Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du ekainaren 28an ospatuko den LBTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin. Hala, arlo horri buruz sentsibilizatzeko hainbat ekintza abiarazi egin ditu Udalak, norbanakoen eskubide eta askatasunen alde, LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ulertu eta onar dadin.
Aurten ere, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Gizartean eta legeetan aurrerapen handiak egin diren arren, ikus dezakegu gorrotoaren diskurtsoek gora egin dutela mundu osoan, eskubideen aurkako mugimenduak bultzatuta, eta indar handiz errotu direla gizarteko sektore zenbaitetan. Hori dela-eta, aniztasuna ardatz estrategiko duen hiria garen aldetik, eta giza eskubideekiko eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideekiko konpromisoa dugun aldetik, aurrerapauso bat eman behar dugu, geure jarrera argi eta garbi erakutsi, eta harrotasunez esan pertsonek askatasunez izateko, sentitzeko eta maitatzeko duten eskubidea errespetatzen dugula Bilbon, esan du Kontxi Claver Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak.
Lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersex pertsonekiko konpromiso horren aurrean, Udalak sentsibilizazio-kanpaina berri bat sustatu du egunotan, Bilbo hiri inklusibo, ireki eta segurua dela erakusteko bilbotarrei eta bisitariei, Kontxi Claverrek azaldu duenez.
Bilboko baldosa LGTBIQ+
Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunean (martxoaren 31), Lesbianen Ikusgarritasunaren Egunean (apirilaren 26a) eta Homofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean (maiatzaren 17a) egin zen bezala, Bilboko baldosan -uriaren elementu bereizgarria da- oinarritutako irudi bat diseinatu da, ortzadarraren banderaren koloreekin, horixe baita LGTBIQ+ kolektiboaren bereizgarria.
Sormen-lan hori hainbat euskarri fisikotan zabalduko da, hala nola hiri-altzarietan, udal-egoitzetako pantaila digitaletan eta www.bilbao.eus webgunean, bai eta Udalak sare sozialetan dituen kontuetan ere.
Uria ortzadarraren koloreekin argiztatuta
Era berean, Bilbao Bizkaia Harro –Bilbao Bizkaiaren harrotasuna– ekitaldiarekin batera, ekainaren 20tik ekainaren 28ra, LGTBIQ+ banderaren koloreekin argiztatuko dira Casilda Iturrizar parkeko Pergolako iturria eta Abandoibarrako farolak.
Bestalde, Udaletxeko fatxada ostadarraren koloreekin apainduko da ekainaren 27ko eta 28ko gauetan, egun hori LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna baita.
Bilbao Bizkaia Harro
Bilbao Bizkaia Harro Ortzadar LGBT Elkarteak antolatzen du, Bilboko Udalaren laguntzarekin. Ekimen horren barruan, 70 kultur jarduera –herri kirolak, memoria historikoa...– eta jai-jarduera baino gehiago programatu ditu aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-identitatearen aldeko aldarrikapena egiteko. Zazpi Kaleetako (Areatzako kaia, San Nikolas...) eta Kale Nagusiko hainbat gunetan egingo da uriko ekitaldi hau.
Zinegoak, Bilboko Gay-Lesbi-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko XXI. Jaialdia ere egun horietan egingo da Bilbon, ekainaren 24tik uztailaren 1era bitartean, hain zuzen ere. Udalak laguntza ematen dio jaialdiari, Lesbianismo eta Genero Sariaren bidez. Sari horren helburuak dira emakume lesbianen eta bisexualen parte-hartzea sustatzea gizartean, oro har, eta LGTB komunitatean, bereziki, eta istorio lesbikoak eta emakumeek eremu horretan egiten duten lana ikusaraztea, eta salaketa sozialean eta giza eskubideen aldeko borrokan laguntzea.
1969tik
Urtero legez, Stonewalleko (New York) istiluak gomutatzen dira ekainean. 1969ko istilu haiek eman zieten hasiera LGTBIQ+ aldarrikapen- eta borroka-mugimenduei, identitatea eta sexualitatea duintasunez bizitzeko eskubidearen alde. Egutegian markatutako data hori gogoan, Bilboko Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekainaren 28ko egunaren harira egiten diren kanpainan, mobilizazioetan eta aldarrikapen-jardueretan aktiboki parte hartzera.
Sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko apustua Udalarentzat estrategikoak diren bi proiekturen barruan sartzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH). Horien bidez, balioak garapen-eragile dituen hiri bat eraikitzeko lan egiten da.