Bilbok beste izen bat dauka Memoriaren Mapan, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei omenaldia egiteko espazio garrantzitsua, uribilduaren historiako orrialdeetan haren oroimenari eustea helburu duena, gertakari tragiko horiek inoiz errepika ez daitezen. Yolanda González gaztea 1980ko otsailaren 1ean bahitu eta hil zuen Batallón Vasco Español taldeak, eta uriko mapa honetan sartu da bere izeneko plazatxoan jarritako plaka batekin. Plazatxo hori Deustuibarreko 57an dago, Yolanda jaio eta hazi zen auzoan, inoiz ahaztu ez duen auzoan.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta ekimen honen bultzatzaile den Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Topaguneko ordezkariak Yolandaren senide eta lagunen ondoan egon dira -haien artean Asier neba- ekitaldi hunkigarri eta solemne batean. Bertan izan dira, beste biktima batzuez gain, Udalbatzako kideak, erakundeetako ordezkariak, memoria defendatzeko erakundeetakoak eta ekitaldi sinple horrekin bat egin nahi izan duten herritar anonimo asko.
Biktimei egindako beste omenaldi batzuetan bezala, lore-eskaintza bat egin da oroitzapen-plakaren ondoan, Txistularien Udal Bandak eskainitako musikarekin (Bonifacio Laskurainen "Hileta doinua" eta "Agur Jaunak").
Gaur, bahiketaren 45. urteurrena betetzen denean, "Yolanda González Martín Víctima del BVE, BVE-ren biktima, 1980/02/01", uribilduaren historian eta bere auzoan bertan grabatuta geratzen da, beti bizirik izan baitu bere oroitzapena. Plakan bertan, QR kode batek udal webgunera eramaten gaitu. Bertan, Memoriaren Mapa osatzen jarraitzen da, uriko indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertaerak biltzeko eta kontatzeko.
Yolanda Gonzálezen historia
Bilbotar hau, Deustuibarrekoa, Madrilgo Aluche auzoan bizi zen eta ustekabean aurkitu zuen heriotza. Bere etxean bahitu ondoren, 1980ko otsailaren 1ean, haren gorpua hurrengo egunean agertu zen tirokatuta, Alcorcón eta San Martin de Valdeiglesias lotzen dituen bide batean. Krimena Batallón Vasco Español (BVE) eskuin muturreko taldeari egotzi zitzaion, bahiketaz, judizioz kanpoko galdeketaz eta su-armaz erailtzeaz akusatuta. Yolanda 19 urte besterik ez zituen, eta hainbeste gaztek bezala, amets asko.
Vallecaseko Lanbide Heziketako zentroan elektronika ikasten zuen, Langileen Alderdi Sozialistako kide zen, eta prestakuntza akademikoa eta politikako partaidetza autonomia ekonomikoa ematen zioten noizbehinkako lanekin uztartzen zituen.
Yolanda etxean bahitu zuten, 1980ko otsailaren 1eko gauean. Bakarrik zegoen, baina pisua beste ikasle batzuekin partekatzen zuen. Fuerza Nueva eta Batallón Vasco Español taldeko kide ziren Emilio Hellín eta Ignacio Abad bere etxera joan ziren poliziaren plantak eginez, indarrez eraman zuten eta beste konplize batzuk zain zeuden auto batean sartu zuten. Itaundu eta torturatu egin zuten ibilbidean; ondoren, tiro bi bota zizkioten buruan, eta azkenean graziazko tiroa eman zioten.
Atentatua Batallón Vasco Español taldeak erreibindikatu zuen. Hilketa hura ETAk Ispasterren egindako atentatuaren mendeku gisa justifikatzen saiatu ziren egileak. Atentatu hartan sei guardia zibil hil ziren. Hiltzaileek ETAren Madrilgo ustezko komando bateko kide izatea leporatzen zioten ikasle gazteari. Hala ere, Yolanda PSTko kidea zen eta alderdi hori ez zen ezker abertzalekoa eta, gainera, modu esplizituan baztertzen zuen ETAren indarkeria.
