Martxoaren 7tik 9ra bitartean, 1.500 interprete baino gehiagok 70 kontzertu inguru eskainiko dituzte Bilbon Musika-Música jaialdiaren barruan. Astearte honetan goizean aurkeztu egin dute urtero harrera bikaina izaten duen jaialdi honen 24. edizioa, 'Musika eta emozioak' lelopean.

Martxoaren 7an, ostirala, 19:00etan, Arriaga Antzokiak irekiera kontzertua hartuko du Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearen eskutik, Erik Nielsenen zuzendaritzapean. Orkestrak Wagnerren “Holandar alderraia”ren obertura, Txaikovskiren “Zisneen aintzira”ren suitea eta, Koralarekin batera, Borodinen “Dantza polovanoak” intrepretatuko ditu. Gainerako kontzertuak ere ostiralean bertan hasiko dira Euskalduna Jauregian.

Beethoven, Vivaldi, Chopin, Dvorak, Strauss, Ravel, Bach, Telemann edo Haendel konpositoreen obrek, besteak beste, emozioak ekarriko dituzte gogora musikaren bidez. Horrela, hainbat sentimendu eragingo dituzte, hala nola poza, beldurra, nostalgia edo itxaropena.

Juan Mari Aburto alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Begoña Escribano jaialdiaren zuzendariak, MUSIKA-MÚSICAren programazioa aurkeztu dute gaur, beste urte batez, Bilbo "musika klasikoaren Europako hiriburu" bihurtuko duen jaialdia. Zehaztu dutenez, edizio honek orkestra sinfonikoak eta ganbera-orkestrak, laukoteak eta hirukoteak bilduko ditu. Gainera, parte hartuko duten musikari guztiak nazioartean ezagunak dira. "Mota guztietako publikoa erakartzeko asmoarekin" sortutako programa da. Helburua, "bertako, kanpoko, sale, familiak eta musika klasikora hurbildu nahi dutenak erakartzea da", nabarmendu du Juan Mari Aburto alkateak. “Jaialdi hau Bilboko ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da, hiria musika klasikoaren erreferente bihurtuz eta genero hau milaka pertsonengana hurbilduz”.

Guztira, hiru egunetan zehar, geografiako hainbat tokitako 1.500 interpretek baino gehiagok arituko dira eszenatokietan, 70 emanaldi izango dituen programa berezi batean. “Jaialdia musika maratoi bat izango da. Kontzertu gehienek 45 minutuko iraupena izango dute, eta sarrerak prezio merkeetan egongo dira, denontzat eskuragarri. Gure helburua publikoak, bere gustu eta interesen arabera, egun berean musika proposamen ezberdinetara joateko aukera izatea da, ganbera kontzertuetatik hasita eta familia proposamenekin bukatuz", azaldu du Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Gonzalo Olabarriak. “Jaialdian arituko diren interpreteek kalitate artistiko altuena ekarriko dute MUSIKA-MÚSICAra”, gehitu du Kulturako zinegotziak.

Musika zortzi espaziotan, aldi berean

Arriaga Antzokian egingo den irekiera-kontzertua izan ezik, programazio osoa Euskalduna Jauregian izango da, martxoaren 7an, 8an eta 9an. Emanaldi bakoitzak 45 minutu inguru iraungo du. Gainera, kontzertu bat baino gehiago egongo dira aldi berean hainbat aretotan.

Auditoriumean kontzertu sinfonikoak eta koralak bilduko dira. Areto honetan, Galiziako Orkestra Sinfonikoak omenaldia egingo dio Maurice Raveleri, bere jaiotzaren 150. urteurrena, martxoaren 7an, ospatzen den egun berean. Gainera, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoak -duela 15 urte ez dutela kontzerturik ematen penintsulan-; Euskadiko Orkestrak, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak, Bilboko Udal Bandak, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Kukai Dantza Taldearekin eta Bilboko Koral Elkarteak Auditoriumeko palestrara ere igoko dira.

