Síguenos en redes sociales:

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Bilboko Udalak

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Bilboko UdalakB. U.

Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egin du astelehen honetan, azaroaren 25ean, ospatzen den Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Hala, hiriak indarkeria matxistaren aurka duen jarrera kolektiboa erakusteko irakurketa parte-hartzailea ospatu du gaur goizean.

Irakurketa Azkuna Zentroan izan da, non genero indarkeriaren eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurkako testu eta argitalpen, poema, diskurtso eta abestien zatiak interpretatzen zituzten ahotsak entzun ahal izan diren.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da ekitaldiko buru, eta bera izan da indarkeria matxista gaitzestu duen lehena, EUDELek -Euskal Udalen Elkartea- proposatutako adierazpena irakurrita. Harekin batera, testuak irakurri dituzte Bilboko eta Bizkaiko gizarteko hainbat esparrutako ordezkariek, hala nola Itziar Urtasun Berdintasun zinegotziak; hainbat alderdi politikotako zinegotziek; Berdintasunaren aldeko Emakumeen Udal Kontseiluko, Immigrazioaren Udal Kontseiluko, Haur eta Nerabeen Udal Kontseiluko, Erlijio Aniztasunaren Mahaiko eta Merkatarien Elkarteetako kideek; Bizkaiko Batzar Nagusietako, Osakidetzako, Bizkaiko Psikologia Elkargoko , Bizkaiko Abokatuen Elkargoko eta Bilboko Elizbarrutiko ordezkariek; eta Hirugarren Sektoreko hainbat elkartek (Fekoor, Avifes, Bizitegi, Margotu, Nevipen, Gizakia, Sin Romi, Euskal Gorrak, Bagabiltza), beste ordezkari batzuekin batera.

Ekitaldian Garazi López de Armentia, Olaia Valle eta Ane Zapirainen dantza emanaldia eta Carla Sevillaren musika izan dira, baita Maria Urcelayren bakarrizketa ere. Bi ikuskizunak gaurkotasunarekin lotu dira eta hausnarketara eta ekintzara bultzatu ditu.

Bilbo, morea

Urtero bezala, azaroan, Bilbo morez tindatu da egun hauetan, emakumeen aurkako indarkeriaren gaitzespena adierazteko. Ostiraletik, leku enblematikoetak lilaz argiztatu dira, hala nola Casilda Iturrizar Parkeko iturri zibernetikoa, Abandoibarrako kale-argiak eta Txurdinagako Europa Parkeko tunela; eta bi gau hauetan, azaroaren 24an eta 25ean, Udalak ere bat egin du.

Gainera, hiriko beste eraikin batzuek Puntu Lila instalatu dute fatxadetan, pantailetan edo beste euskarrietan, eta kanpainara atxikitu dira, besteak beste, Barrutiko Udal Zentroak, Turismo Bulegoa (Terminus eraikina), Arriaga Antzokia eta Azkuna Zentroa.