Bilboko Udalak 2.001.428,56 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, Zorrotzaurreko etorkizuneko udal-antzokiaren bi egoitzetako bat izango den 'Garabia' izeneko eraikina eraikitzeko. Lan horiek aste honetan hasiko dira. Obrak egiteko epea zortzi hilabetekoa da.

Etorkizuneko 'Garabiak' 27,50 metroko luzera eta 18,2 metroko zabalera izango ditu. Guztira, 600 metro koadro inguruko azalera eraikia izango du, eta bi solairu izango ditu:

  • Beheko solairuan, antzerki-aretoa: 110 eserleku, agertokia, areto eszenikoa eta txarteldegia. Horrez gain, luzetarako patioa eta lehenengo solairura iristeko eskailera izango ditu.Harmailak barneragarriak izango dira eta agertokia lurzoru nagusia baino 30 cm gorago egongo da.Gorputz paralelo batean, atxikitako pabiloi gisa, honako hauek egongo dira: zerbitzu-barra eta biltegia dituen edaritegia, komunak (egokitutako bat barne), erabilera anitzeko gela, kamerinoak eta jarduera eszenikoetarako biltegi bat.
  • Lehen solairuan kontrol- eta instalazio-gelak egongo dira.

Eraikinerako sarbidea jatorrian sartzen zen leku beretik egingo da. Hala, plaza txiki bat egingo da, etorkizuneko 'Garabia' eta 'Pabellón 6' espazioen inguruan.

Proiektatutako eraikinak osagai hauek izango ditu: metalezko egitura nagusi bat, hormigoi armatuzko lauza jarraitua beheko solairuko zoruan, xafla-forjatua lehen solairuan, eta plaka albeolarren forjatua estalki lauan.

Materialei dagokienez, barrualdean zurezko estaldurak erabiliko dira hormetan eta sabaietan, eta morterozko zoru jarraitua aukeratu da geletarako. Fatxadetan pinu-zura aukeratu da kanpoko estaldura gisa, aurreko "Garabia" pabiloiaren irudiarekin bat eginez, hor ere halakoa baitzen.

Gainera, etorkizunean, epe labur edo ertainean, eraikina Zorrotzaurreko geotermia-sarera konektatzeko aukera aurreikusten da.

Aurrekariak eta plangintza

"Garabia"ren proiektu hau Bilboko Udalak idatzi, lizitatu eta hasten duen bigarrena da. Beraren barruan, erakin berri bat eraikiko da, eskuragarri dagoen partzelara egokitutakoa, eta bertan dauden etxebizitzetatik gutxienez bost metrora kokatuko da.Hain zuzen ere, horixe izan zen aurreko agintaldian udalak planteatutako lehen proiektua gauzatzea eragotzi zuen gaietako bat –fatxaden arteko tartearena–.

Udalak 2021aren amaieran ekin zien "Garabia" birgaitzeko lanei, baina berehala geratu zen agerian ezinezkoa zela, antzokiaren eraikinak ez zuelako inolako zimendurik. Hori dela-eta, eraikina eraitsi eta berreraiki egin behar zen.

Prozesu horri ezin zitzaion berehala ekin; izan ere, eraikuntza berri bat izanik, inguruko bizilagunek etorkizuneko fatxadaren eta etxebizitzen artean tarte handiagoa eskatu zuten. Udalak erreklamazioa onetsi zuen. Horregatik, Zorrotzaurreko Plan Bereziaren aldaketa izapidetzean, lerrokadura eta bolumen berriak sartu dira.

Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin betiko onetsi zen 2012an. Harrezkero, eremuaren hirigintza-garapenak aurrera egin du, beste hirigintza-dokumentu batzuk izapidetu baitira, bai eta jarduketa-eremuaren faseren bat urbanizatu eta bizitegi-eraikin berriak eraiki ere, batez ere Deustuko Kanalaren eskuineko ibaiertzean.

Hori dela-eta, Bilboko Udalak egokitzat jo du Plan Bereziaren testuan aldaketak egitea, zenbait alderdi argitzeko eta HAPO berrian agertzen diren zehaztapenak jasotzeko, hala nola bizikleten eta ibilgailu elektrikoen aparkalekuetarako zuzkidurak eta eraikinetako segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak.

Obra, bi fasetan

"Garabia" eta "Pabellón 6" eraikinak antzinako industria-pabiloi batean zeuden, zeina bi nabe paraleloz osatuta baitzegoen. Instalazio horrek hainbat egokitzapen, aldaketa eta konponketa jasan ditu urteetan zehar. Orain, finkatzeko behar dituen eraikuntza- eta ekipamendu-berme guztiekin egokituko da, hala nola Zorrotzaurreko ingurunean bultzatuko diren trakzio-elementuak eta kultura-motoreak.

Zehazki, ekipamendu horiek uhartearen hegoaldean daude, Deustuibarraren eta Eugenio Olabarrieta plazaren artean.

Hasierako proiektuan aurreikusten zen moduan, "Garabia" eta "Pabellón 6" eraikinen obrak bi fasetan egingo dira, hartara, birgaitze-lanak egiten diren bitartean, ahal den neurrian, kultura-jarduera eteteko beharrik egon ez dadin.

Lehenengo fasean, "Garabia" osorik eraberrituko da, hau da, "Pabellón 6"ko Gazte Konpainiaren agertokia. Bigarren fasean, aldiz, "Pabellón 6" pabiloiaren birmoldaketa egingo da ("Garabia" baino handiagoa da). "Pabellón 6" eraikitzeko proiektua "Garabiako" obrak egiten diren bitartean egingo da.

Bi eraikinak udalaren titulartasunekoak dira eta udalak mantendu behar ditu. Hala ere, "Pabellón 6" Arte Eszenikoen Sortzaile Elkartea eta bere Gazte Konpainia arduratu dira eraikinen kudeaketaz, eta hala izaten jarraituko du.