Larunbat honetan, martxoaren 22an, jarriko du martxan Bilboko Udalak desgaitasuna duten pertsonentzako pala eta euskal pilota eskola. Klaseak Esperantzako udal frontoian egingo dira, eta kirol-modalitate horietara egokitutako lehenengo eskola izango da.
Udal instalazioaren komunikazio bikainei eta irisgarritasunari esker, Esperantzako udal frontoia leku ezin hobea da eskola hori abian jartzeko. Eskola Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren eta Bilbao Esperantza Pilotaren arteko lankidetzatik sortu da.
Helburua, esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko espazio inklusibo bat sortzea, ikasleen desgaitasun-motak eta -mailak edozein direla ere. Hala, dibertsitate funtzionala duten Bilboko eta Bizkaiko pertsonei egokitutako kirol-espazio bat eskaini nahi da, kolektibo horretan euskal pilota ezagutzera eman, eta kirol konbentzionaleko inklusio-prozesuetan aurrera egin, egokitutako palako eta esku-pilotako atal bat sortuz. Eskola hamabost egunez behingo saioekin abiatuko da bihartik aurrera.
Kirol egokitua 2025-2028 Plan Estrategiko berrian
Eskola berria Bilbao Kirolak 2025-2028 Plan Estrategiko berria ezartzen duten ekintzen parte da. Ekimena BK Komunitatea eta BK Soziala ildo estrategikoen barruan dago, eta bultzada handia ematen dio herrialdeko eta hiriko kirol estrategikoen sustapenari –hala nola euskal pilota–, bere inplikazio sozial eta kulturalagatik, bai eta kirol egokituaren sustapenari ere, jarduera fisikoa herritar guztiengana hurbiltzeko, salbuespenik gabe.