Herritarren artean eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzeko sortutako Berbagunearen 11. edizioan hartu du parte, urtero bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Alkateak gaurkotasuneko hainbat gairi buruz hitz egiteko aukera izan du Azkuna Zentroan ospatutako ekimenean parte hartu duten lagunekin.
Ulibarri euskaltegiak antolatuta, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Kutxabanken laguntzarekin, urteko topaketa Azkuna Zentrora itzuli da, lau txandako ohiko formatuan: hiru goizez eta bat arratsaldez (17:00etatik 18:30era). Txanda horietatik adin eta baldintza guztietako ehunka euskaldun pasatzen ari dira euskaraz hitz egiteko mahai baten inguruan. Besteak beste, alkatea eta udaleko zinegotziak. Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru Diputatua Leixuri Arrizabalagak parte harte du ere bai.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esaldi bat azpimarratu du: "Ez dago formula magikorik: hizkuntza bat betikotzeko modurik onena hitz egitea da". Ildo horretatik, hauxe nabarmendu du: "Euskarak munduaren aurrean definitzen gaitu, gure historia eta kulturaren parte da; identifikatu egiten gaitu. Eta identitatea da bermatu ahal eta behar dugun ondarerik baliotsuena. Euskararen babesa eta ongizatea Bilboko Udalaren etengabeko lana da; hizkuntza-berdintasuna eta eleaniztasuna, giza eskubideen esparru zabalagoan. Eta politika publikoak funtsezkoak dira gure hizkuntzak bizirik iraun ez ezik, aurrera egin dezan, munduko kultura- eta hizkuntza-aniztasuna bultzatuz."
Aburtok adierazi du "Bilboko Udala, bere jardunean, babes horrekin konprometituta dago. Eta erantzukizun hori bide askotatik gauzatzen du, pertsona eta kolektiboentzat hainbat motatako plan, programa eta dirulaguntzak bideratuz, eta herritarrak sentsibilizatzeko eta motibatzeko gizartean sortzen diren ekimenekin bat eginez. Horrelako ekimena da Berbagunea”.