Astelehen honetan, irailaren 9an, hasiko ditu Bilboko Udalak San Adrian auzoan, Urretxindorra ikastolaren ondoan konkretuki, igogailu publiko berri bat egiteko obrak. Horretarako, milioi bat euro baino gehiagoko aurrekontua bideratuko du.
Obren ondorioz, oinezkoentzako esparruaren eta aparkalekuaren zati bat okupatu beharko da Urretxindorra ikastolaren parean, Espinosa Orive Doktorea eta Ángel Ortiz Alfau kaleen arteko bidegurutzean, apirilaren 4ra arte, gutxi gorabehera.
Era berean, asteazkenean hasita, irailak 11, oinezkoen zirkulazioa eten beharko da Espinosa Orive Doktorea eta Martín Barua Picaza kaleak lotzen dituzten eskaileretan, denbora-tarte berean.
Bi geltoki eta 13 pertsonarentzako edukiera
Igogailu berriak orain dauden eskailerak ordeztuko ditu, eta 6,37 metroko desnibela gaindituko du. Bi geraleku izango ditu.
Igogailu berria nukleo bertikal baten bidez gauzatuko da, egitura metalikoarekin, eta beira xaflatuz estalita. 13 lagunentzako edukiera izango du.
Gainera, eskailerak eraitsiko direnez, berreraiki egin beharko dira, igogailuaren ohiko funtzionamenduan matxurarik izanez gero sarbide bat egon dadin. Proiektatutako eskailerek 42 eskailera-maila izango dituzte, lau tartetan antolatuta.
Obraren adjudikazioa 1.080.237,79 eurokoa da (BEZa barne), eta lanak zazpi hilabete inguruko epean amaitzea aurreikusten da.
Mugikortasun bertikala
Bilbon 72 igogailu publiko daude martxan. Horiei, gaur egun egiten ari direnak gehitu behar zaizkie: Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua, bi Zurbaranbarri auzoan, beste bat San Frantziskoko Harrobi plazaren eta Kontzezio kalearen artean, eta beste bi Moncada kalean (Errekalde).
Era berean, beste proiektu bat ere izapidetzen ari da Santutxu auzorako, Fika eta Iturribide kaleen artean.