'Marijaia eta gehiago', 'Jaietara atera! / ¡Sal a las fiestas!', 'Síntesis', 'Azul agosto', 'Labios' eta 'GORA MARIJAIA' lanak dira Aste Nagusiko kartel lehiaketako sei finalistak. Epaimahaiak astearte honetan goizean eman ditu ezagutzera obren izenak. Aste honetan zehar, ekainaren 17ra arte konkretuki, eman ahal izango da botoa.
303 lan aurkeztuta
Lehiaketara hainbat jatorritako diseinu grafikoko profesionalek (172) eta amateurrek (131) egindako 303 lan aurkeztu dira. 87 lan bilbotarrek aurkeztu dituzte; 54 lan, berriz, Euskadiko gainerako lurraldeetakoak ziren, eta 145, berriz, Estatukoak. Era berean, hainbat herrialdetako profesionalen 17 lan jaso dira, tartean herrialde hauetakoak: Peru, Kuba, Errumania, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Brasil, Ekuador, Bolivia eta Finlandia,
Kartel finalisten lehen hautaketa hauek osatutako Epaimahaiak egin du: Itziar Urtasun Jai Zinegotzi eta Jai Batzordeko Presidenteak; Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziek; Alicia Fernández Rekalde Aretoko Zuzendariak; Eder Aurre moda-diseinatzaileak; Elena Guerra sortzaile digitalak eta komunikazioan eta marketinean adituak; Ibai Sánchez Telebilbaoko aurkezleak eta erreportariak; eta Bilboko Konpartsetako ordezkari bat. Gainera, aurtengo edizioan, Borja Sanz Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko doktorearen adimen artifizialaren erabilerari buruzko aholkularitza izango du Epaimahaiak.
Hautaketan, epaimahaiak kontuan hartu ditu bai gauzatzearen kalitate teknikoa, bai gaien originaltasuna eta aniztasuna, bai generoaren eta sexu-orientazioaren irudikapenaren aniztasuna, jatorria eta kultura, dibertsitate funtzionala, adina, klase soziala eta abar, rolak eta estereotipoak saihestuz.
Berrikuntza gisa, aurten, kartela egiteko Adimen Artifizialeko (IA) sistemen erabilerari buruzko ohar bat jaso dute oinarriek: "irudiaren egileak Adimen Artifizialean oinarritutako sorkuntza-tresnen erabileraren berri eman beharko du, kartela formalizatzean duen esku-hartzearen maila zehaztuz eta jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzen direla bermatuz." Halaber, adierazi dutenez, "balorazioari dagokionez, giza esku-hartzea Adimen Artifizialaren (IA) erabileraren gainetik egongo da".
Herritarren proiektua
Sei kartel finalistak aukeratuta, ekainaren 17tik 23ra bitartean herri-bozketa egingo da.
Ohikoa denez, Bilboko Udalak, Aste Nagusiaren irudia aukeratzerakoan herritarren parte-hartzea sustatzeko, bozketa sistema mistoa proposatzen du:
- Aurrez aurreko bozketa Abandoko Barrutiko Udal Zentroan (Barrainkua kalea 5). Bertan egongo dira ikusgai kartel finalistak eta 08:30etik 21:30era parte hartu ahal izango da, astelehenetik ostiralera. Botoa emateko, pertsonek egiaztagiriren bat aurkeztu beharko dute, hala nola NANa, gidabaimena edo antzekoa.
- Online bozketa, Bilboko Udalaren web orriaren bidez.
- Bestalde, epaimahaia berriro bilduko da bere lanik gustukoena aukeratzeko.
Aurreko edizioetan bezala, herri-bozketa erabakiaren balioaren %66 izango da, eta gainerako % 33a epaimahaiari egokituko zaio.
Kartel irabazlea hiru bozketa horietatik puntuaziorik handiena lortzen duena izango da, eta 3.000 euroko saria jasoko du eskudirutan, Aste Nagusia 2024 ordezkatzeaz gain.
Epaia ekainaren 25ean jakinaraziko da.