Asteazken honetan goizean, 1981eko martxoaren 5ean ETAk tiroz hil zuen José Luis de Raymundo Moya poliziako goi komisarioaren omenezko plaka jarri dute Bilboko Udaleko eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topaguneko ordezkariek.

Gaur, ETAren atentatutik 44 urte betetzen direnean, lore-eskaintza egin da krimenaren tokian jarritako plakaren alboan, Blas de Otero kalean, José Luisen familiarekin batera: Antonio Ángel anaia nagusia, koinata eta Rosa iloba, hil arte berarekin bizi izan ziren pertsonak. Ekitaldi solemnea izan da, txistulari bandaren musikak lagunduta. Bertan izan dira Amaia Arregi lehenengo alkateordea eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzia, Topaguneko kideak, Udal Korporazioko ordezkariak, beste erakunde batzuk eta memoriaren aldeko entitateak, bat egin gura izan duten norbanakoez gain.

José Luis de Raymundo Moyaren izena uriaren historian grabatuta dago plaka berri honekin; hirian jartzen den hamaikagarrena. QR kode bat jartzen da plaka guztietan. Horrek Udalaren web-orrira eramaten du erabiltzailea, memoriaren mapa eratuta dagoen lekura. Hor, hirian indarkeria politikoari eta terrorismoari lotutako gertaerak jasotzen eta kontatzen dira.

José Luis de Raymundo Moya

Nafarroako Itzaltzun jaioa, 57 urte zituen Deustuko Blas de Otero kalean hil zutenean. ETAk tiro bat jo zion buruan, eta zaurien ondorioz hil zen. Ezkongabea zen, ez zeukan seme-alabarik, eta bere anaia nagusiarekin, Antonio Ángel, Rosa emaztearekin eta bien alabarekin bizi zen.

Abokatua eta Kriminologiako goi diplomatua zen, praktikantea medikuntzan eta kirurgian (ATS). Atentatuaren unean, Santiagoko Komisariako goi komisarioa zen Bilboko Zazpi Kaleetan.

1981eko martxoaren 5ean, bere anaiarekin batera paseatzen ari zen Deustuko auzoan, etxerako bidean, Blas de Otero kalean. Paseoan, anaia ezagun batekin topatu zen eta hitz egitera gelditu zen. José Luisek ibiltzen segitu zuen, etxerantz. Une horretan, auto bat ondoan gelditu zitzaion. Hiru pertsona jaitsi ziren, eta gidaria autoan gelditu zen, motorra piztuta. Atentatuaren aurreko orduetan lapurtu zuten ibilgailua, eta jabea Artxanda mendiko zuhaitz bati lotuta utzi zuten. Haietako batek, aurpegia estali gabe zeukala, atzetik gerturatu eta garondoan tiro eginez erail zuen. Taldeak ihes egin zuen eta José Luis Basurtuko ospitalera eraman zuten. Klinikoki hilik iritsi zen.

Hil-kapera Poliziako Burutzan jarri zen. Leopoldo Calvo Sotelo Gobernuko presidentea, Juan José Rosón barne ministroa eta Carlos Garaikoetxea lehendakaria joan ziren, besteak beste. Hiletak Karmengo elizan egin ziren, Indautxu auzoan.

Gaur, haren omenezko plakak eta lore-eskaintzak atentatu tragiko haren 44. urteurrena oroitzen dute.

Hamaika plaka Bilbon biktimengatik

José Luis de Raymundo Moya Bilboko memoriaren maparen barruan dago jada. Bilbon terrorismoaren biktimen omenez jartzen den hamaikagarren plaka da hau.

