Síguenos en redes sociales:

Bizitzaren amaieran erabakitzeko eskubidea auzo guztietan azalduko du Bilbok

Aurretiazko Borondateen Bulegoa uriko zortzi udaltegietara hurbilduko du

Bizitzaren amaieran erabakitzeko eskubidea auzo guztietan azalduko du BilbokB. U.

Herritar guztiek bizitzaren amaieran beren zainketei buruz erabakitzeko duten eskubidea ezagutzen dutela bermatzea, hori da Bilboko Udalak Bizkaiko Sendagileen Elkargoarekin batera martxan jarriko duen kanpainaren helburu nagusia, Aurretiazko Borondateen Bulegoa uriko zortzi udaltegietara hurbilduz. Astearte honetan goizean, Osasun eta Kontsumo sailak neurri honen berri eman du.

Bulego ibiltari horrek aurretiazko borondateen dokumentua idazten, legeztatzen eta erregistratzen lagunduko die interesa duten herritarrei. Pazienteen historia klinikoari eransten zaion lege-balioko dokumentu horri esker, paziente bati arreta ematen dioten medikuek eta familiak erraz jakin ahal izango dute hark zer nahi duen bizitzaren amaieran, baldin eta ezin badu bere borondatea adierazi; zehazki, jakin ahal izango dute zer tratamendu onartzen dituen, zein baztertzen dituen eta nola iritsi nahi duen bizitzaren amaierara.

Ekimen horrekin, Bilboko Udalak indartu egiten du pertsonen errespetuan, autonomian eta duintasunean oinarritutako osasun publikoarekiko daukan konpromisoa.

Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumoko zinegotziak azpimarratu duenez, "beste urrats bat da zaintzen duen hiri baten alde, alegia une gogorrenetan ere herritarren eskubideak babesten dituen hiri baten alde. Nahi dugu bilbotar guzti-guztiek jakitea beren nahiak idatziz adierazteko eskubidea dutela, eta eskubide hori baliatzeko aukera izatea".

Bestalde, Bizkaiko Sendagileen Elkargoko presidente Joseba Atxutegi Amarikak nabarmendu duenez, gai horretan adituak diren medikuak arduratuko dira udaltegietan jendeari aurretiazko borondateak idazten laguntzeaz: "Helburua da hausnartutako dokumentu bat egin ahal izatea, kalitate handikoa, interpretaziorako aukerarik emango ez duena. Horrela, jasotako jarraibideak bete behar dituzten osasun-langileek oso argi izango dute egileak zer erabaki duen". Presidentearen arabera, aurretiazko borondateen agiria berme bat da dokumentu hori egiten duenarentzat, eta opari handia da familiarentzat; izan ere, familiak ez baitu erabakirik hartu beharko senide baten ordezkari gisa haren bizitzaren amaieran, zeina une latza baita.

Agiria egiteko interesa dutenek zuzenean eman ahal izango dute izena Bizkaiko Sendagileen Elkargoaren webgunean; barruti bakoitzaren data espezifikoak argitaratuta daude bertan. Udaltegi bakoitzean hitzaldi ireki bat egingo da, eta, ondoren, dokumentua talde txikietan egiteko aukera eskainiko da, goizez zein arratsaldez.

Informazio-saioak eta tailerrak antolatuko dira Deustun, Otxarkoagan, Begoñan, Ibaiondon, Abandon, Zorrotzan, Basurtun eta Uribarrin. Data guztiak, informazio-saioenak zein tailerrenak, esteka honen bidez kontsulta daitezke: Oficina de Voluntades Anticipadas en los Centros de Distrito de Bilbao.

"Erakundeen arteko lankidetza honek erakusten du zelan hurbildu ahal ditugun eskubideak eta zaintzak auzoetara. Adinekoei eta joan-etorriak erraz egin ezin dituztenei aurretiazko borondateen dokumentua beren barrutietan egiteko aukera eman nahi diegu, laguntza profesionalarekin eta konfidentzialtasun bermatuarekin", gaineratu du zinegotziak.

Nolanahi ere, norbaitek aurretiazko borondateen dokumentua egin nahi badu eta udaltegietako datak ez badatozkio ondo, Aurretiazko Borondateen Bulegora jotzea ere badu, hitzordua eskatuta. Bulego hori Bizkaiko Sendagileen Elkargoan dago, Bilboko Lersundi kaleko 9 zenbakian.