Astelehen honetan goizean, Triple A taldearen terrorismoaren biktima den David Salvador Bernardo taxilariaren omenezko ekitaldia egin du Bilboko Udalak, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearekin batera. Plaka bat jarri diote Bilboko Maiatzaren Bia kaleko 4 zenbakian.

Juan Mari Aburto alkateak eta Topaguneko kideek, ekimena bultzatu duten aldetik, babesa eman diete Daviden senideei gaurko urteurren honetan, besteak beste haren bi seme-alabei, Mikel eta David, eta bilobei. Udalbatzako, beste erakunde batzuetako eta Memoriaren defentsako entitateetako ordezkariek ere parte hartu dute, eta, gainera, lore-eskaintza bat egin dute Bilboko Txistularien Bandaren musikarekin.

Ekitaldi sinboliko honekin, David Salvador Bernardoren izena jada grabatuta geratuko da uriaren historian plaka oroigarri berri honekin. Plakak QR kode bat izango du Memoriaren Mapa osatzen ari den udal webgunean sartzeko. Hiriko indarkeria politikoari eta terrorismoari lotutako gertaerak biltzen eta kontatzen dira bertan.

David Salvador Bernardo

Bilbon jaio zen, baina oso txikitatik joan zen familiarekin batera Tolosara bizitzera. Hernanira aldatu zen gero. 11 urte eman zituen bertan, ezkondu eta bi seme-alaba izan ondoren.

1977ko urriaren 7an hil zuten, Andoaingo Renfeko geltokiaren inguruan. Uste da ezezagun batek edo batzuek David Salvadorren taxia eskatu zutela Hernanin, eta hark jaso eta autoa agertu zen tokira eraman zituen. Gorpua goizeko 07:30ak aldera agertu zen.

Andoaingo apaiz batek aurkitu zuen autoa. Guardia Zibilari abisua eman zion eta, gertakarien lekura joan zirenean, autoak motorra oraindik martxan zuen, eta argiak piztuta. Bi tiro egin zizkioten buruan atzeko eserlekutik. Autoaren barruan sei bala-zorro aurkitu zituzten. Lapurretaren hipotesia berehala baztertu zen, ez baitzen inolako indar- edo erresistentzia-seinalerik aurkitu. Daviden gauzak taxian zeuden; ez zituzten eraman. 44 urte besterik ez zituen, baina alarguna eta bi seme-alaba utzi zituen.

Hernanin oso estimatua zen, eta inguruko taxi-gidariek, albistea jakitean, zerbitzua eten zuten dolu-seinale gisa.

Triple A-k erreibindikatu zuen atentatua, eta hilketa ETAri informazioa emateko lanekin lotu zuen.

"Heriotzaren Triangelua" izenekoan (Andoain, Urnieta eta Astigarraga-Hernani) gertatutako lehenbiziko hilketa izan zen. Udalerri horietan zortzi pertsona hil zituzten Triple A, Batallón Vasco Español (BVE) eta Grupos Armados Españoles (GAE) taldeek 1977tik 1981era bitartean.

2019an, Andoaingo Udalak kereila judizial bat jarri zuen frankismoan eta trantsizioan andoaindarren kontra egindako krimenengatik. Epaitegiak demanda ezetsi zuen, 1977ko Amnistiaren Legean babestuta. Beraz, hilketa erantzukizun judizialik gabe geratu zen, eta ez da ezagutzen haren egile material edo intelektualik.

Gaur, hilketak 47 urte betetzean, Bilbok David Salvadorren izena erantsi die uriaren historiako orrialdeei, haren oroitzapena berreskuratzeko eta mantentzeko.

Bilboko Memoriaren Mapako biktimak

David Salvador Bernardoren plaka terrorismoaren biktimen omenez Bilbon jartzen den zazpigarrena da. 

Lehenengoa 2022ko azaroan ipini zen Ángel Pascual Múgica Lemoizko zentral nuklearreko proiektu-ingeniariaren oroimenez. ETAk 1982an hil zuen Begoña auzoan. 

