42 metroko auto-eskala, urruneko kontrol bidezko itzalketarako robota eta laguntza logistikorako edukiontzia, erabilera anitzeko furgoi berri bat eta beste hainbat gailu erosi egin ditu Bilboko Udalak suhiltzaileen zerbitzuak modernizatze aldera.

Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziak azaldu duen moduan, "gure profesionalek ematen duten zerbitzuaren jarduteko gaitasuna hobetzen dute, suteak itzaltzeari, erreakzioari eta hainbat gorabeherari aurre egiteko moduari dagokienez".

Zinegotziaz gain, elementu horien aurkezpenean izan dira Enrique Rincón Babes Zibileko zuzendaria eta Ignacio García Urquizo ekintzetako burua ere.

Auto-eskailera

Inbertsiorik garrantzitsuenetako bat izan da auto-eskailera daukan ibilgailu berria jabetzan erostea (Magirus M42L-AS motakoa), altuerako erreskate-ekipoa eta suteak itzaltzeko sistema dauzkana.

Kamioi horrek 42 metroko eskailera automatikoa dauka –hamalau solairu arteko eraikinetara iristeko aukera ematen du–, eta azken tartea artikulatua da; Udalak 961.209 euro bideratu ditu hori erosteko.

Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuak 30 metroko altuera duten hiru auto-eskailera dauzka gaur egun, eta 42 metroko altuera duen auto-eskailera berri horrek nabarmen hobetzen ditu bere gaitasun operatiboak.

Salbamendurako saskia dauka, lau pertsona (400 kilo) sartzeko modukoa eta metro karratu bat baino gehiagoko eremu erabilgarrikoa. Saskiak hainbat elementu dauzka: argiztapen-fokuak, argindar-hartuneak erreminta elektrikoekin lan egin ahal izateko, segurtasun-ainguraketako sistema barneragarriak estalkien gainera modu seguruan ateratzeko eta lan egiteko, ustekabeko erorketak saihestuz. Gainera, eta besteak beste, 150 kilo arteko pertsonak ebakuatzeko ohatilak ainguratzeko puntuak dauzka, eta ohatila moldagarria pisu handiagoko pertsonentzat.

Auto-eskailera berriak minutuko 1.900 litroko arteko emaria dauka suteak itzaltzeko.

Urruneko kontroleko robota

Era berean, duela gutxi, Suhiltzaileen Zerbitzuak robot bat eskuratu du, urruneko kontrolaren bidez zuzendua. Robot hori, tamaina txikikoa izanik, irispide zaileko espazioetan, espazio murriztuetan eta espazio itxietan jarduteko diseinatu da, esaterako lurpeko garajeetan, tuneletan edo galerietan, igogailuetan edo egoera bereziki arriskutsuetan. Elementu horrek nekagarritasuna eta arriskua murrizten laguntzen du eta, ondorioz, profesionalentzako segurtasun-marjinak handitzen.

Gehienez 200 metroko distantziatik erabil daiteke eta minutuko 1.100 litroko emariko ur-kanoia dauka. Halaber, aspertsoreak dauzka, tenperatura altuen aurrean babesteko eta hozteko ur-errezela ematen dutenak, eta perimetroko eta laneko argiztapen-sistema dauka.

Robot horretan 15.270 euro inbertitu dira.

Laguntza logistikorako edukiontzia

Azkenik, Bilboko Udalak laguntza logistikorako edukiontzia eskuratu du esku-hartze konplexuetarako, 130.229 euro ordainduta.

Askotariko kasuistikako esku-hartzeak, adibidez, gaur eguerdian Amaia Arregik adierazi duen moduan: "esaterako errepideko edo trenbideko tuneletako suteak, garajeetako suteak, su konplexuak edo iraupen luzeko suteak, edo arrisku nuklear, erradiologiko, biologiko eta kimikoko gertakariak".

Horregatik, ekipo espezifikoak dauzka horrelako esku-hartzeetarako. Adibidez, arnasketa autonomoko ekipoak; emari handiko aireztapenerako eta emari handiko keak erauzteko ekipoak; gasetatik babesteko jantzi estankoak, zipriztinen aurkakoak eta babes kimiko, biologiko eta erradiologikokoak; gai arriskutsuen ihesen aurrean eusteko eta buxatzeko ekipoak; argiztatzeko eta balizatzeko ekipoak; aginteko eta kontroleko postuak eta abar.

Suhiltzaileen zerbitzua

Iaz, Herritarren Segurtasuneko Babes Zibileko Zuzendaritzak 3.464 abisu jaso zituen orotara. Horietatik, 1.749 (% 50,49) laguntza teknikokoak izan ziren (ateak irekitzea, itxiturak, gas-ihesak, elementuak bide publikora erortzea, uholdeak...), 944 (% 27,25) salbamenduak izan ziren eta gainerako 771 (% 22,26) suteak itzaltzearekin lotutako esku-hartzeak izan ziren.

Suteengatik izandako abisu horien artean, gehien-gehienetan kalean jardun beharra izan zen (361 abisu, guztira), edo etxebizitzetan (320, guztira).