Lehenengoa 2022ko azaroan ipini zen Ángel Pascual Múgica Lemoizko zentral nuklearreko proiektu-ingeniariaren oroimenez. ETAk 1982an hil zuen Begoña auzoan. Bigarrena 2023ko irailean ipini zen, José María Urquizu Goyogana bilbotarraren omenez. ETAk 1980ko irailaren 13an hil zuen, haren familiak Durangon zeukan farmazian lanean ari zela.  Plaka hori Casilda Iturrizar parkean dago, familiak berak hala nahi zuelako. Parkea oroimenerako espaziotzat hartzen da, terrorismoaren biktimei dedikatutako monolitoa dagoelako, 2006an inauguratua.

Hirugarrena 2024ko martxoan jarri zen, Kale Nagusiko 1ean, Plaza Biribilaren ondoan, Banco de Vizcaya-ren egoitza zegoen lekuan, han baitzuen lantokia Benicio Alonso Gómezek. ETAk 1983ko otsailaren 5ean hil zuen, bonba bidez.

2024an bertan hauek jarri ziren:

Laugarrena, apirilaren 30ean, Botikazar parkean, Fermín Monasterio Pérez taxi-gidari bilbotarraren oroimenez. ETAko kide batek tiroz hil zuen 1969ko apirilaren 9an. ETAren lehenbiziko biktima zibila izan zen, beraz. Ekainaren 24an bosgarrena jarri zen, Pedro Ibarretxe kalean, Justizia Jauregiaren ondoan, Francisco Javier Núñez Fernándezen omenez. Matematikako irakasle gazte hori 38 urterekin hil zen, polizia-indarkeriaren biktima, 1977ko maiatzaren 30ean.   

Seigarren plaka uztailaren 23an jarri zen Salazar Jeneralaren kalean, Anastasio Leal Serradillaren omenez. Anastasio udal langilea zen eta 1980ko uztailaren 23an hil zen, lanean, ustez Triple A-ren "goma biko" bonba bat zartatu zenean. Atentatu berean, leherketaren ondorioz, bi neba-arreba gazte ere hil ziren, edukiontzi batetik kartoiak jasotzen ari zirela. Zazpigarrena urriaren 7an jarri zen, David Salvador Bernardoren omenez, Bilboko Maiatzaren 2ko kaleko 4. zenbakian, jaio eta lehenengo urteak bizi izan zituen tokian. Taxilari hori tiroz erail zuen Andoainen, 1977ko urriaren 7an, Triple A erakundeak.

Zortzigarrena azaroaren 22an jarri zen, Ertzaintzaren sarjentu nagusi zen Joseba Goikoetxea Aslaren oroimenez, Tivoli kalean, ETAk 1993ko azaroaren 22an egindako atentatuaren lekuan, eta bederatzigarrena, berriz, azaroaren 26an, Angel Esparta Basterra gaztearen omenez; Guardia Zibilak tiroz hil zuen 1975eko azaroaren 25ean, eta polizia-kidego horrek Franco hil ondoren egindako lehen krimena dela jotzen da.     

2025ean, otsailaren 1ean, hamargarrena ipini zen, Yolanda González Martín ikasle gaztearen omenez. Batallón Vasco Español-ek bahitu eta erail zuen Madrilen, 1980ko otsailaren 1ean. Plaka bere izena daukan plazatxoan dago, Deustuibarran.

Sinbolo horiekin "Bilboko Memoriaren Mapa" osatzen da, Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ekimena, biktima horien oroitzapena mantentzeko eta urian indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertakari horiei erreferentzia geografikoa emateko, eta ahanzturatik ateratzeko, eraildako pertsonen istorioak erreskatatzeko, herritarrengana iritsi daitezen. 

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 2017ko urriaren 16an sortu zen terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal-politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa. Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostea eta haien inguruan lan egitea.

Bilboko Topagunean biktimak, talde politikoak, eragile teknikoak eta bakearen eta bizikidetzaren arloko adituak daude. Balio erantsia ere badu; izan ere, biktimak erdigunean jartzen ditu eta, haiekin batera, espazio bat eraikitzen du egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioetan eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeetan oinarritutako memoriaren inguruan lan egiteko.