Datorren astelehenean, urriaren 28an, irekiko da Bilboko Udalak urtero martxan jarriko dituen Gabonetako aisia hezigarriko eta kiroletako programetan parte hartzeko izena emateko epea. Aurten 2.409 plaza eskainiko dira guztiak, zozketa bidez aukeratuko direnak. Zozketan izena emateko epea azaroaren 11ra arte egongo da zabalik.

Programazio honek bi helburu ditu: lehenengoa, familiei abenduko oporretan lana eta norberaren bizitza uztartzeko premietan laguntzea eta bigarrena, haurrei ondo pasatzeko, kirola egiteko, esperimentatzeko eta sozializatzeko aukera ematea.  

Alde batetik, Udalak Gabongune jarriko du martxan, 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat (2016-2021), eta Gabonkide, 9 eta 11 urte bitarteko adingabeentzat (2013-2015). Guztira, 855 plaza eskainiko dira. Programa bietan jolas- eta heziketa-jarduerak egingo dituzte, adin-tarte bakoitzerako egokituak (2019-2021, 2016-2018 eta 2013-2015 urte bitartekoentzat), betiere, Bilboko Balioen Agiriari eta Garapen Jasangarrirako Helburuei lotuak. Txangoren bat ala beste ere aurreikusten da, adingabeen adinari egokitua.

4 eguneko 2 txanda ezarri dira: abenduaren 23tik 27ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra. Txanda bakarrean eman ahalko da izena, ahalik eta familia gehienek parte har dezaten. Ordutegia berdina izango da kasu bietan: 09:00etatik 14:00etara. Eta jarduerak Deustuko, Castañoseko, Begoñako, San Frantziskoko, Abusuko, Abandoko, Iralako eta Basurtuko udaltegietan eta Esperantzako gazteen espazioan (Zazpi Kaleak) egingo dira.Sarrera- eta irteera- orduak malguak izango dira, 09:30ak arte eta 13:30etik. Abenduaren 24an eta 31n zerbitzua 13:00etan amaituko da (irteera malgua 12:30etik 13:00etara).

Otxarkoagan eta Zorrotzan ere egingo dira «Gabongune» eta «Gabonkide», baina, han, izena emateko, Udalarekin zerbitzua emateko lankidetzan ari diren erakundeekin jarri beharko da harremanetan: Otxarkoaga: 623 158 969, 09:00etatik 13:00etara eta otxargainean@gmail.com; eta Zorrotza: 621 333 371 eta www.gurelurra.org

Txanda bakoitzeko prezioa 13,6 eurokoa izango da (10 eurokoa familia ugarientzat eta 4,8 eurokoa diru-sarrerak bermatzeko errenta edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen duten familientzat).

Programa horietan parte hartu nahi duten familiek plaza eskatu ahalko dute urriaren 28tik (astelehena) azaroaren 11ra (astelehena), udal webgunean edo 944 010 010/010 udal informazio zenbakian.

Aurten Gabongune eta Gabonkide Esperantzara iritsiko dira aurrenezkoz.     Berrikuntza gisa, 2013 eta 2015 artean jaiotako neskato-mutikoentzat 2 txanda prestatu dira, hainbat jarduerarekin. Lehenengoan, parte-hartzaileak STEAMetan murgilduko dira, robotikaren eta teknologia berrien mundura hurbil daitezen.   Bigarrenean, izena ematen duten neska-mutilek gorputz-adierazpena landuko dute (yoga, mimoa, dantza...). Bi txandetan jarduera nagusia beste jarduera batzuekin konbinatuko da, hala nola jolasekin, irteerekin, bisitekin eta abarrekin.

Plazak, zozketa bidez

855 plazak zozketa bidez esleituko dira, azaroaren 13an (eguaztena).   Emaitzak azaroaren 14tik aurrera kontsultatu ahal izango dira, udalaren webgunean edo udalaren informaziorako telefonoan (944 010 010 (010)).    

Izena, berriz, azaroaren 14tik (eguena) 19ra (martitzena) eman ahalko da. Izena eman eta gero, eskabidea formalizatzeko, zerbitzua ordaindu beharko da, izen-ematean jarritako helbide elektronikoan jasoko den ordainagiriaren bitartez.

Itxarote-zerrendan geratzen diren gaztetxoei dagokienez, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Umeen Gaietarako Zerbitzua interesdunekin jarriko da harremanetan, zozketarekin sortutako itxarote-zerrendaren ordenari jarraituz.

'Gabonetan primeran kirola eginez' programa

Kirol-jarduerak nahiago dituzten haurrek 'Gabonetan primeran kirola eginez' udal-programan parte hartu ahalko dute, abenduaren 23tik urtarrilaren 3ra bitartean. Jarduerak Txurdinagako, Deustuko eta San Ignazioko kiroldegietan egongo dira, 09:00etatik 14:00etara. Sarrera- eta irteera-orduak malguak izango dira, 8:30etik eta 14:30era arte.

1.260 plaza eskainiko dira 2011-2018 bitartean jaiotakoentzat, eta beste 36 plazadibertsitate funtzionala izan eta 2008-2018 bitartean jaio direnentzat.

Familia interesdunek izena eman dezakete egun baterako, batzuetarako edo guztietarako.  Epea azaroaren 15ean hasiko da abonatuentzat, eta azaroaren 18an abonatu ez direnentzat. Eskabidea egin ahal izango da Bilbao Kirolakeko edozein kiroldegitako salmenta-makinetan (diruzko ordainketetarako bakarrik) edo Bilbao Kirolaken webgunean (azken hori, bazkide ez direnentzako ere aukeran egongo da).

Kasu honetan, plazak inskripzio-ordenaren arabera esleituko dira. Prezioa 10,55 eurokoa izango da abonatuentzat, eta 12,65 eurokoa abonatu ez direnentzat.

'Hala birala!', kultura digitalari buruzko campusa

Beste aukera bat dago 2012an eta 2013an jaiotako neska-mutilentzat, kultura digitalera hurbildu nahi badute: HALA BIRALA!  Campusa bi zatitan antolatuta dago: abenduaren 26an eta 27an eta urtarrilaren 2an eta 3an, eta txanda bat zein bi aukera daitezke. Ordutegia: 9:30etik 14:00etara, Euskararen Etxean (Agoitz plaza 1, San Ignacio). Campusean, besteak beste, stop-motionekin eta musika, kartelak, bideoak eta bideojokoak sortzen esperimentatu ahal izango dute.   Jarduera guztiak euskaraz egingo dira.

Programa horietan parte hartu nahi duten familiek plaza eskatu ahal izango dute urriaren 28tik (astelehena) azaroaren 11ra (astelehena), udal webgunean. Informazio gehiago: info@azkuefundazioa.eus (944 02 80 81) eta euskaraz@bilbao.eus (944 20 43 91).