Asteazken honetan goizean, martxoaren 12an, Gobernu Batzarrak 1.628.488,92 euroko aurrekontu-zuzkidura onartu du Euskadi plaza eta Arte Ederren Museoaren ingurua hobetzeko proiektua garatzeko. Guztira 38.517,62 metro koadroko eremuan garatuko da proiektua, bi gunetan bereziko dena. Alde batetik, Casilda Iturrizar parkearen ekialdea, Kale Nagusitik Euskadi plazaraino eta Teofilo Guiard kaleraino. Eta bestetik, Euskadi plaza, Mazarredo zumarkaleko espaloitik Arte Ederren Museoaren pareraino eta Deustuko zubiraino. Lanen lizitazio- eta esleipen-tramiteak amaitzen direnean, eta behin lanak hasita, sei hilabeteko epean burutuko dira.
Lan hauekin Udalak helburu argiak ditu, Asier Abaunza Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publikoko zinegotziak eta Kepa Odriozola Obra Publiko eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu dutenez. Alde batetik, Arte Ederren Museorako sarbideak edertzea; eta, bestetik, Bilboko bi museo nagusien -Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Museoa- arteko oinezkoen joan-etorriak sustatzea eta erraztea.
Hala, proiektuaren barruan esku-hartze batzuk jasotzen dira, bai parkean, bai plazan, espazioen hiri-hobekuntzarako, arreta berezia jarriz hondatuta dauden elementuei, eta irisgarritasuna ere nabarmen hobetu nahi da, horretarako ibilbide egokituak bultzatuz. Eta, horrela, Arte Ederren Museoan inguru berri bat sortuko da, gaur egun pinakotekan egiten ari diren eraberritze- eta handitze-lanen mailan egongo dena.
Museoaren parkeko sarbideari itxura berria eman nahi zaio, elementuak konpondu eta berriak jarrita, eta espazioak birgaituta. Horrez gain, ikuspegi berri bat sortu nahi da, parterreen diseinua aldatuz, koloreak eta formak beste era batera konbinatuz.
Horretarako, hondatuta dauden elementuak garbitu, konpondu eta ordezkatuko dira, obra berriekin bat, museoko zonaldea itxuratuz.
Era berean, plazarako antzeko kontzeptua proposatzen da, alegia, museoaren aurreko aldea txukundu eta zenbait elementu eta material konpondu. Zehazki, oinezkoentzako ibilbideak hobetzea proposatzen da. Horretarako, museoaren aurreko bidean plataforma bakarra sortuko da, eta, aldi berean, museora sartzeko aldean espaloia zabalduko da. Era berean, oinezkoentzako ibilbide berriak sortuko dira, Arte Ederren eta Guggenheimen museoen artean konexio zuzenagoa sortu ahal izateko.
Irisgarritasuna eta konexioak
Alde batetik, parkean, haurren gunearen aurrean dagoen parterrea irekiko da, pasabide zentral zuzen bat sortzeko, gainerako sarbideetan bezala.
Bitartean, oinezkoen ibilbideei dagokienez, Guggenheim eta Arte Ederren museoen arteko konexioa hobetzea bultzatuko da plazan. Eta, horretarako, Elcano kaleko eta museoaren pareko oinezkoen pasabideak, baita plazatik museora iristeko dagoena ere, handituko dira. Gainera, pasabide berri bat egingo da Mazarredo zumarkalearen parean, eta pasabide hori plazatik abiatuko den bide berri batekin lotuko da. Mazarredo zumarkaleko eta Juan Ajuriaguerra kaleko oinezkoen pasabideak ere berrantolatu egingo dira.
Elcano kaleko oinezkoen pasabidean dauden zerbitzu-armairuak (argiztapena eta semaforoak) beste leku batean jarriko dira eta armairu horien ondoan dagoen motoen aparkalekua kendu egingo da, espaloiak zabaldu behar baitira oinezkoen konexioak bermatu ahal izateko.