Bigarrena 2023ko irailean ipini zen, José María Urquizu Goyogana bilbotarraren omenez. ETAk 1980ko irailaren 13an hil zuen, haren familiak Durangon zeukan farmazian lanean ari zela.  Plaka hori Casilda Iturrizar parkean dago, familiak berak hala nahi zuelako. Parkea oroimenerako espaziotzat hartzen da, terrorismoaren biktimei dedikatutako monolitoa dagoelako, 2006an inauguratua.

Hirugarrena aurtengo martxoan jarri zen, Kale Nagusiko 1ean, Plaza Biribilaren ondoan, Banco de Vizcaya-ren egoitza zegoen lekuan, han baitzuen lantokia Benicio Alonso Gómezek. ETAk 1983ko otsailaren 5ean hil zuen, bonba bidez. Apirilaren 30ean, Botikazar parkean plaka bat jarri zen Fermín Monasterio Pérez taxi-gidari bilbotarraren oroimenez. ETAko kide batek tiroz hil zuen 1969ko apirilaren 9an. ETAren lehenbiziko biktima zibila izan zen, beraz.

Ekainaren 24an, Memoriaren Mapako bosgarrena jarriko zen Pedro Ibarretxe kalean, Justizia Jauregiaren ondoan, Francisco Javier Núñez Fernándezen omenez. Matematikako irakasle gazte hori 38 urterekin hil zen, polizia-indarkeriaren biktima, 1977ko maiatzaren 30ean.   Plaka jartzeko familiak aukeratutako leku horrek, hain zuzen ere, "justizia" irudikatzen du; horixe eskatzen baitzuen Francisco Javier Núñez Fernández irakasleak, hiru urteko alabarekin paseatzen ari zela manifestazio batekin topo egitean polizia armatuaren kolpeak jasan ondoren salaketa bat jartzen saiatu zenean. Orduan ere tratu txarrak jaso zituen eta errizino-olioa eta koñaka edanarazi zizkioten, eta 13 eguneko sufrikarioaren ondoren hil zen.

Seigarren plaka uztailaren 23an jarri zen Salazar Jeneralaren kalean, Anastasio Leal Serradillaren omenez. Anastasio udal langilea zen eta 1980ko uztailaren 23an hil zen, lanean, ustez Triple A-ren "goma biko" bonba bat zartatu zenean. Atentatu berean, leherketaren ondorioz, bi neba-arreba gazte ere hil ziren, edukiontzi batetik kartoiak jasotzen ari zirela.

Sinbolo horiekin "Bilboko Memoriaren Mapa" osatzen da, Udalaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunearen ekimena, biktima horien oroitzapena mantentzeko eta urian indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin lotutako gertakari horiei erreferentzia geografikoa emateko, eta ahanzturatik ateratzeko, eraildako pertsonen istorioak erreskatatzeko, herritarrengana iritsi daitezen. Horretarako, plaka guztien beheko aldean QR kode bat dago, udalaren webgunera bideratzen duena. Bertan, Memoriaren Mapa hau dago, atal berezi batean.    

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea

Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Bilboko Topagunea 2017ko urriaren 16an sortu zen terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei lotutako udal-politika publikoak jorratzeko eta elkarlanean aritzeko topaleku gisa. Ekimen horren xedea da errespetuaren eta bizikidetzaren balioetan sakontzen lagunduko duten programak eta jarduketak adostea eta haien inguruan lan egitea.

Enpatiaren, elkartasunaren, erantzukizunaren, konpromisoaren, tolerantziaren eta aniztasunarekiko errespetuaren balioetan oinarrituta, Bilboko Topaguneak honako konpromiso hauek ere hartu ditu: “biktimak aintzatestea, elkarrizketa ahalbidetzea bai biktimekin bai euren artean, adostasun politiko nahiz sozial handia lortze aldera, eta erakunde publikoekin elkarlanean aritzea, terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztiak aintzatesten eta babesten dituen lege-esparru bat garatzen jarraitzeko".