioak gehien behar dutenei etxebizitza izateko aukera bermatzeko».

Etxebizitzen udal-parke osoa kontuan hartuta, 86 zuzkidura-bizitokiak dira, eta 112 etxebizitza egokituak. Gainera, erakundeak 897 lokal, 366 garaje eta 78 trasteleku ere baditu. Udalaren higiezinak uriko zortzi barrutietako zazpitan eta hogeita hiru auzotan banatuta daude. Etxebizitza gehienak Otxarkoaga-Txurdinaga (1.575) eta Ibaiondo (1.002) barrutietan daude. Etxebizitza-parkearen gainerakoak honela banatuta daude: Deustun 487; Errekalden 474; Begoñan 369; Zorrotzan 233 eta Uribarrin 86.

Udal-etxebizitza baten esleipendunen artean, % 74,1 kide bateko edo biko bizikidetza-unitateak izan dira. % 46 35 urtetik beherakoei dagokie eta % 35,2 35 eta 65 urte bitartekoei.

2024ko abenduaren 31n, 12.430 pertsona zeuden erregistratuta, udal etxebizitzen eskatzaile gisa. Eskatzaileen % 26,68 (3.316 pertsona) 35 urtetik beherakoak dira, eta % 78,13 (9.712) kide bateko edo biko bizikidetza-unitateei dagozkie.

Bilbon alokairuko etxebizitza publikoa eskatzen duten pertsonen diru-sarrerei dagokienezgehienek (% 33,75) 10.000-15.000 euro artean jasotzen dute urtean, eta, % 24,12k 15.000-20.000 euro artean.

2024ean, Udal Etxebizitzak erakundeak 14.819.929 euro fakturatu zituen, parke publikoko alokairutan. Errenta finkoaren batez bestekoa hileko 272,56 eurokoa da etxebizitzetarako, eta hileko 227,67 eurokoa, berriz, lokaletarako.

Eraikuntza, birgaitzea eta mantentzea

2024ko azaroan, alokairuko 93 zuzkidura-bizitoki (AZB) eraikitzeko lanak hasi ziren AmetzolanBigarren fasea da, eta, amaitzean, 159 apartamentu izango dira alokairu sozialean, bost urteko txandatze-aldiarekin. Gazteen emantzipazioa erraztera bideratutako etxebizitza babestuaren proposamena da, baina baita behar handienak dituzten gizarte-sektoreei bizitegi-baliabideak ematera bideratutakoa ere.

Orain Otxar proiektuaren esparruan, 2024ko abenduan, Euskadiko Hiri Berroneratzeko Ikerketa Zentroaren obrak hasi ziren. Zentroa Otxarkoagan egongo da, mojen egoitza izandako eraikin batean. Hezkuntza- eta prestakuntza-proiektuak bultzatzeko eta jarduera-, ekintzailetza- eta enplegu-nitxo berriak sustatzeko ekimena da. Eraikitzeko aurrekontua 983.530 eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak 585.000 euroko dirulaguntza eman du.

Iaz, energia-efizientziako eta irisgarritasun unibertsaleko irizpideen araberako birgaitze-obrak egin ziren Orain Otxar programako bost eraikinetatik bitan. Zehazki, Larrakoetxe kaleko 1. zenbakian eta Txotena kaleko 18-24. zenbakietan dauden eraikinetan. Eta Otxarkoagako beste bi bloketan lanak hasi ziren: Txotena 12-16 eta Irumineta 24-30. Bi kasu horietan, lanen barruan dago eraikina iparraldeko altxaerarantz handitzea, eta horrek etxebizitzen bizigarritasuna hobetzea ekarriko du.

Udal Etxebizitzak sozietateak jabetzan pisuak dituen eraikinetako birgaitze-lanak osatzeko, 2024an Iturribide eta Fika kaleetako eraikinean obrak egiten hasi dira

2024an hasitako birgaitze-obrek 5,8 milioi euro inguruko aurrekontu orokorra dute.

Bestalde, 2024an, Santutxuko Torre Urizar eta Untzeta parrokoaren etxebizitza sozialen multzoaren birgaitze integraleko lanak egiten jarraitu zen. Bi proiektuen kasuan auzo-bulego bat jarri etxebizitza horien inguruan, eta, hara joanda, herritarrek informazioa eta laguntza lor dezakete prozesuari lotutako edozein izapide eta kudeaketa egiteko. Proiektu horiek aukera ematen dute hirigintza-jarduketa parte-hartzaileak sartzeko edo auzoko hiri-paisaiaren bilakaera ikertzeko.

2024an, 2.178.784 euro erabili ziren udal parkeko etxebizitza eta lokalen mantentze-lanetarako. Horietatik 1.683.474 euro etxebizitzetako obretarako izan ziren, eta gainerakoa lokaletan eta konponketetan erabili ziren. Zehatz esateko, 143 birgaitze-lan egin ziren etxebizitzetan, 42 obra lokaletan, eta 3.016 konponketa-lan.

Higiezinen jabe gisa egindako gastuen atalean, Bilboko Udal Etxebizitzak elkarteak 2,5 milioi euro baino gehixeago bideratu zituen iaz kuotak ordaintzera, eta 1,5 milioi euro baino gehiago derramatan, batez ere igogailuak jartzeko.

Bestalde, 2024ko Gazte Solidarioaren edizio berrian, 20 pisu esleitu ziren. Guztira, UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta IED Kunsthal-eko graduondoko 57 ikasle gaztek aurten aurrenekoz parte hartu dute programa honetan. Ikasle bakoitzak hilean 55 euroko prezio sinbolikoa (argi- eta ur-gastuak sartu gabe) ordainduta, proiektu komunitarioetan parte hartzen dute, Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetan, auzo horietan baitaude pisuak.

Zerbitzuaren kalitatea eta jarduketa estrategikoak

2024an, erregistro eta egoitza elektronikoaren erabilera sendotu egin zen. Hain zuzen ere, 2022ko otsailean ezarri zen arreta-kanal berri gisa, aurrez aurreko eta telefono bidezko arretaren osagarri -horiek ere ematen dira-, aukera ematen baitu arreta pertsonalizatuari alternatiba bat eskaintzeko.

Erakundearen egoitza sozialean aurrez aurreko lehen arreta jaso ondoren, 2.103 pertsonak hasi zituzten eskaerak eta izapideak Udal Etxebizitzekin, bulegoetako erregistro elektronikoaren sistema erabiliz.

Bestalde, 2.659 pertsona izan ziren beren izapideak zuzenean egoitza elektronikoaren bidez egitea erabaki zutenak. Era honetako izapideak egin zituzten: Udal Etxebizitzak erakundearen zerbitzuei buruzko informazioa eskatu, alokairu sozialeko erregimeneko etxebizitzak eskatu eta horien alokairua kudeatzen hasi, merkataritza- edo enpresa-jarduerak garatzeko lokalen eta garajeen eta trastelekuan alokairua kudeatu.

Halaber, Informazio Zerbitzuan 12.352 telefono-kontsultari erantzun zitzaien, ohiko kanalen bidez eta 5.132 pertsonari eman zitzaien arreta aurrez aurre, hitzordua eskatuta.

Amaitzeko, 18.293 pertsonek 41.922 bisita egin zituzten erakundearen webgunean. Webgunean informazioa ematen da zerbitzuei buruz, udal-etxebizitza bat eskuratzeko baldintzei, alokatzeko lokal, garaje eta trastelekuei, indarrean dauden jarduera-programei eta egoitza elektronikorako sarbideari buruz.