Síguenos en redes sociales:

Aste honetan hasiko dira Eretza Mendiaren kalean espaloiak zabaltzeko lanak

Aste honetan hasiko dira Eretza Mendiaren kalean espaloiak zabaltzeko lanakB. U.

Bilboko Udalak 1.235.590 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZa barne, San Adrian auzoko Eretza Mendiaren kaleko espaloiak zabaltzeko. Lanak aste honetan hasiko dira, eta aurreikusita dago zazpi hilabeteko iraupena izatea.

Erreformaren helburua da bidea egungo irisgarritasun araudiaren arabera egokitzea eta oinezkoentzako bideak hobetzea.

Espaloiak zabaltzeaz gain, proiektuaren barruan lan hauek ere egingo dira: oinezkoen pasabideak egokitu, zoladura eta zintarriak berritu eta beharrezkoa den kasuetan, zerbitzu-sareak berritu.

Zehazki, 1 eta 25 zenbakien arteko tartean lan egingo da; 110 metro luze, zati bitan.

Lehenengo zatia Kanpazargana eta San Adrian kaleen artekoa da. Bidea 3,90 metro zabal da, errei bakarrekoa eta zirkulazio-noranzko bakarrekoa; aparkalekuak zeharkakoak, atarien aldean, eta lerroan, beste aldean. 

Bigarren zatia, San Adrian eta Julia Meategiaren artekoa, lehenengoaren antolaera berekoa da, baina aparkalekuak alderantzitara ditu: lerroan, atarien aldean, eta zeharka, beste aldean.

Orain hasiko diren obrek aukera emango dute espaloiak eremu osoan zabaltzeko. Zehatz esateko, 3,60 metro inguruko espaloiak sortuko dira albo bietan eta zirkulaziorako erreia estuagoa izango da; eta aparkalekua lerroan izango da.

Espaloietan, gris koloreko Bilbao motako baldosak ipiniko dira eta errematea granitozko zintarriarekin egingo da. Oinezkoen pasabideetan, norabide- eta ukimen-baldosak (botoiekin) jarriko dira, kolore gorrikoak. Baldosa hori berori, kolore horikoa, jarriko da autobus geltokian.

Bidearen sestra eta zeharkako maldak beren horretan utziko dira, irisgarritasun parametroen barruan baitaude. Errodadura-geruza fresatu egingo da.

Argiei dagokienez, gaur egungo argien ordez LED motakoak jarriko dira, fatxadetako argiak kenduko dira eta argi-puntuak kalera jaitsiko dira; aldaketa horiekin eremu horretako argiztapena indartu egingo da. Gainera, urbanizazio berriarekin, argiteriaren kanalizazio osoa berrituko da. Era berean, saneamendu- eta hornidura-sareak erabat berrituko dira.

Auzokide Plana

Eretza Mendiaren kalean egingo diren obrak Auzokide Planaren barruan sartuta daude, uriko auzoak hobetzea helburu duen planaren barruan; gainera, 5. barrutiko (Ibaiondo) auzotarrek lehentasuna eman diete lan horiei.