Auzitegi Nazionalak Emilio Hellín Moro, Ignacio Abad Velázquez, José Ricardo Prieto, Félix Pérez Ajero, Juan Carlos Rodas eta David Martínez Loza auzipetu zituen, eta 1982an hainbat zigorretara kondenatu zituen.
Ikerketak
Emilio Hellín, auzipetu nagusia, 1987an joan zen ihesi espetxe-baimen bat aprobetxatuz, nahiz eta Espetxe Zerbitzuek arrisku handiko presotzat hartu, urte batzuk lehenago Alcalá de Henaresko espetxetik armaz ihes egiteko saiakera bat egin ondoren.Paraguain Alfredo Stroessner-en erregimen militarraren babesa jaso zuen, eta harentzat egin zuen lan polizia-sistema teknologia berrietara egokitzeko. Kazetari batek aurkitu zuen, eta Espainiako Gobernuak estradizioa ofizioz eskatu ez zuenez, Yolandaren familiak eta alderdiko kideek 20.000 sinadura jaso zituzten. Azkenik, Hellín Espainiara estraditatu zuten 1990ean.
Estradizioa egin eta sei urtera, kondenaren 43 urtetik 13 bete ondoren, aske utzi zuten 1996an. Espetxetik irten ondoren, Hellinek izena aldatu zuen eta estatuko segurtasun-indar eta -kidegoentzako aholkulari gisa lan egin zuen, ikerketa kriminaletan hartu zuen parte eta espioitza eta arakatze informatikoko auzitegi-teknikei buruzko ikastaroak eman zituen. Gertakari horiek ikerketako kazetaritza-erreportaje baten bidez jakin ziren 2013. urtean, eta Yolandaren Senide eta Lagunen Plataformak eskatuta, parlamentuko zenbait taldek legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten, Barne Ministerioak iker zezan zertan zen Hellinek polizia-indar eta -kidegoekin zeukan harreman profesionala. 2013an bertan, Yolanda familiaren eskariz, Eusko Legebiltzarreko talde guztiek sinatutako gaitzespen-adierazpen instituzionala aurkeztu zen.
Yolanda Gonzálezen aldeko aintzatespenak eta Bilbon egindakoak
2000. urtean, Espainiako Gobernuak terrorismoaren biktima gisa aitortu zuen ofizialki. 2013an, bere oroitzapenez, "Yolanda en el país de los estudiantes" izeneko dokumentala egin zen, Isabel Rodríguezek eta Lander Castrok zuzenduta. 2018an, Carlos Fonseca kazetari eta idazleak "No te olvides de mi" liburua idatzi zuen. Bertan, Yolanda Gonzálezen historia berreraiki zuen, eta, haren bidez, Trantsizioarena.
2015eko otsailean, Latina barrutiko Udal Batzarraren osoko bilkurak aho batez onartu zuen "Jardines de Yolanda González Martín" izena ematea Madrilgo Aluche auzoko Escalona kaleko 90. zenbakian dagoen espazioari. Era berean, Bilboko Udalaren 2016ko urtarrilaren 28ko udalbatzarrak aho batez erabaki zuen, Euskaldunako Zubia auzo-elkarteak eskatuta, "Yolanda González plazatxoa" izena ematea plaka jarri den espazio horri, Deustuibarreko 57. eta 59. zenbakien artean.
2017ko urtarrilean, Móstoleseko Udalak Arroyomolinos industrialdeko F kalea "Yolanda González kalea" izendatzea onartu zuen. Era berean, 2020ko otsailean, Alcorcóneko Udalak omenaldia egin zion herriko gazteguneari "Yolanda González Gazte Zentroa" izena jarrita.
Hamar plaka Bilbon biktimengatik
Yolanda González Martínen plaka Bilbon terrorismoaren biktimen omenez jartzen den hamargarrena da.