Eta, hain zuzen ere, parketik museorako sarbide hobea eta zabalagoa sortzeko asmoz, espaloia zabalduko da Arte Ederren fatxadaren aurreko aldean, Euskadi plazan. Horrela, bidearen plataforma bakar batera iritsiko gara, Deustuko zubiaren ondoren eta Mazarredo zumarkalea igaro ondoren kontzentratutako zati baten kota igoz.
Babestutako elementuak
Casilda Iturrizar parkea inguru babestua den aldetik, halaxe baitago jasota HAPOren barruan, materialak ordezten direnean ingurua errespetatu behar da, parkearen osotasunaren koherentzia estetikoa apurtu gabe eta harekin bat etorriz.
Hori kontuan izanik, zoladura aldatu eta konponduko da, oinezkoentzako ibilbidean, parkean, kareharri beltza ipiniz, oraingo harri bera edo antzekoa erabiliz koloreari, formari eta tamainari dagokienez.
Gainera, obraren esparruan, babestutako elementu batzuk daude, hala nola, Ricardo Bastidaren Lau Txorrotako Iturria; iturri hori zaharberritu egingo da eta inguratzen duen zoladura ere garbitu eta konpondu egingo da.
Era berean, argi apaingarriak hobetuko dira iturriaren inguruan. Gaur egun dauden fokuen ordez LED motako sistemakoak ipiniko dira, energia-eraginkortasuna hobetzeaz gain, iturrira begira jarriko baitira eta hartara, monumentuaren edertasuna nabarmendu eta itsualdirik ez da eragingo
Paisajismoa eta lorategiak
Proiektuaren barruan proposatzen da Kale Nagusian, Artetxe Kondearen zumarkaleko parkeko parterreetako landaretzaren diseinu berria, baita museoaren albo batean dauden hiru parterre txikietakoa ere.
Diseinu modernoa eta koloretsua izango da, urte osorako landareekin eta bolumenekin konbinatuz, kolore eta forma ezberdineko landareak aukeratuta eta perimetroan heskaia jarrita. Hori egingo da parkearen funtsa galdu gabe, baina museoaren etorkizuneko irudira hurbilduz.
Landare naturalagoak eta bertakoak landatuko dira, koloreen aldeko apustua eginez basalandareak aukeratuz eta tonu eta ehundura desberdinekin kontrastatuz.
Altzariak, argiak eta akaberak
Altzari batzuk aldatu eta modernizatuko dira, hala nola, eserlekuak eta paperontziak Casilda Iturrizar parkean; Euskadi Plazan, berriz, eserleku gisa erabiltzen diren elipse goratuen akabera-materiala aldatu egingo da, oinezkoak esertzera gonbidatuko dituen material atseginago bat jarriz.
Plazako harmailetako eta zoladurako kautxuzko akabera ere aldatu egingo da. material berriak egungoaren kolore bera izango du, baina prestazio hobeak izango ditu kalitateari, iraunkortasunari eta mantentze-lanei dagokienez.
Parkeko farola modeloa bateratu egingo da eta oraingo farolen ordez LED motakoak ipiniko dira eraginkortasun energetikoa hobetzeko.
Museoaren albo batean (Elcano kalean), berriz, Juan Luis Morazaren monumentuaren (Farolen basoa) argiztapen apaingarria berriro diseinatuko da. Lanparak aldatuko dira, farolak lekuz aldatu barik; horixe izango da aldaketa bakarra. Energia-eraginkortasuna hobetzea proposatzen da LED sistemara aldatuta.
Kale Nagusian eta Elcanoko espaloian - museoaren alboan- zoladura aldatuko da, gaur egun bezala Bilbo motako baldosa jarrita.
Horrez gain, Casilda Iturrizar parkeko txorkoak -zeramikazko piezekin- osatzen dituzten parterreen zintarriak eta hormatxoak garbitu, konpondu eta/edo ordeztuko dira.