Datorren astean, azaroaren 8an konkretuki, Bilboko Udaltzaingoak 180 urte beteko ditu. Hori dela eta, egun horretan hainbat jarduera antolatu ditu, egiten duten lana bilbotarrei erakusteko helburuarekin.
Datorren astean, astelehenetik ostegunera, nahi dutenek Errefortzu Taktikoaren Ikuskaritzaren lana ezagutuko dute, unitateko kideek –eta txakurrek– hiriko lau tokitan egingo dituzten erakustaldiei esker.
Astelehenean, hilak 4, Osasun Langileen plazan egongo dira (Basurtu); asteartean, hilak 5, Otxarkoagako Kepa Enbeita plazan; asteazkenean, hilak 6, Etxebarria parkean; eta ostegunean, hilak 7, Deustuko Done Petri plazan. Egunero, 17:00etatik aurrera.
Erakustaldiak ordu erdi iraungo du. Gehienez ere bi txakur erabiliko dira; beti utziko dira haietako batzuk zerbitzua emateko. Txakurrek obedientzia-ariketak, substantziak detektatzeko ariketak, eta babes- eta segurtasun-ariketak egingo dituzte.
Gainera, unitate horretako lan-elementuak ikusi ahal izango dira, hala nola ezkutuak, kaskoak edo txalekoak, baita Bilboko Udaltzaingoaren ibilgailuetako batzuk ere.
Urteurreneko ekitaldiak biribiltzeko, erreferentziako bi komisarien ateak irekiko dira: Miribillakoa eta Elkanokoa.
Elkanokoari dagokionez, goizeko 9:00etatik 13:00etara irekiko ditu ateak.
Arratsaldean, komisaria nagusia irekiko da, Miribillakoa, 16:00etatik 20:00etara. Hemen hogei laguneko taldeak antolatuko dira, eta talde bakoitzaren bisitak ordubete inguru iraungo duela kalkulatzen da. Bi bisita egingo dira aldi berean, alderantzizko ibilbideekin. Guztira, 160 pertsonak bisitatu ahalko dituzte instalazio horiek, eta, besteak beste, krisi-gela, tiro-galeria edo ibilgailu-flota ezagutu ahal izango dituzte. Kasu horretan, plaza erreserbatzeko, mezu elektroniko bat bidali beharko da, izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa adierazita, helbide elektroniko honetara: bisitakudaltzaingoa@bilbao.eus.
Ekimen horiek osatzeko, harrera bat Udaletxean, hitzaldi-ziklo bat eta World Café dinamika bat egingo dira, Bilboko hamalau segurtasun tailerretan parte hartzen duten elkarteak gonbidatuta.