Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Marcos Muro Bilbao Kiroletako zuzendari nagusiarekin batera, 2025-2028 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur goizean. Dokumentu horrek lan-esparrua ezartzen du uriak kirolaren arloan izango dituen helburuei begira, bai eta helburu horiek lortzeko egin beharreko ekintzei begira ere.
Bilboko Udalaren 2025-2028 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoa, orain arte legez, 4 ardatz handitan egituratuko da: Bilbao Kirolak Komunitatea, Bilbao Kirolak Soziala, Bilbao Kirolak Jasangarria eta Bilbao Kirolak Berritzailea. Ardatz horiek esparru orokor eraginkorra eta oso ezaguna eskaintzen dute, bai erakundearen barruan, bai uriko kirol-ekosistema osatzen duten eragileen artean.
Udalaren plan estrategikoak berrikuntzak sartu ditu 14 programatan banatutako 46 ekintzen artean, kirol-arloko aldaketa eta berrikuntzetara egokitzeko; esate baterako, aplikazio berri intuitibo, irisgarri eta oso bat, erabiltzaileei aukera emango diena kirol-zerbitzu garrantzitsuenak modu erraz eta eraginkorrean eskuratzeko.
Ildo beretik, kirol-berrikuntzako laborategi bat sortzea ere proposatzen du, KirolLab, kirol-arloko jarduera, kudeaketa-eredu eta teknologia berriak esperimentatu, probatu eta ebaluatzeko diseinatua. KirolLabek lankidetza sustatuko du Bilbao Kirolak erakundearen, unibertsitateen, kirol-zerbitzuetako enpresen eta kirol- eta teknologia-ekosistemako beste eragile batzuen artean.
Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak azaldu duenez, Udalaren plan estrategiko berriaren diseinua hausnarketa global baten ondoren dator, uriaren erronka handiei kirolaren esparrutik erantzuteko. Horregatik, migratzaileei kirol-harrera egiteko plan bat ere planteatzen da. Plan horretan, udalaren kirol-instalazioetara sartzeko gida bat sortzea aurreikusten da, zerbitzuei eta kirol-jarduerei buruzko informazioa emanez hizkuntza askotan; osasun mentalerako eta ongizate emozionalerako kirol-jarduera espezifikoak diseinatzea; eta, halaber, aurreikusita dago diseinatutako jarduerak hainbat biztanleria-talderi egokituta egotea eta Bilbao Kirolak-en kirol-eskaintza erregularrean sartzea.
Errotetak azpimarratu du Udalak konpromiso irmoa duela kirolarekin. “Konpromisoa emakumeen artean kirola sustatzearekin eta lidergo espazioetan presentzia izan dezaten; konpromisoa kirola eta desgaitasuna duten pertsonak sustatzearekin, lanean jarraitzen baitugu instalazioak irisgarriak izan daitezen eta desgaitasuna duten pertsonei aholkularitza eta laguntza pertsonalizatuan lan egiten; eta konpromisoa ingurumen jasangarritasunarekin, kirol zirkularraren programa nabarmenduz”.
Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak azpimarratu duenez, “inoiz baino gehiago, kirola sustatu behar dugu, pertsona guzti-guztien -adin eta egoera guztietakoak, adinekoak, emakumeak, desgaitasuna dutenak- osasuna eta ongizatea lortze aldera… Eta arreta jarri behar dugu baita herritarren parte-hartze aktiboan, jasangarritasunean, Bilbao Kirolak-en eta kluben eta erakundeen arteko harremanak hobetzean (lankidetza-sarea eta Kirolaren Foroa) eta erabiltzaileak Bilbao Kirolak-ekin duen harremana/esperientzia hobetzean”.
Bilbao Kirolak Komunitatea estrategiako programei dagokienez, Errotetak honako hauek nabarmendu ditu: “Bilbo Aktiboago -SOAFen hedapena, Mugiment txartela, adinekoentzako jarduera fisikoko programak indartzea...- eta Konektatu Kirola, kirolari buruzko herritarren topaketak antolatuz, herritarrekin elkarrizketa irekia, Bilbon kirola eta jarduera fisikoa sustatzen parte-hartze aktiboa bultzatzeko”.
Bilboko Udalaren 2025-2028 aldirako Kirolaren Plan Estrategikoak Bilboko 4 kirol estrategikoak bultzatuko ditu – pilota, arraunketa, herri kirolak eta errugbia – uriko kirol-identitatearen eta -tradizioaren parte diren diziplinen praktika eta garapena sustatzeko eta zabaltzeko, eta Bilbon egoitza duten unibertsitateekiko harremanetan sakonduko du, kirolarekin lotutako gaien ikerketa akademikoa sustatuz.
4 ESTRATEGIA, 14 HELBURU ETA 46 EKINTZA
Estrategia: Bilbao Kirolak Komunitatea: herritar guztientzako jarduera fisikoa sustatzeari ekingo zaio ikuspegi komunitario batetik, kirol-ekosistemako eragileekin lankidetza sustatuz, gizarte aktibo eta osasungarria bultzatzeko.
Ardatz estrategiko horrek 3 helburu ditu:
- Bilbo Aktiboago: Bilboko biztanle guztien artean jarduera fisikoa sustatzea du helburu, ikuspegi inklusibo, belaunaldiarteko eta komunitario batetik.
- Lankidetza-sareak: Bilboko kirol-ekosistema osatzen duten eragileen arteko lankidetza sustatzeko diseinatua.
- Konektatu kirola: komunikazioa hobetzera bideratzen da, herritarrak udaleko kirol-eskaintzarekin konektatzea bilatzen du.
Estrategia: Bilbao Kirolak Soziala: inklusioa, ekitatea eta osasuna hobetzea ditu ardatz, kolektibo kalteberei kirolean aritzeko oztopoak kenduko dizkieten programen bidez.
Ardatz estrategiko horrek 4 helburu ditu:
- Kirola berdintasunean: Bilboko kirol-eremuan genero-berdintasuna sustatzea du helburu, emakumeen parte-hartzea eta ikusgarritasuna bermatuz kirolaren dimentsio guztietan.
- Kirol inklusiboa: pertsona guztiek, bereziki desgaitasuna dutenek edo kalteberatasun-egoeran daudenek, kirola egin ahal izatea eta haien onurez gozatu ahal izatea bermatzea du helburu. Horretarako, hiru ekintza diseinatu dira, tarifa hobaridunetatik hasi eta instalazioen irisgarritasun unibertsala bilatzeraino.
- Kirola bizikidetzarako: kirolaren bidez Bilbon kulturarteko integrazioa eta gizarte-kohesioa sustatzea du helburu.
- Kirola ongizaterako: helburutzat du osasun mentalaren eta ongizate emozionalaren dimentsioa txertatzea kirol-politiketan.
Estrategia: Bilbao Kirolak Jasangarria: jasangarritasun ekonomikoa bultzatzen du, kirola garapen jasangarriko helburu globalekin lerrokatuz.
Ardatz estrategiko horrek 4 helburu ditu:
- Energia-efizientzia: Bilboko kirol-instalazioetan energia garbiak eta efizienteak erabil daitezen sustatzea du helburu.
- Kirol zirkularra: hondakinak minimizatu eta birziklatzea sustatuko duen kirol-kudeaketa jasangarriko eredu bat sustatzea du ardatz.
- Mugikortasun aktiboa eta osasungarria: oinez eta bizikletaz ibiltzea sustatzen du, Bilbao Kirolak-en jardueretan parte hartzeko eta kirol-instalazioetara sartzeko aukera jasangarri gisa.
- Espazioak eta ekipamenduak: Bilboko kirol-azpiegiturak eraldatu eta garatzea, jasangarritasun-, efizientzia- eta irisgarritasun-irizpideen arabera.
Estrategia: Bilbao Kirolak Berrikuntza: Bilbao Kirolak-en berrikuntza eta modernizazioa indartzen ditu, digitalizazioa kudeaketan integratuz eta egungo eskariei erantzungo dieten zerbitzu-eredu berriak garatuz.
Ardatz estrategiko horrek 3 helburu ditu:
- Mapa digitala: haren helburua da ekosistema digital aurreratu eta jasangarria garatzea, Bilbao Kirolak erreferente izan dadin barneko kirol-kudeaketan.
- Kirol-eskaintza berritzailea: helburua da Bilbao Kirolak-en zerbitzuak eta jarduerak herritarren premietara egokitzea, premiak aldatuz doaz-eta.
- Efizientzia operatiboa eta kalitatea: Bilbao Kirolak-en barne-kudeaketa indartzea da helburua, bikaintasun operatiboa ziurtatuz eta kirol-kudeaketan erreferente gisa duen posizioa sendotuz. Programa horretan, erabateko kalitateko Kudeaketa Aurreratuko Eredua ezartzeari buruzko ekintza nabarmentzen da; 2024an abiatu zen, eta 3K ziurtagiria eta kudeaketa aurreratuko ereduko diploma lortu ditu, Euskalitek emanda.