Bilboko Udalak ia milioi bat euro, zehazki 995.766,17 euro, BEZa barne, bideratuko ditu Errekalde plazako estalki berria eraikitzeko. Lan horiek egiteko bost hilabeteko epea ezarri da. Bada, herritarrei obra horren inguruko informazioa emateko InfoBilbao berri bat argitaratu du Udalak. Guztira 9.000 ale banatuko dira Bilboko herritarren artean.

Isuri biko estalki bat eraikiko da, zabaldegi osoa estaliko du eta hegala eszenatokiaren eta hormigoizko pergolaren gainetik luzatuko da. Horrela, plazan jarduerak eta ekitaldiak egin ahal izango dira, eguraldia eragozpen izan barik.

Estalki sinple bat izango da, tarteko zutaberik gabea, % 10eko zeharkako malda duena, eta % 8ko luzetarako beste bat. Guztira 940 metro koadroko azalera izango du, 470 metroko isurki bi berdinetan banatuta.

Gainera, hamalau led proiektagailu jarriko dira plaza estalki azpian argiztatzeko.

Esku-orriaren 9.000 ale argitaratu dira eta gaur bertan hasiko dira postontzietan banatzen, inguru hartako auzokideen artean. Eta udal-ekipamenduetan ere banatuko dira.

Herritarren eskaria

Errekalde plaza estaltzeko obrek 7. Barrutiko bizilagunen eskariari erantzuten diote; auzoko jaiak amaitu ondoren hasiko dira eta bost hilabeteetan plaza itxi beharko da. Itxitura obraren eremu zehatzera mugatuko da –haurrentzako jolasak kanpoan geratuko dira, irekita egongo baitira –. 

Hainbat aukera aztertu ondoren, Udalak obraren eremua erabat ixtea erabaki du, egiteko epea murriztu eta inguruko bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko.