Santutxuko Garabi plazako haur-jolasak berrituko ditu Bilboko Udalak
Guztira 1,3 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko da
Bilboko Udalak 1.356.844,26 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Santutxu auzoko Garabi plazako haur-jolasak berritu eta estaltzeko. Aste honetan onartu egin ditu gobernu batzarrak jarduketa horri ekiteko proiektua eta lanak egiteko erreserbatutako aurrekontu-partida. Aurreikusita dago lanak sei hilabe irautea.
Lan horiek Bilboko auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan sartzen dira, eta, beraz, inguruko bizilagunek, 4. barrutikoek, lehenetsi dituzte.
Zehazki, haur-jolasak estaliko dituzte polikarbonato trinkoz egindako metalezko egitura batekin. Eta eremu osoan zoladura aldatuko da eta argiteria erabat modernizatzea aurreikusi da, plazaren aurrean geratzen den espaloian barne.
Altzari guztiak ere berrituko dira – bankuak, paperontziak, barandak, argiak eta fokuak... – eta gaur egun espaloiaren erdian dagoen iturria beste leku batean kokatuko da.
Jarduketaren helburua ez da soilik haur-eremua berritzea eta estaltzea, horrekin batera, adin desberdinetara egokitutako jolasgunea ere jarri nahi baita. Adibidez, batetik, urtebete eta lau urte bitarteko haurrentzako jolasak egongo dira eta beste eremu batean bost eta hamabi urte bitarteko adin-tartekoentzat. Era berean, kirol anitzeko eremu bat egongo da, kirol anitzeko kantxa batekin eta txikienentzako jolas-elementuekin.
Gainera, plazako espazio eta eremu eguzkitsuak hobeto aprobetxatu ahal izateko, parterreetako batzuk aldatuko dira neurri batean, zabalera handiagoa emango baitzaie. Nolanahi ere, lehendik dauden zuhaitz guztiak mantenduko dira, eta ale berriak landatuko dira, altuera desberdinetako beste zuhaixka- eta tapizatzaile-espezie batzuez gain.
Proiektuaren barruan sartzen da, halaber, txakurrentzako aisialeku hesitu bat jartzea ertzetako batean.