Irailaren hasierarekin batera, Bilboko Udalak martxan jarri du Bilbao Kirolaken 2024-2025 denboraldia. Aurten 20.858 plaza eskainiko dira, 70 disziplina baino gehiagoko 945 kirol-ikastarotan banatutakoak. Bilbao Kirolakeko bazkideek irailaren 6ra arteko epea izango dute ikastaroetarako aurretiazko hitzorduaren zozketan parte hartzeko.

Eskaintzak 12.839 plaza aurreikusten ditu uretan, aretoan eta pistan egiteko ikastaroetarako, eta beste 8.019 plaza udal kiroldegietako 11 fitness-aretoetarako. Aurten ere lehentasuna eman zaie eskari handiko ikastaro tradizionalei, hala nola igeriketari, pilatesari, yogari edo tenisari, baina badaude beste batzuk ere, berriagoak, jarduera esekiak edo Aurrera! eta Mugituz ikastaro berriak, kasu. Eskaintzak beste bultzada bat eman nahi die Denok batera familia-ikastaroei eta adineko pertsonentzako gimnasia pasiboei eta mantentzekoei, ahaztu gabe desgaitasuna duten pertsonentzako kirol egokituko programa. 

2024-2025 denboraldirako, Bilboko Udalak 517 areto- eta pista-ikastaro programatu ditu 54 diziplinatan. Udalaren eskaintzaren barruan, tartekatu egiten dira batetik, pasiboak, pilates eta yoga adibidez, eskari handia baitute Bilbao Kirolak-eko erabiltzaileen aldetik, eta, bestetik, berriak eta intentsitate handikoak, jarduera esekiak, hala nola aerial-pilates edo krossingfit.  

Mugituz eta Aurrera!, 2024-2025eko berritasunak

Aurten, ikastaro berri bi emango dira: Mugituz areto-ikastaroa, Miribillako kiroldegian, eta Aurrera! ikastaroa, San Ignazioko kiroldegian. Mugituz entrenamendu-diziplina bat da, gorputzaren artikulazio guztien mugimendu-maila handitzeko helburua duena; Aurrera!, berriz, taldeko kirol-jarduera zuzendu bat da, sasoi onean dauden pertsonentzako entrenamendu oso, moldagarri eta planifikatua.

359 ikastaro uretakoak izango dira. Batetik, igeri egiten ikasteko ohiko ikastaroak, adin guztietako pertsonentzat (haurrak zein adinekoak), eta, bestetik, uretako beste diziplina batzuk emango dira, besteak beste, aqua bike eta aqua fitness, jarduera fisikoa hobetzeko uretako elementua dutenak.

Kolektibo guztiei egokitutako kirol-programazioa

Bilbao Kirolak udaleko kirol-programazioa hainbat kolektibori egokitzen jarraitzen du. Hartara, honako ikastaro hauek ematen jarraituko dute: Denok Batera ikastaroak, familiei zuzenduak; Bizimodu Aktiboa ikastaroak, adinekoei zuzenduak; eta kirol egokituko programako 245 plaza, 36 ikastarotan, desgaitasuna duten pertsonei zuzenduak. 

7.506 plaza fitness ikastarotan eta 513 plaza gazteentzako fitness ikastarotan

Bilbao Kirolak sarea osatzen duten 11 udal-kiroldegiek fitness-aretoak dituzte. Fitness-aretoetara sartzeko, alta eman behar da Aqua + Fitness abonuetan, fitness-aretoetarako sarrera barne baitute.

Era horretako abonurik ez daukaten baina fitnessean jardun nahi dutenentzako 8.019 plaza eskainiko ditu Bilbao Kirolak-ek, aurtengoan: 7.506 plaza helduentzat eta 513 gazteentzat (14-16 urte). Aukera hori baliatu nahi dutenek alta eman ahal dute Bilbao Kirolaken web-orrian edo presentzialki, kiroldegietako salmenta-makinen bitartez.

Irailaren 6ra arte, aurretiazko hitzorduaren zozketan parte hartzeko

Bilbao Kirolak-eko bazkideek irailaren 6ra arteko epea dute 2024-2025eko ikastaroetarako aurretiazko hitzorduaren zozketan parte hartzeko zenbakia eskuratzeko.Zozketa bat egingo da Bilbao Kirolak-eko 11 udal-kiroldegietako bakoitzeko, eta zozketetan parte hartu nahi duten abonatuek zenbaki bat eskura dezakete kirol-instalazio bakoitzeko.  Zozketan egun eta ordu bat esleituko dira , eta hortik aurrera hasi ahal izango da ikastaroetan izena ematen.

Zozketen emaitzak irailaren 11tik aurrera egongo dira ikusgai kiroldegietako instalazioetan eta Bilbao Kirolaken webgunean.

Hitzordua daukaten pertsonek irailaren 16tik (astelehena) aurrera eman dezakete izena, betiere eskatutako zenbaki bakoitzari esleitutako egunetik eta ordutik aurrera. Izen ematea Bilbao Kirolaken webgunearen bidez egin ahalko da, edo, bestela, aurrez aurre, udal-kiroldegietako salmentarako makinen bidez.