Kids’ Guernica, mundu osoko haurren artean bakearen kultura sustatzen duen proiektu artistiko kulturala, aurkeztu zen atzo Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko Kulturen Atarian. Erakusketa Bilboko Udalak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatu dute, eta Ukrainako eta Japoniako neska-mutilek margotutako bi horma-irudik osatzen dute. Erakusketa apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren oroipenean kokatzen da.
Kids’ Guernicak artea sustatzen du, adierazteko eta adiskidetzeko tresna gisa. Bakearen aldeko horma-irudi horietarako inspirazioa Pablo Picassoren Guernica margolan unibertsaletik sortu zen, gerrek ekartzen duten izugarrikeriaren testigantza gisa. Ondare artistiko horretatik abiatuta, mundu osoko haurrek sortzen dituzte lan kolektibo horiek, eta bake eta elkartasun globaleko mezua helarazten dute.
Bilbon apirilaren 27ra arte erakutsiko dituzte gerra bat jasatea zer den ondo dakiten bi komunitate lotzen dituzten lan horietako bi: Japonia eta Ukraina.
All children 's dreams in one word "Peace". Murala 2024an margotu zuten Irpineko Ekonomia Fakultateko ikasleek, Ukrainan, errusiarren inbasioak gehien zigortu zuen hirietako bat, zeinaren zubia 2022an suntsitua izan zen. Obra kolektibo honen bidez, jasaten ari diren suntsipenagatik eta sarraskiengatik sentitzen duten mina eta bakea ahalik eta lasterren iristeko nahia erakusten dute.
Ondoan Kayoko Sakura III Project ikus daiteke, Himi Bigarren Hezkuntzako ikasleek 2023an Nagasaki hiri japoniarraren inguruan sortutako murala. Kasu honetan, Kayoko Sakura III proiektua helarazi diote olana handi honi. Urtero, bonba atomikoaren biktima den Kayoko Hayashiren gereziondoaren kimuak banatzen dituzte munduan zehar. Lore-petaloen, eskuen aztarnen eta banderen bidez, Gernikak eta Nagasakik, jakinduriaz eta ausardiaz, hiri baketsu eta zoriontsuak beren hondakinetatik sortzen jakin dutela adierazten dute.
Erakusketa honen aurkezpenean Itziar Urtasun, Berdintasun eta Jaietako zinegotzia eta Bilboko Udaleko Kultura Saileko albokoa, hartu du parte, eta bakea “elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta lankidetzaren bidez soilik iritsi daitekeen ‘Giza Eskubide eztabaidaezina” dela gogorarazi du. “Uste dut horma-irudi hauek sortu dituzten neska-mutilek maisutasunez erakutsi dituztela”, nabarmendu du. Gainera, Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da aurkezpenean.
Minoru Watanabe ekimenaren sustatzaileak ere parte hartu du ekitaldian, eta “Gernikako genozidioaz geroztik, gizateriak akats asko egin dituela historiatik ikasi gabe, Hiroshima eta Nagasakirenak kasu”, gogorarazi du, baita ere “sarraski masiboek mundu osoan jarraitzen dutela”.
Hori dela eta, nazioarteko lankidetzarako deia egin du, “gerrarik gabeko etorkizuna sortzeko, bakean eta zoriontasunean, non pertsonek elkar maitatu eta elkarri lagunduko dioten. Hau da gure Kids’ Guernica proiektuaren mezua”.
Gontzal Rodriguez Agudoren musika emanaldiarekin amaitu da aurkezpena. Musikari bizkaitarrak hainbat kantu jo ditu Hiroshiman bonba atomikotik bizirik atera zen eta Minoru Watanabek Bilbora ekarri duen biolin batean.