Bilboko Udalak zikloturismoarekin lotutako hainbat jarduera jarriko ditu martxan, BiziSarearen hamabosgarren urteurrena dela eta. Horrela iragarri du alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun saileko zinegotzi Nora Abetek Sevillan ospatu den Bizikletaren aldeko Hirien Sarearen jardunaldian.
Espainiako toki- eta eskualde-mailako erakundeen elkarte horren presidenteordetzetako bat dauka Bilbok; elkarte hori, hain zuzen ere, bizikletaren erabilera hiri-ingurunean zein landa-ingurunean bultzatuko duten dinamikak sortzeko lanean ari da. Elkartearen azken helburua da bizikleta lehentasunezko garraiobide bihurtzea, % 100 bizikletaz ibiltzeko moduko hiriak eta lurraldeak lortuz. Horrek esan nahi du bizikletaz edozein tokitara iritsi ahal izango dela, gutxienez ibilgailu motordunean irits daitekeen baldintza berberetan.
Ildo horretan, Nora Abetek honako hau nabarmendu du: "Udalean erabateko konpromisoa daukagu hirian bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustuarekin, hori funtsezkoa baita bizimodu osasungarriagoa eta jasangarriagoa sustatzeko". Honen adibide gisa, topaketa honetan Bilboko Udalak bizikletaren sustapenagatik jaso duen saria.
BiziSarearen helburuak guztiz bat datoz Bilboko Mugikortasun Jasangarriaren Planarekin. Plan horrek Bilboko mugikortasun jasangarriaren arloko jarduketak zehazten eta koordinatzen ditu, 2030. urteari begira.
Norabide horretan egiten ari diren azken proiektuen artean, nabarmentzekoak dira txirrindularien eta oinezkoen arteko konexioak hobetzeko jarduketak, Bilboko zenbait puntu garrantzitsutan. Une honetan horretan ari dira, eta 2025ean ere hartan jarraituko dute. Inbertsioa 6,6 milioi eurokoa da. Zehaztutako proiektuak amaitutakoan, Bilbok 70 kilometro baino gehiagoko bizikleta-sarea izango du.