Udalerriko leku guztietan irisgarritasuna hobetze eta oztopo arkitektonikoak kentze aldera, Bilboko Udalak igogailu publiko berri bat eraikiko du Moncada kalearen eta Errekalde-Larraskitu errepidearen artean. Horretarako, Udalak 706.140 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne. Aurreikusita dago lanek zazpi hilabeteko iraupena izatea, gutxi gorabehera.
Igogailu bertikal bat eta eskailerak eraikiko dira, inguru horretako aldatsak eta kaleen arteko desnibelak esanguratsuak baitira. Zehazki, obratik hurbilen dagoen eremuan, Moncada kalean eta Errekalde-Larraskitu errepidean, maldak % 7tik gorakoak dira kasu batzuetan.
Hartara, oinezkoentzako ibilbidea irisgarria izan dadin, igogailu berria egingo da. Igogailuak geraleku bi izango ditu eta 6,9 metroko desnibela gaindituko du. 13 lagunentzako lekua izango du eta segundoko metro bateko abiadura hartuko du.
Egituraren aldetik, nukleo bertikala eta egitura metalikoa izango ditu, beira laminatuz estalita.
Mugikortasun bertikala
Bilbon, une honetan, 72 igogailu publiko daude martxan. Horiei gaur egun egiten ari diren lau jasogailuak gehitu beharko zaizkie -bost Moncada kalekoarekin-: Masustegi auzorako proiektatutako jasogailu inklinatua, bi Zurbaranbarri auzoan eta beste bat Harrobi plazaren eta San Frantziskoko Kontzezio kalearen artean.
Era berean, dagoeneko esleituta dagoen eta laster abiatuko den beste proiektu bat dago: San Adriango igogailua, Urretxindorra ikastolaren ondoan; eta beste bat, lizitazio fasean: Fika eta Iturribide kaleen artean eraikiko dena.