Bilboko Udalak 958.167,67 euroko aurrekontua bideratu egin du Uribarriko Okendo Almiranteen kalea eta Orreagako Guduaren kalea hobetzeko. Bada, lan horiek amaitu egin ditu jada.
Obren ondoren kaleak zelan geratu diren ikusteko, hara joan dira gaur goizean Juan Mari Aburto alkatea, Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotzia, Kepa Odriozola Obra Publikoetako eta Zerbitzuetako zinegotzia eta udal korporazioko beste kide batzuk.
Hiri-berrikuntzara bideratutako esku-hartze horrek 4.200 m2-ko eremua eta zenbait kale hartzen ditu. Hala, Okendo Almiranteen eta Orreagako Guduaren kaleak erabat berritzeaz gain, beste kale hauetan ere egin dira lanak: Calixto Leguina kalea, Trauko kalea, Arno Mendiaren kalea –Calixto Leguina kaletik Trauko kalera– eta Izaro Mendiaren kalea –eskoletatik Trauko kalera–.
Obra horien barruan hauek egin dira: espaloiak handitzea, eskailerak eta barandak berritzea –irisgarritasunari buruzko araudia betetzen ez den lekuetan–, zintarriak eta ur-erretenak ordeztea, asfaltoa konpontzea, bide-zoruak eta zoladurak berritzea, euri-uren kanalizazio berriak egitea, saneamendua... Gainera, ibilgailuen zirkulazioa berrantolatu da, oinezkoen ibilbideak sortzeko eta berdegune eta landare-eremu gehiago jartzeko. Guztira, 18 zuhaitz gehiago egongo dira eremuan.
Horrekin guztiarekin, Udalak bi helburu lortu nahi ditu: Trauko kaleko merkataritza-ardatza sendotzea eta eskolen eta Etxebarria parkearen arteko lotura hobetzea.
Trauko kaleko merkataritza-ardatza sendotzea
Helburu hori lortzeko, jarduera hauek gauzatu dira, besteak beste:
- Errodadura-geruza zabaltzea Arno Mendiaren kaleko galtzadan.
- Espaloiak zabaltzea, 2 metroko pasabide librea lortu arte.
- Eskailerak egokitzea, irisgarritasun-araudia betetzen dela bermatzeko.
- Zabor-edukiontziak birkokatzea, ez dadin oztopo bisualik egon Trauko kaleko oinezkoentzako gunearen hasieran.
- Zuhaitz gehiago landatzea.
Eskolen eta Etxebarria parkearen arteko lotura hobetzea
Orreagako Guduaren kalea oinezkoentzat izango da oso-osorik, eta horrela bermatu egingo da ez dagoela ibilgailurik eskolara bidean. Hala, pasatzeko baimena dutenak, udal-zerbitzuak eta larrialdi-zerbitzuak bakarrik sartu ahalko dira kale horretan.
Kale hori zuhaixka-landarez hornitu da luzetara, eta bankuak eta zuhaitzak jarri dira bi muturretan.
Aldiz, Izaro Mendiaren kalea oinezkoentzat izango da partzialki, eskolekin muga egiten duen tartean. Era berean, zuhaitzak jarri dira jardinera zirkularretan, bi funtziorekin: bankua izatea eta egoteko gunea izatea.
Horren ondorioz, Okendo Almiranteen kalean "u" itxurako bira bat diseinatuko da ibilgailuen trafikoa desbideratzeko.