0B aretoa ganbera orkestrei zuzenduta egongo da. Festival Strings Lucerne orkestraren kontzertuak hartuko ditu, birtuosismoagatik eta aldakortasunagatik ezaguna den Suitzako harizko taldea; Ensemble Nereydas, garaiko instrumentuak erabiliz musika barrokoan espezializatua; Café Zimmermann, Johann Sebastian Bachen interpretazioan erreferentziazko talde bat; Ensemble Diderot, Barroko goiztiarreko errepertorioan aditua, eta Friburgoko Orkestra Barrokoa, antzinako musika arloan miretsienetakoa; eta Esemble OBNI ere egongo dira eszenatokian.

0D aretoan Noskowski, Beethoven, Haydn, Schubert, Barber, Clarke, Wolf, Puccini edo Schumann konpositoreen piezak entzungo dira. Hori guztia Singer Pur, Meccore hari laukotea, Cuarteto di Cremona edo Trio con brio Copenhagen taldeen eskutik.

0A aretoan, Martín García García piano-jotzaileak, Clevelandeko Nazioarteko Piano Lehiaketaren irabazlea; Miguel Ituarte pianista eta Iagoba Fanlo biolontxelo-jotzailearekin batera; Víctor de Valle pianista eta Carole Petitdemange biolin-jotzailearekin batera eta Alfonso Gómezek Chopin, Mozart edo Strauss bezalako egileen notak joko dituzte.

Familia saioak 0E aretoan izango dira. Bertan, Musbika Ensemblek bere "Emozioak eszenan", zuzeneko musika eta ilustrazio ikuskizun murgiltzailea, aurkeztuko du. Gainera, Cor de Teatreren eskutik "Operetta" lanaz gozatu ahal izango dugu, a capela musika, keinu antzerkia eta umorea uztartzen dituen lan bat.

Espazio horretan bertan, beste urtetan egin den bezala, zineak ere berezko tartea izango du, larunbat eta igande arratsaldean egingo diren bi emanaldirekin, Ander Marzana pianistarekin, César Coca kazetariarekin eta Patricia Sojo musikologoarekin batera.

Bestalde, interprete gazteek beren lekua izango dute Kioskoan. Bertan, 12 kontzertutan, hainbat kontserbatorio eta autonomia-erkidego ezberdinetako musika-hezkuntzako zentroak arituko dira.

Dantzarako eta lirikarako espazioa

Musika-Música 2025eko programak berrikuntza batzuk dakartza. Lehen aldiz, dantzak leku bat edukiko du jaialdian. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Kukai dantza taldeak Ludwig van Beethovenen "Prometeoren izakiak" aurkeztuko dute, musika eta mugimendua uztartuko dituen ikuskizun batean.

Halaber, "Degli affetti proibiti" gala lirikoa estreinatuko da -0C aretoan-. Saio hau, jaialdiaren berezko ekoizpena da. Bertan Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Ensemble Galdós arituko dira eta Naiara Beisteguiren girotze eszenikoaz arduratuko da.

Gainera, aurten, Monica Rodríguez Curielen eskutik, "Emozioak ehundu" aurkeztuko da. Jarduera parte-hartzaile horrek publikoa gonbidatuko du tapiz kolektibo bat sortzen laguntzera, norbanako bakoitzari bere emozioak ehungintzaren artearen bidez adierazteko aukera emanez.

Sarreren salmenta

Musika-Música Jaialdiaren 24. edizio honetan, sarreren salmenta Euskalduna Jauregiko leihatilan eta webgunean,  eta Arriaga Antzokiko leihatilan (inaugurazio-kontzerturako soilik) bakarrik egongo da eskuragarri, otsailaren 13ko 12:00etatik aurrera.

Sarreren salneurriak hauek izango dira:

  • Arriaga Antzokia eta Euskalduna Jauregiko Auditoriuma: 15 euro
  • 0B aretoa: 12 euro
  • 0D, 0A, eta 0C aretoak: 9 euro
  • Kiosko: 4 euro