Salgai daude jada martxoaren 7tik 9ra bitartean Bilbon ospatuko den Musika-Músika jaialdirako kontzertuetako sarrerak. 'Musika eta emozioak' lelopean ospatuko den edizio honen barruan 70 kontzertu eskainiko dira. Sarrerak eskuragarri daude Euskalduna Jauregiko leihatilan (astelehenetik larunbatera, 12:00etatik 20:00etara) eta Euskalduna Jauregiko eta Musika-Música jaialdiko webguneetan. Irekiera-kontzerturako Arriaga Antzokiaren leihatilan edo webgunean ere eskuratu daitezke. Taldeentzako sarrerak (gutxienez 50 sarrera) erosteko, 94 403 51 80 telefonora deitu edo groups.euskalduna@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearen irekiera-kontzerturako ia sarrera guztiak salduta daude. Kontzertua martxoaren 7an, ostiralean, izango da Arriaga Antzokian. Arratsalde horretan bertan, musika Euskalduna Jauregiko aretoetan ere hasiko da entzuten betiko maratoi formatuan. Hau da, asteburuan zehar, 69 emanaldi eskainiko dira guztira, bakoitza 45 minutukoa.
Martxoaren 7an, ostirala, 20:30ean, Galiziako Orkestra Sinfonikoak kontzertu berezi bat eskainiko du Auditorioan, Maurice Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko. Orkestrak konpositorearen hiru obra ospetsu interpretatuko ditu: “Valses nobles et sentimentales”, “La Valse” eta “Bolero”.
Leku berean, jaialdiak hiru egunetan zehar kontzertu sinfoniko eta koralak bilduko ditu. Bertan, Auditorioko palestrara igoko dira Galiziako Orkestra Sinfonikoak, Euskadiko Orkestrak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak (duela 15 urte ez dutela kontzerturik ematen penintsulan), Bilboko Udal Bandak, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak.
Ravelen musika ez da Auditorioan entzungo den bakarra izango. Bertan sei sinfonia interpretatuko dira: Dvoraken “7. Sinfonia” eta Brahmsen “4. Sinfonia”, Gaztela eta Leongo Orkestrarekin; Txaikovskiren “6. Sinfonia”, Tenerifeko Orkestrarekin; Berliozen “Sinfonia fantastikoa”, Euskadiko Orkestrarekin; eta Bizeten “1. Sinfonia”, Galiziako Orkestrarekin. Gainera, Bilboko Koral Elkartearekin batera Beethovenen “Bederatzigarrena” ere joko dute. Horrez gain, Max Bruchen “Biolinerako eta orkestrarako kontzertua”. BOS eta Elinor D´Melon biolinistaren eskutik eta Griegen “Pianorako eta orkestrarako kontzertua”, Tenerifeko Orkestra eta Martín García García pianistaren eskutik entzun ahal izango dira ere.
"Emozioak haizean" programaren barruan, Bilboko Udal Bandak eta Andrea Jiménez sopranoak Wagner, Rutter, Whitacre, Arditi, Valencia, Puccini eta Jagerren obrak interpretatuko dituzte Auditorioan.
0B aretoa Kamara Orkestrentzat izango da, bertan Europako kontzertu-areto garrantzitsuenetan aritzen diren talde batzuk ariko dira. Besteak beste, Festival Strings Lucerne orkestraren kontzertuak hartuko ditu, birtuosismoagatik eta aldakortasunagatik ezaguna den Suitzako harizko taldea; Ensemble Nereydas, garaiko instrumentuak erabiliz musika barrokoan espezializatua; Café Zimmermann, Johann Sebastian Bachen interpretazioan erreferentziazko talde bat; Ensemble Diderot, Barroko goiztiarreko errepertorioan aditua, eta Friburgoko Orkestra Barrokoa, antzinako musika arloan miretsienetakoa; eta Esemble OBNI ere egongo dira eszenatokian.
Kamarako musika eta errezitaldiak 0D eta 0A aretoetan izango dira, eta bertan Meccore Hari Laukotea, Trio con Brio Copenhagen eta Martín García García pianista arituko dira.
Familientzako saioek eta zinema-musikari eskainitako emanaldiek, Euskalduna Jauregiko hainbat aretoetan ere izango dute lekua. Gehien espero den ikuskizunetako bat “Operetta” da, txikien eta helduen barreak piztu dituen eta bere biran sarrera guztiak agortu dituen emanaldia.
Interprete gazteek beren lekua izango dute Kioskoan. Bertan, 12 kontzertutan, hainbat kontserbatorio eta autonomia-erkidego ezberdinetako musika-hezkuntzako zentroak arituko dira.
Sarreren prezioak
Sarreren salneurriak hauek izango dira:
- Teatro Arriaga eta Euskalduna Jauregiko Auditorioa: 15 euro.
- 0B Aretoa: 12 euro.
- 0D, 0A eta 0C aretoak: 9 euro.
- 0E Aretoa: 8 euro.
- Kioskoa: 4 euro.