Lehenengoa 2022ko azaroan ipini zen Ángel Pascual Múgica Lemoizko zentral nuklearreko proiektu-ingeniariaren oroimenez. ETAk 1982an hil zuen Begoña auzoan. Bigarrena 2023ko irailean ipini zen, José María Urquizu Goyogana bilbotarraren omenez. ETAk 1980ko irailaren 13an hil zuen, haren familiak Durangon zeukan farmazian lanean ari zela. Plaka hori Casilda Iturrizar parkean dago, familiak berak hala nahi zuelako. Parkea oroimenerako espaziotzat hartzen da, terrorismoaren biktimei dedikatutako monolitoa dagoelako, 2006an inauguratua.
Hirugarrena 2024ko martxoan jarri zen, Kale Nagusiko 1ean, Plaza Biribilaren ondoan, Banco de Vizcaya-ren egoitza zegoen lekuan, han baitzuen lantokia Benicio Alonso Gómezek. ETAk 1983ko otsailaren 5ean hil zuen, bonba bidez.
2024an bertan hauek jarri ziren:
Laugarrena, apirilaren 30ean, Botikazar parkean jarri zen Fermín Monasterio Pérez taxi-gidari bilbotarraren oroimenez. ETAko kide batek tiroz hil zuen 1969ko apirilaren 9an. ETAren lehenbiziko biktima zibila izan zen, beraz. Ekainaren 24an bosgarrena jarri zen Pedro Ibarretxe kalean, Justizia Jauregiaren ondoan, Francisco Javier Núñez Fernándezen omenez. Matematikako irakasle gazte hori 38 urterekin hil zen, polizia-indarkeriaren biktima, 1977ko maiatzaren 30ean.
Seigarren plaka uztailaren 23an jarri zen Salazar Jeneralaren kalean, Anastasio Leal Serradillaren omenez. Anastasio udal-langilea zen eta 1980ko uztailaren 23an hil zen, lanean, ustez Triple A-ren "goma biko" bonba bat zartatu zenean. Atentatu berean, leherketaren ondorioz, bi neba-arreba gazte ere hil ziren, edukiontzi batetik kartoiak jasotzen ari zirela. Zazpigarrena urriaren 7an jarri zen, David Salvador Bernardoren omenez, Bilboko Maiatzaren 2ko kaleko 4. zenbakian, jaio eta lehenengo urteak bizi izan zituen tokian. Taxilari hori tiroz erail zuen Andoainen, 1977ko urriaren 7an, Triple A erakundeak.
Zortzigarrena azaroaren 22an jarri zen, Ertzaintzaren sarjentu nagusi zen Joseba Goikoetxea Aslaren oroimenez, Tivoli kalean, ETAk 1993ko azaroaren 22an egindako atentatuaren lekuan, eta bederatzigarrena, berriz, azaroaren 26an, Angel Esparta Basterra gaztearen omenez; Guardia Zibilak tiroz hil zuen 1975eko azaroaren 25ean, eta polizia-kidego horrek Franco hil ondoren egindako lehen krimena dela jotzen da.
Sinbolo horiekin Bilboko Memoriaren Mapa osatzen da, Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ekimena, biktima horien oroitzapena mantentzeko eta urian indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertakari horiei erreferentzia geografikoa emateko, eta ahanzturatik ateratzeko, eraildako pertsonen istorioak erreskatatzeko, herritarrengana iritsi daitezen.
Horretarako, plaka guztien beheko aldean QR kode bat dago, udalaren webgunera bideratzen duena. Bertan, Memoriaren Mapa dago, atal berezi batean.
Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea
Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 2017ko urriaren 16an sortu zen terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal-politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa. Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostea eta haien inguruan lan egitea.
Bilboko Topagunean biktimak, talde politikoak, eragile teknikoak eta bakearen eta bizikidetzaren arloko adituak daude. Balio erantsia ere badu; izan ere, biktimak erdigunean jartzen ditu eta, haiekin batera, espazio bat eraikitzen du egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioetan eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeetan oinarritutako memoriaren inguruan lan egiteko.