Udako oporrak direla eta ikastetxea hutsik dagoela aprobetxatuz, Bilboko Udalak hobekuntza-lanak egingo ditu Errekalde auzoko Gabriel Aresti eskolan. Horretarako, Hezkuntza sailak 870.000 euroko aurrekontua bideratuko du. Egingo diren lanen artean nagusienak gimnasioan estalki berri bat eraikitzea eta eraikin nagusiaren hegalak birgaitzea dira.
Zehazki, gimnasioaren estalki lauaren estankotasuna hobetu nahi da, ura barrura iragaztea eragozteko. Horregatik, isuri biko beste teilatu inklinatu bat egitea aukeratu da, eta aurrekontua 136.655 eurokoa da.
Eraikin nagusiari dagokionez, egiten ari diren obrarekin fatxada guztietan zehar solairu bakoitzaren parean dauden hegalak konpondu egingo dira, oso hondatuta daudelako, eta metalezko barandak berriztatu, segurtasuna bermatzeko. Jarduketa horretarako, 733.900 euroko inbertsioa egin beharko da.
Bilboko Udaleko Hezkuntzako zinegotzi Eider Bilbaok adierazitakoaren arabera, eskola publikoak "lehentasunezkoak" dira bere ardurapeko sailarentzat, eta gehitu duenez, "hezkuntza-leku zainduak eta babestuak izan behar dute. Horregatik, behar diren baliabideak inbertitzen ari gara, ikastetxeak ondo egokitzeko eta ikasleentzat segurtasun- eta erosotasun-guneak izateko". Gainera, adierazi du Bilboko eskolek "balio historikoa, arkitektonikoa, soziala eta ingurumenekoa ematen diotela gure hiriari, eta, beraz, ondare hori zaintzen jarraitu behar dugula".
Gabriel Aresti ikastetxean egin beharreko hobekuntza-lan horiek abenduaren 31 baino lehen egingo dira, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, Udalaguntza 2023 programaren bidez.